Arabako emakumeak lanean, 1890-2000 argazki erakusketa

Oihaneder Euskararen Etxeak Arabako Emakumeak Lanean, 1890-2000 argazki erakusketa sortu du. Aritza Sáenz del Castillo ikerlariaren jatorrizko ideian oinarrituta, Arabako emakumezkoek XIX. mendearen amaieran eta XX. mendean zehar sektore ekonomiko ezberdinetan izandako presentzia islatzen du 44 iruditan. Bisita gidatu batek inauguratu zuen erakusketa martxoaren 2an. Apirilaren 2ra bitartean egongo da ikusgai.

arabako-emakumeak-lanean_moztuta Arabako emakumeak lanean argazki erakusketak emakume arabarrek lurraldearen garapen ekonomikoan eta sozialean izandako garrantzia azpimarratu nahi du. Biltzen dituen 44 argazkiak hamarkadaka daude antolatuta, 1890etik 2000. urtera bitartean. Zehazki, historiako lau epealdi nagusitan daude banatuta: Borboien Berrezarkuntza, II. Errepublika, Frankismoa eta Trantsizioa-Demokrazia.

Oihaneder Euskararen Etxeak sustatutako erakusketa hau Aritza Sáenz del Castillo ikerlari gasteiztarraren jatorrizko ideian dago oinarrituta. Iker Durana Oihanederreko teknikariak zehaztu bezala, “Aritzaren Las Damas de Hierro izenburuko tesia du abiapuntu. Orain urtebete, bere lana hemen aurkeztera gonbidatu genuen. Gaia beste modu batean jorratzeko proposamena luzatu zigun berak, publiko zabalagora iriste aldera. Ideia interesgarria iruditu zitzaigun eta elkarrekin proiektua lantzeari ekin genion”.

Erakusketak Vitoria-Gasteizko Udalaren Berdintasunerako Zerbitzuaren laguntza izan du. Jaione Agirre Berdintasunerako zinegotziaren hitzetan “Oihanederretik ekimen hau proposatu zigutenean, argi izan genuen Berdintasunaren Zerbitzuak ekimen honetan parte hartu behar zuela. Arabako eta Gasteizko emakumeek garapen ekonomikoan eta sozialean izandako paperaren inguruan hausnartzera garamatza erakusketak, askotan isilduarazitako gogoetara. Emakumearen Egunaren programazioaren barruan sartzeko zalantzarik ere ez genuen izan”. Halaber, Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboa, Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia eta Sancho el Sabio Fundazioarekin egindako elkarlanaren emaitza da. “Agiritegietan emakumezkoen ogibideak era bikainean erretratatuak agertzen ziren argazki oso esanguratsuak topatu ditugu. Bidean geratu diren asko datozkit burura, baina erakusketa honetan daudenak asko dute esateko” azaldu du Aritzak.

argazkiak-oihaneder-ikurraMartxoaren 2tik apirilaren 2ra egongo da ikusgai Oihaneder Euskararen Etxeko lehen solairuko erakusketa aretoan. Bisita gidatu batek inauguratuko zuen martxoaren 2an. Bertan Sáenz del Castillo argazkien testuinguru historikoaz aritu zen “argazkiak garai baten lekuko mutu bilakatuko dira. Argazkietatik haratago joan eta garai bakoitzeko gizartean emakumezkoek jokatzen zuten eginkizuna aztertu zen”. Duranak irudien aukeraketaren nondik norakoak azaldu zituen.

Bestalde, martxoaren 9an Emakumeak eta Lana: Harreman banaezina historian zehar izeneko hitzaldia izango da. Bertan Gasteizko emakumeen historia garaikidea birpasatuko du Aritzak. Emakumezkoen lana abiapuntu eta ardatz izanik, hauek gizartean duten eginkizuna aztertuko eta gizartean duten protagonismoa aldarrikatuko da.

* Ordutegia: Asteartetik ostiralera: 19:00-21:00 / Larunbatetan: 12:00-14:00 eta 19:00-21:00 / Igandeetan: 12:00-14:00.

Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara

Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara izeneko ziklo berria martxan da Oihanederren. Hilean behin, igande arratsaldetan, diziplina anitzetako euskarazko ikuskizunak ekarriko ditu Euskararen Etxera. Orain hilak ditugu ikuskizun literarioarekin abiatuko da otsailaren 19an, Karmele Jaio protagonista eta Triku Villabella, Aitor Agirre eta Ander Elorza lagun dituela. Martxoan Xabier Montoiaren txanda izango da eta apirilean Elena Odriozolak, Maite Gurrutxagak eta Helena Azkarragaurizarrek beteko dute eskenatokia Ilustrazioek hitz egiten dutenean saioa taularatzeko.

saski-naski_orain-hilak-ditugu_webOihanederren oinarrizko asmoetako bat euskal sortzaileei beren lanak ezagutarazteko plaza eskaintzea da. Euskal kulturaren inguruan urtean zehar sortzen diren proiektu artistiko ezberdinak ugariak eta anitzak dira eta etxe honek ahalik eta gehienei leku egin nahi die. Horiek horrela, proposamen artistiko desberdinak eskainiz, Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara betetzen joatea da asmoa. Otzara edo otarra, bere baitan hartu nahi dituelako euskaraz sortzen diren produkturik onenak, berritzaileenak, orijinalenak. Saski Naskia, denetarik sartu nahi delako, hala ikuskizun literarioa nola zuzeneko ilustrazio saioa;  dela antzerki esperimentala edo magia ikustaldia. Euskal Herrian sortzen diren euskarazko ikuskizun artistiko ezberdinen erakusleihoa izatea da asmoa. Hilean behin egingo da, igande arratsaldetan 19.00etan, asteko azken orduei eskaintza kulturala egin asmoz.

Saski Naski otsailaren 19an abiatuko da Karmele Jaio idazlearen Orain hilak ditugu poema liburuan oinarritutako ikuskizun literarioarekin. Karmele Jaio bera eta bi musikari oholtza gainean: Aitor Agirre eta Triku Villabella. Hirurek, Ander Elorzaren irudiak lagun, Jaioren unibertso poetikoa gozaraziko digute.

Martxoaren 19an beste gasteiztar handi baten txanda izango da, Xabier Montoia idazle eta musikariarena, hain zuzen ere. Ez da ohiko kontzertua izango, Bilbo aldean abian jarritako Izar  & Star VII  egitasmoarekin bat egingo duen musikaldia baizik. Xabier Montoia VS  No english, please izeneko ikuskizunean ingelesa ez den beste 8 hizkuntzatan abestuko dituzte hainbat bertsio; katalanez, italieraz, frantsesez, galegoz, alemanez… Xabier Montoiaren abesti propioak, Caetano Veloso, Maria del Mar Bonet, Kurt Weill eta beste batzuen kantekin tartekatuko dituzte Xabierrek berak, Ibon Rodriguezek eta Itziar Lertxundik.

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna aitzaki, letretera itzuliko gara, literaturara eta liburuetako ilustrazioetara, hain zuzen ere. Galtzagorri haur eta gazte literaturako elkartearekin elkarlanean eta Mikel Ayerbe koordinatzaile lanetan, Ilustrazioek hitz egiten dutenean zuzeneko emanaldia izango da hiru ilustratzailerekin, hirurak emakumeak: Elena Odriozola, Maite Gurrutxaga eta Helena Azkarragaurizar.

Aurrerago ikuskizun gehiago izango dira. Oraingoz Saski Naskiko produktu kultural hauek izango dira datozen igande arratsaldeen gozagarriak.

Gizarte etxeetako ikastaro artistiko eta kulturalen programazioa osatzeko proiektuen deialdiak

Gasteizko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak, Kultura Zerbitzuaren bitartez, proiektu-poltsak osatzeko deialdien berri ematen du, proiektu horiekin gizarte etxeetako 2017-2018 denboraldiko ikastaro artistiko eta kulturalen programazioa osatze aldera. Deialdiak honako hauek dira:

  • Jarduera Artistikorako Hastapen Ikastaroak: hainbat diziplinatako tekniketan trebatzeko saio praktikoak (arte eszenikoak, arte plastikoak, eskulangintza, dantza, irudia, literatura, musika). Oinarriak ikusteko, klikatu hemen.
  • Kultur Ikastaroak: adituek emandako ikastaro teorikoak, herritarrek kulturaren hainbat alorretako ezagutzak izan ditzaten. Oinarriak ikusteko, klikatu hemen.

Bi deialdiotan proiektuak aurkezteko epea otsailaren 10etik 28ra egongo da zabalik.

‘Gasteizen Bai’ Merkataritzaren eta Euskararen Astea

Gasteizko Udalak ‘Gasteizen Bai‘ leloa duen Merkataritza eta Euskararen Astea antolatu du. Hiriko merkataritza eta ostalaritzaren alorretan euskara bultzatzea helburu duen programa otsailaren 4tik 12ra gauzatuko da.

Udaleko Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak azaldu ditu astearen nondik-norakoak eta programa ezagutzera eman du. Udaleko Enplegu eta Garapen Iraunkorreko zinegotzi Nerea Melgosak bere sailaren eta Euskara Zerbitzuaren lankidetza azpimarratu du. Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak erakunde publikoek merkataritza eta ostalaritzan euskarak presentzia handiagoa izan dezan eskaintzen dituzten zerbitzuak errepasatu ditu. Eta, horren ostean, Aenkomer merkatarien federazioko Edurne Parrok halako ekimenek merkataritzari balio erantsia emateko eta prestigiatzeko duten garrantzia azpimarratu du.

Kazetari eta bertaratutako eragileei azalpen guztiak eman ostean, bultzatzaileek ‘Gasteizen Bai’ kanpainaren keinua eginez argazkiak atera dituzte, Udaleko Euskara Zerbitzuak, kanpaina honen baitan, instagram-en abiarazi duen lehiaketari hasiera emanez.

Kanpainaren xehetasunak

Udaleko Euskara Zerbitzutik antolatutako Merkataritza eta Euskara Astearen helburua da arlo hauetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea. Programa otsailaren 4tik 12ra bitartean gauzatuko da gure hiriko hainbat lekutan.

Testuingurua

Dakizuen bezala, Vitoria-Gasteizko Udalaren Euskararen Biziberritzeko Plan Nagusian 2013-2017 epealdian nabarmendu egiten da merkataritzak eta ostalaritzak garrantzia berezia dutela, beren eragina egunerokoan biztanle guztiengana heltzen delako, eta hiriaren hizkuntza paisaian pisu espezifiko handia dutelako.

Merkataritza eta ostalaritza arloetan funtsezkoa da zerbitzu ona eskaintzea eta bezeroak ondo artatzea negozioa arrakastatsua izateko. Horren bidean dihardute hiriko merkatari eta ostalariek. Gainera, Gasteizko errealitate linguistikoa ari da aldatzen euskararen mesedetan, eta establezimenduen kudeaketa linguistikoan laguntzeko asmoz Udalak urte batzuk daramatza hainbat zerbitzu eskaintzen (errotulazioa aldatzeko diru-laguntzak, itzulpen zerbitzua dohainik, langileentzako euskara ikastaroak).

Testuinguru honetan, Merkataritza eta Euskararen Asteak balioko du hiriko hainbat profesionalek euskararen alde egin dituzten, egiten dituzten eta egingo dituzten pausoei merezitako aitortza egiteko, gero eta handiagoa den ahalegin horri ikusgarritasun handiagoa emateko, eta sektore hauetako beste profesionalei eta hiritarrei euskararen aldeko keinuak egitera gonbidatzeko.

Mezu baikorra eta keinua

Asteari mezu baikorra gehitu diogu, euskararekin guztiok irabazten dugulako: sektore horietako profesionalek, hiritarrek eta hiriak berak. ‘Gasteizen Bai, merkataritzari, ostalaritzari, euskarari’ leloarekin, keinu positiboa eginez, guztion artean hiri hobeagoa egingo dugulako.

Bai aitortza da, konpromisoa.
Bai da laguna, bezeroa hartzen dugun modua.
Bai bizitza ikusteko modua ere bada.
Bai keinu bat da.

Baikortasunaz gain, keinu kontzeptua hartu dugu ardatz, bere txikitasunean indarra duena. Hori erabiltzea erabaki dugu Vitoria-Gasteizko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta euskararen aldeko pauso eta jarrera txikiek ere balio handia dutelako. Hiritarron, profesionalen… edozein keinuk batu egiten du, ezinbestekoak dira.

50 euroko erosketa-bonoen zozketa

Eta keinuarekin lotuta, hirian zeresan handia duten baina askotan instituzioetatik urrun sentitzen diren gazteei ere arreta berezia eman nahi izan diegu. Gazteak zein nagusiagoak gonbidatu nahi ditugu eskuarekin kanpainako leloa den ‘bai’ keinua eginez argazkia egin eta instagramera igotzeko #gasteizenbai hashtag-a erabilita. Parte-hartzaileen artean ere sariak izango dira: argazkiak igoko dituztenen artean 50 euroko erosketa-bonoak zozketatuko ditugu.

Programazioa

Aste osoaren programazioa gasteizenbai.eus webgunean kontsulta dezakezue eta ez dago esaterik hiritar oro ekintzetan parte hartzera gonbidatuta dagoela.

Otsailak 4, larunbata. Argazki erraldoia egingo dugu. San Frantzisko aldapan, farola handian. 14:00etan. Animatu eta parte hartu argazkian!

  • Otsailak 8, asteazkena. Kike Amonarriz soziolinguistak ‘Euskarak merkataritzari eta ostalaritzari ematen dion balio erantsia’ hitzaldia egingo du Oihanederren 20:30ean.
  • Otsailak 9, osteguna. Antso Jakitunaren kalean kale-antzerkia izango da, 20:00etan.
  • Otsailak 10, ostirala. Hiriko ostalaritza eta merkataritzako hiru negozioei aitorpena egingo diegu Nurat abesbatzaren laguntzarekin, 18:30etik aurrera.
  • Otsailak 11, larunbata. Txanogorritxu ipuin kontaketa musikatua, El Boulevard merkataritza gunean, Alaia Plazan, 17:30ean.
  • Otsailak 12, igandea. Graftiti margoketa, Artium alboan. 12:00etatik aurrera.

Gozatu asteaz eta egin keinu bat euskararen eta hiriaren alde, Merkataritza eta Euskararen Aste honetan zein egunerokoan.

Instagrameko zozketa

‘Bai’ keinua eginez igo zure argazkia instagram-era #gasteizenbai hashtag-a erabilita. 50 euroko erosketa-bonoak zozketatuko ditugu.

Begi Belarri, euskal ikus-entzunezkoak mugarri

GEU elkarteak iaz abiatutako Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloak bidelagun berria du aurten; Oihaneder Euskararen Etxea. Jon Maiak estreinatuko du urtea bere azken lanarekin: “GUtik ZURA. Iragana, oraina eta etorkizuna”. Urtarrilaren 25ean 19:00etan izango da. “Basker”, “Mugaminak”, “LABURBIRA 2017”, “Arrakala” eta “Maitia nun zira?” lanek osatuko dute ikasturteko kartela.

begi-belarri-kartela-17GEU elkarteak iaz abiatutako Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloak urrats berriak emango ditu aurten. Izan ere, Oihaneder Euskararen Etxea ekimenera batu, eta eskaintza egonkortu eta sendotze aldera, hilabetero film-dokumental bat eskainiko da. Salbuespenak-salbuespen, emanaldiak hilaren azken asteazkenetan izango dira arratsaldeko 19.00etan. Iaz bezala emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da eta bestetik, filmearen zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da.

Urtarrilaren 25ean Jon Maia bertsolari, idazle eta zuzendariak bere azken lana aurkeztuko du: “GUtik ZURA. Iragana, oraina eta etorkizuna”. Film honen helburu nagusia basoaren, zuraren eta euskal gizartearen arteko harremanek izan duten, gaur egun duten eta izango duten balioa gizarteratzea da.

 Otsailaren 22an “Basker” dokumentalaren txanda izango da. Bi suediar dokumentalistek 60ko hamarkadan euskal kulturari buruz egindako lanak ustekabean topatu ostean, eskuratu eta, EHUko Mikel Laboa katedrarekin, ikerketari ekin zion Argibel Eubak. Otsaileko saioan ikerketa horren nondik-norakoak hurbilduko dituzte Eubak berak eta Mikel Laboa Katedrako kidea den Gidor Bilbaok.

Martxoan bi saio izango dira. 14anLABURBIRA film laburren jaialdia” ospatuko da, Euskaldunon Topagunearen eskutik urtero antolatzen den film berrien zirkuitua.  29an Amets Arzallusek “Mugaminak” lana aurkeztuko du, Txipreko gatazkaren testuinguruan kokatutako dokumentala.

Apirilean “Arrakala: zirrikitu bat haitzean” izeneko lanaren txanda izango da. Saio honetan, proiekzioarekin batera Emagin” dokumentazio eta ikerkuntza zentro feministak tailer bat eskainiko du. Horiek horrela, saioa ohi baino ordubete lehenago hasiko da, 18:00etan eta asteazkenean beharrean asteartean, apirilak 25, izango da.

Maiatzean Lehen Mundu Guda garaiko Alemaniako esparruetako euskal presoen grabaketen ingurukoak jasotzen dituen “Maitia nun zira?”  dokumentala eskainiko da. Elena Canas, Ainara Menoyo, Maider Bedaxagar eta Maite Deliart izango dira proiekzioaren osteko solasaldiko protagonistak.

Ardo dastaketa euskaraz: azken lekuak Salburuko gizarte etxeko ikastaroan

ardo-dastaketa

Leku libreak daude oraindik ardo dastaketaren inguruan Salburuko gizarte etxean euskaraz emango den ikastaroan.

Ikastaroak 7 saio izango ditu, otsailaren 7tik martxoaren 21era bitarteko astearteetan, 19:00etatik 21:00etara. Imanol Sarasola Ormazabal enologoa irakasle arituko da.

Aztertuko diren gaien artean, honako hauek: dastaketaren oinarriak, mahatsaren eta ardoaren osagai nagusiak, usainen sailkapena, koloreak… eta txakolina ere ibiliko da tartean. Teoria eta praktika uztartuz, usainak buruz ikasi eta hainbat ardo mota dastatu egingo dira.

Izena emateko epea zabalik da, bai gizarte etxeetan baita interneten bidez ere.

Mantxako kanaleko ahotsak

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak Mantxako kanaleko guernseyera, Irlandako gaelera, erdialdeko Amerikako lenkera eta Asiako hego-ekialdeko hokkienera hizkuntzak hurbilduko dizkigu 2017an. Guernsey uharteko hizkuntzarekin dugu lehen hitzordua asteazken honetan, urtarrilak 18. Julia Sallabank adituak aurkeztuko du guernseyera 19:00etatik aurrera.

Guernseyera Mantxako uharteetako bat den Guernsey uhartean hitz egiten den hizkuntza normandiarra da. Irla hauek urteetan zehar mantendu dute Britainiar Koroarekiko autonomia eta hori ere arlo kulturalean nabaritu da: ez dira ez britainiarrak ez frantsesak, baina izan litezke. Gaur egun guernseyera ia ez da irakasten eskoletan eta 5.000 hiztunera ere ez omen da iristen, azken hamarkadan hizkuntzaren aldeko ekimenak abiatu diren arren.

julia-sallabank_webJulia Sallabank adituak aurkeztuko du hizkuntza. Julia Londresko SOAS Unibertsitateko irakaslea da, hango Hans Rausing Endangered Language Program-en baitan. Guernsey-koa zuen ama eta hortik sortu zitzaion gerora hizkuntza ikasi eta aztertzeko gogoa. Geroztik, guernseyeraren aldeko hamaika ekimenetan jardun da. Ikerlari bezala, hizkuntza biziberritzea eta hizkuntza plangintza eta politika ditu ikergai nagusi, bereziki ikuspegi soziolinguistiko batetik abiatuta. Hizkuntza biziberritzearen esparrua teorizatu gabe dagoela ebatzita, eremu hori ‘intelektualizatzen’ dihardu. Idazle oparoa da eta iaz “Cambridge Handbook of Endangered Languages” argitaratu zuen, Peter Austin adituarekin batera.

Hitzaldia ingelesez izango da eta euskararako aldi-bereko itzulpen zerbitzua egongo da. Saio honek Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren laguntza jaso du.

HAM_flyer BHitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu, munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarriz eta ezagutaraziz. Zikloaren lehen ikasturtean, 2015/2016, galiziera, nawatera, galesera, asturiera, tamazightera, gaskoiera eta kurduera hizkuntzak aurkeztu ziren. 16/17 ikasturtean zazpi hizkuntza gutxitu landuko dira. Dagoeneko Ameriketako quichuera, kaqchikelera eta maya yucatekoa, katalana eta aragoiera aurkeztu dira (ikusi zikloaren bloga).

2017an guernseyeraz gain, Irlandako gaelera (Patrick Carlin Ipar Irlandako soziolinguista euskalduna), Erdialdeko Amerikako lenkera (Alan King hizkuntzalaria, itzultzailea eta euskalaria) eta Asiako hego-ekialdea hokkienera (Sim Tze Wei hizkuntza ekintzailea) hizkuntzak landuko dira.

Kantuz eta kontuz ezin gusturago

tailerra_taldea_webAtzo arratsaldean Mikel Markez musikariak gidatutako euskal kantagintza tailerra abiatu genuen. Oihaneder Euskararen Etxeak eta GEU elkarteak elkarlanean antolatutako ekimenak euskal kantagintzaren historian murgiltzeko eta kantuak bizitzeko aukera paregabea eskaintzen digu.

Lehenengo saioan, 60ko hamarkadara arteko euskal kantagintza aztertu genuen. Markezek azaldu zuenez ahotsa da gizakiok izandako lehen instrumentua. Ahotsaren ondoren etorriko lirateke Izturitzeko kobazulo batean aurkitutako hezurrezko txirula eta hortik haratagokoak. Beotibarko kantua omen da dokumentatutako lehen euskal kanta, 1321. urtekoa. Ezin aipatu gabe utzi profazadorak, hildako gizonen gorpuen aurrean kantatzen zuten emakumeak. Testuinguru honetan kokatzen da, hain zuzen ere, Milia Lasturkoa.

mikel-markez_webMikel Markezen hitzetan, euskal eta oro har munduko kantagintzaren lehen iraultza handia inprentarekin batera eman zen. Orduan gertatu zen, esaterako, Etxepareren idatzien lehen zabalpen garrantzitsua. Bigarren iraultza Thomas A. Edisonek fonografo zilindrikoa asmatu zuenean eman zen. Tailerreko parte-hartzaileetako batek argitu zuenez, 1897-98koak dira euskarazko lehen argizarizko grabaketak. Hauen ostean etorriko ziren arbelezko diskoak. Lore jokoak, Etxahun Barkoxe, Iparragirre eta Xenpelar bezalako egile handien aipamena… Ez Dok Amairu mugimenduko ateetan utzi gintuen atariko ederra izan zen atzokoa.

Saioak parte hartzaileak izanik, euskal kantagintzaren historiaren pasarteak birpasatzearekin batera garai bakoitzeko zenbait kantu landu genituen; Eperrak, Atarratzeko gazteluko kanta, Sautrela baita Maritxu kanta ere, euskaldunon lehenetariko kanta erotikoa kontsideratuta dagoena. Erotikoa edo ez, poz-pozik kantatu genuen:

Maiatzera bitartean hilero saio bat egingo dugu. Otsailean single txikietara egingo dugu jauzi. Martxoak 70eko hamarkadako LPak izango ditu protagonista eta apirilak 80ko kasetteak. Amaitzeko, euskal musikak 90eko hamarkadatik gaur egunera izandako bilakaera aztertuko dugu.

Plazer handia!

Ilunabarrean dantzan, Europako eta EHko folkaren plaza

Iaz abiatutako Ilunabarrean dantzan folk dantzaldia Oihanederrera bueltatuko da balfolkari presentzia handiagoa emanez. Urtarriletik apirilera lau saio egingo dira, hilean bat, ostiral iluntzetan. Saio bakoitzean irakasle desberdinek dantza proposamen zehatzak ekarriko dituzte ukitu propioa emanez. Lehen saioa ostiral honetan, urtarrilak 13, izango da 20:00etan. Suitzan bizi den Imanol Zabaleta gasteiztarrak egingo ditu gidaritza lanak.

ilunabarreandantzanaZuzeneko musika, balfolk jaialdietako ohiko dantzen azalpena eta dantza horiek Oihanederreko klaustroaren goxotasunean praktikan jartzea. Hona hemen Ilunabarrean dantzan ekimenaren lehengaiak.

Nika Bitchiashvilik (bibolina), Anton Mimentzak (gitarra) eta Xabi Gonzalezek (whistle-a) osatzen dute Ander Zabaleta trikitilari gazteak gidatutako musikari taldea. Saio bakoitzean 12-15 dantza landuko dira. Horien artean, balfolk jaialdietan ohikoenak diren dantzak egingo dira; scottish, mazurka, bourré, chapeloise, circle circassien, bals eta polka. Horiez gain, Euskal Herrian hain errotutako fandangoa eta arin-arina ez dira faltako. Saio bakoitzean hainbat herritako dantza irakasle desberdinak egongo dira eta bakoitzak dantza proposamen zehatzak ekarriko ditu dantzaldietara.

ilunabarreandantzanb_webUrtarrilaren 13an Imanol Zabaletak, egun Suitzan bizi den gasteiztarrak, gidatuko du saioa. Otsailean Gari Otamendi añorgarraren txanda izango da eta martxoan Miarritzeko Agnés Cecconirena. Apirilean Patxi Montero etorriko da Elgetatik bisitan azken saioa gidatzera.

Balfolk mugimendua Frantzian hasi zen 70. hamarkadan, hainbat ikerlari garai bateko tradizio eta ohitura kulturalak berreskuratzen hasi zirenean. Gaur egun, Belgika, Suitza, Italia, Alemania eta Holandan oso zabalduta dago balfolk mugimendua. Gertuago ere, Katalunian eta Nafarroan, gero eta zaletu gehiago dauzka. “Neo-folk” mugimendu handi batez hitz egin daiteke dagoeneko. Balfolk saioak Europako herri ezberdinetako tradizioan oinarritutako dantza eta musikaren arteko topaketak dira. Adin guztietako jendeari zuzendutako dantza eta zuzeneko musika saioak dira, taldeka zein bikoteka dantzatzen ikastea eta ondo pasatzea helburu dutena. Oinarrizko pausuak oso erraz ikas daitezke eta orduan interakzio eta ñabardura amaigabeen mundu batean murgiltzen da dantzaria. Balfolkean zuzeneko musikak garrantzia handia du, erro tradizionalekoa zein garikideagoa, baina musikarien eskuetan baino, publikoaren oinetan dago benetako magia. Ez dago sekretua hitzekin azaltzerik, norberak bizi behar du.

Bien bitartean, bideo honek nahiko ondo islatzen du balfok baten esentzia:


Iazko “Ilunabarrean dantzan”-en azken saioan ETB 2ko “Más de 3 millones” saioak egindako erreportajea:

Oihaneder baloratzen

Urte berriarekin erronka berriei heltzeko gogoz gatoz!

Bi urte luze igaro dira Oihaneder Euskararen Etxea abiatu zenetik eta orain arteko ibilbidea egonkortzeko eta indartzeko helburuz hainbat galdera egin nahi dizkizuegu. Izan ere, Oihanederreko erabiltzaileak zarete Euskararen Etxeari zentzua eta bizia ematen diozuenak eta zuen iritzia ezinbestekoa zaigu hemendik aurrerakoak hobetze aldera.

Inkesta erantzutea bost minutuko kontua izango da. Mila esker!

Inkesta: hemen

Haur literaturari buruzko ikastaroa Pilarreko gizarte etxean Txabi Arnal idazlearekin

haur-literaturaGasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak haur literaturari buruzko ikastaro bat antolatu du, euskaraz, Pilarreko gizarte etxean, “Haur literatura, helduen eskueran utzi!” izenburupean.

Txabi Arnal arituko da irakasle, eta ikastaroa urtarrilaren 18tik martxoaren 22ra bitarteko astezkenetan izango da, 19:00etatik 20:30era. Guztira, 10 saio.

Haur literaturan eskarmentu handiko idazlea da Txabi Arnal, eta Euskal Herriko Unibertsitatean ere irakasle gisa dihardu. Ikastaroaren edukiaz honakoa dio: Ez gatoz bat haur literatura ganorazko heldu literaturarantzako aurre pauso bat dela uste dutenekin. Ez gaude ados umea formatzen ari den izakia baino ez dela esaten dutenekin. Haur literaturak berezko nortasuna dauka, umeak nortasun propioa daukan bezala. Umea da eta haur literatura ere bada. Aurki dezagun aurreiritziek eta gehiegizko katalogazioek ukatzen diguten mundu zoragarri hau.

Ikastaroan jorratuko diren gaiak:

  • Haur literatura
  • Kontzeptua
  • Haur literatura klasikoa eta egungoa
  • Irudia eta narrazioa
  • Albuma
  • Haur literatura eta gai deserosoak
  • Haur literatura eta rolak
  • Haur literatura eta didaktismoa
  • Haur poesia
  • Haur literatura berritzailea

Ikastaroan izena emateko epea zabalik da, gizarte etxe guztietan zein interneten bidez.