Egitasmoaren kronologia:
- 90.eko hamarkadaren amaieran, euskarazko kulturgintzaren inguruan lan egiten zuen herritar talde bat Samaniego zinemak Kafe Antzoki bihurtzen saiatu zen, Bilboko Kafe Antzokiak erakutsitako bideari jarraiki. Baina, kontaktu batzuk izan ziren arren, azkenean, ez zen emaitzarik lortu.
- 2004. urtean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia lantzen ari ziren lan-mahaietako batean “Euskararen Baliabide Zentroa” aipatu zen, euskarazko kulturgintzan ardaztutako erreferentziazko gune bat, baina orduan ere ideiak ez zuen aurrera egin.
- 2008. urtean EAren eta PSEren akordio baten bitartez, Gasteiz Antzokiaren proiektua Udalaren agendan sartu zen bete-betean. Append enpresari azterketa bat eskatu zitzaion, eta honek 2009. urtean aurkeztu zuen: “Gasteiz Antzokia proiekturako proposamena. Egiturak, ezaugarriak eta kudeaketa-ereduak” .
- 2010. urtean azterketa horren jarraipen gisa, prozesu parte-hartzaile bat abiatu zen kultura, euskara eta gazteria arloko eragileekin. Legealdia amaitu, eta egitasmoa ez aurrera ez atzera geratu zen, ordea.
- 2011n hasitako legealdi berrian proiektua mahai gainean egon zen talde politikoen arteko akordio ezberdinetan. Kokapen eta eraikin ezberdinak aztertu ziren: Guridi Zinemak aurrena, eta Alde Zaharreko ur-biltegia gero.
- 2012ko uztailaren 18an Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko Plataforma publikoki aurkeztu zen eta Kafe Antzokiaren aldeko manifestua plazaratu zuen, sinadura bilketa abiaraziz.
- 2012ko udazkenean sinadurak Udaletxen aurkeztu ziren.
- 2012ko abenduan Plataformak egitasmoa Oihaneder-Montehermoso kulturgunean kokatzeko proposamena egin zion Udalari.
- 2013. urtean Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko Plataformak Lazarraga Kultur Elkartea sortu zuen.
- 2014ko urtarrilean GKAren aldeko plataformak “Lazarraga Euskararen Etxea & Gasteizko Kafe Antzokia” proposamena landu zuen.
- 2014ko urriaren 15ean LKEk urte baterako akordioa sinatu zuen Gasteizko Udalarekin.
- 2014ko urriaren 16an Oihaneder Euskararen Etxea inauguratu zen Montehermoso jauregian.
- 2015eko otsailaren 10ean Lazarraga Kultur Elkartearen aurkezpen publikoa egin zen.
- 2015eko maiatzean Udal hauteskundeetara aurkeztuko ziren talde politiko gehinekin bildu ostean, LKEk Kafe Antzokia egikaritzeko borondate politikoa zegoela berretsi zuen.
- 2016ra arte LKEk Udaleko Euskara Zerbitzuaren baitan kudeatu zuen Oihaneder. 2016tik aurrera Kultura sailaren baitan kokatzen da
- 2016ko uztailean Udalak egitasmorako kokapen proposamena egin zuen: Eskoriatza Eskibel Etxadia. LKEk begi onez ikusi zuen kokapen proposamen sendo bat egin izana.
- 2016ko abenduan Udalaren kokapen proposamenak sortutako ezadostasunen aurrean LKEk eskaera zehatza egin zion Udalari: proiektua Eskoriatza-Eskibel etxadian garatzeko asmoarekin jarraitzeko, baina Auzolana frontoian esku hartzea aurreikusten ez duen kokapen proposamena birplanteatzeko.
- 2017ko uztailean Auzolana pilotalekua egitasmotik at uztea onartu zuen Udalak. Erabakiak kontsentsua lortzeko bidean jarri gintuela iritzi zuen LKEk.
- 2017ko udan egitasmoaren izaera juridikoa, kudeaketa eredua eta behin betiko kokapena lantzeko Udal lan-taldea osatu zen, LKE, ordezkari politiko eta Udaleko teknikariekin.
- 2018ko martxoan Eskoriatza-Eskibel Etxadian fuel oil depositua agertu zen eta aurkikuntzak stand by egoeran utzi zuen egitasmoa
- 2018ko maiatzean Udalak kokapena proposamen berria egin zuen: Ruiz de Bergara Jauregia.
- 2018ko uztailean egitasmoa Ruiz de Bergara jauregian kokatuko dela adostu zen.
- 2019ko urtarrilean Lazarragak egindako prozesu parte-hartzailearen emaitzen txostena aurkeztu zuen, Ruiz de Bergara jauregiko lehiaketan oinarri gisa har zedin.
- 2019ko apirilean Udalak proiektuaren idazkuntza eta obra esleitzeko lehiaketa onetsi zuen.
- 2019ko azaroan Udalak Gasteiz Antzokiaren proiektuaren idazkuntza eta obra Zikoitz enpresari esleitu zion.
- 2020ko apirilean Gasteiz Antzokiaren obra ahalbidetzeko beharrezko tramitazioak amaitu zituen.
- 2020. urtea amaitu aurretik Gasteiz Antzokiko lanak hasiko dira; urte eta erdiz luzatuko dira lanak.
- 2021eko otsaila hasieran Gasteiz Antzokiko obrak hasi dira.
- 2022eko maiatzaren bukaeran Udalak Gasteiz antzokiari Izaskun Arrue Kulturunea izena jartzeko erabakia hartu du.
- 2022ko irailean obrak amaitu dituzte eta 2023ko udaberrian irekitzea aurreikusten da.
Gaur egun
Lazarraga Kultur Elkarteko kideak lanean dihardute hirian euskara ardatz izango duen azpiegitura kulturala abian jartzeko.