Ilunabarrean dantzan, Europako eta EHko folkaren plaza

2017-01-11 / oihaneder

Iaz abiatutako Ilunabarrean dantzan folk dantzaldia Oihanederrera bueltatuko da balfolkari presentzia handiagoa emanez. Urtarriletik apirilera lau saio egingo dira, hilean bat, ostiral iluntzetan. Saio bakoitzean irakasle desberdinek dantza proposamen zehatzak ekarriko dituzte ukitu propioa emanez. Lehen saioa ostiral honetan, urtarrilak 13, izango da 20:00etan. Suitzan bizi den Imanol Zabaleta gasteiztarrak egingo ditu gidaritza lanak.

ilunabarreandantzanaZuzeneko musika, balfolk jaialdietako ohiko dantzen azalpena eta dantza horiek Oihanederreko klaustroaren goxotasunean praktikan jartzea. Hona hemen Ilunabarrean dantzan ekimenaren lehengaiak.

Nika Bitchiashvilik (bibolina), Anton Mimentzak (gitarra) eta Xabi Gonzalezek (whistle-a) osatzen dute Ander Zabaleta trikitilari gazteak gidatutako musikari taldea. Saio bakoitzean 12-15 dantza landuko dira. Horien artean, balfolk jaialdietan ohikoenak diren dantzak egingo dira; scottish, mazurka, bourré, chapeloise, circle circassien, bals eta polka. Horiez gain, Euskal Herrian hain errotutako fandangoa eta arin-arina ez dira faltako. Saio bakoitzean hainbat herritako dantza irakasle desberdinak egongo dira eta bakoitzak dantza proposamen zehatzak ekarriko ditu dantzaldietara.

ilunabarreandantzanb_webUrtarrilaren 13an Imanol Zabaletak, egun Suitzan bizi den gasteiztarrak, gidatuko du saioa. Otsailean Gari Otamendi añorgarraren txanda izango da eta martxoan Miarritzeko Agnés Cecconirena. Apirilean Patxi Montero etorriko da Elgetatik bisitan azken saioa gidatzera.

Balfolk mugimendua Frantzian hasi zen 70. hamarkadan, hainbat ikerlari garai bateko tradizio eta ohitura kulturalak berreskuratzen hasi zirenean. Gaur egun, Belgika, Suitza, Italia, Alemania eta Holandan oso zabalduta dago balfolk mugimendua. Gertuago ere, Katalunian eta Nafarroan, gero eta zaletu gehiago dauzka. “Neo-folk” mugimendu handi batez hitz egin daiteke dagoeneko. Balfolk saioak Europako herri ezberdinetako tradizioan oinarritutako dantza eta musikaren arteko topaketak dira. Adin guztietako jendeari zuzendutako dantza eta zuzeneko musika saioak dira, taldeka zein bikoteka dantzatzen ikastea eta ondo pasatzea helburu dutena. Oinarrizko pausuak oso erraz ikas daitezke eta orduan interakzio eta ñabardura amaigabeen mundu batean murgiltzen da dantzaria. Balfolkean zuzeneko musikak garrantzia handia du, erro tradizionalekoa zein garikideagoa, baina musikarien eskuetan baino, publikoaren oinetan dago benetako magia. Ez dago sekretua hitzekin azaltzerik, norberak bizi behar du.

Bien bitartean, bideo honek nahiko ondo islatzen du balfok baten esentzia:


Iazko “Ilunabarrean dantzan”-en azken saioan ETB 2ko “Más de 3 millones” saioak egindako erreportajea: