Hasieratik bi hankadun proiektu bezala definitu dena, Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea, lehen oinarria zutik du 2014ko urriaz geroztik Montehermoso jauregian: Oihaneder Euskararen Etxea.
Euskararen Etxea 2014ko urriaren 15ean inauguratu zen zehazki, eta beldurrik gabe esan daiteke dagoeneko Gasteizko eta Euskal Herriko euskaltzale eta kulturzaleentzat erreferente bilakatu dela.
650 jarduera baino gehiago antolatu dira denbora tarte honetan, eta 50.000 lagun baino gehiago izan dira Montehermoso jauregiko ateak zeharkatu dituztenak jarduera ezberdinetan parte hartzeko.
Misioa: Oihaneder Euskararen Etxea, Gasteizko Kafe Antzokiaren lehen zutabea, euskararen erabilera sustatzen duen gunea da. Euskara bere funtzio guztietan erabiltzeko topagune kulturala: anitza, parte-hartzailea eta sortzailea.
Asmoa: Oihaneder Euskararen Etxeak Gasteizen euskaraz bizi eta euskarara hurbildu nahi diren hiritarren, eragile euskatzaleen, kulturgileen eta kultura zaleen etxea izan nahi du, erreferentziazko topagune, sorgune eta kulturgunea. Euskararentzako arnasgune berri bat da.
Funtzioak: Euskararen Etxea hizkuntzaren funtzio hauen sustapenean garatzen ari da:
- Sortu: euskarazko sorkuntza garatzeko laguntza ematea da helburua, eta askotariko tailerrak lantzeko espazioak sortzea: dantza, arte plastikoak, antzerkia, kantugintza, ikus-entzunezkoak…
- Erakutsi: euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako askotariko erakusketak
- Ikusi eta entzun: formatu txiki eta ertaineko ikuskizunak eskaintzeko gunea: kontzertuak, antzezlanak, bakarrizketak, bertso-saioak, liburu-aurkezpenak, askotariko proiekzioak…Sorkuntza bultzatzea eta sortutakoari aterabidea ematea da helburua
- Komunikatu: bertako egitasmo komunikatibo euskaldunak elkarren ondoan lan egiteko espazio eta baliabideak eskaini nahi dira
- Ikasi: euskarazko askotariko materialak eskuragai jartzea da asmoa: liburuak, entziklopediak, hiztegiak, diskoak, DVDak, etab. Bestalde formazio desberdinak euskaraz eskaintzea bilatzen da
- Hitz egin: euskararen erabileran eragiteko hirian martxan dauden egitasmoetako arduradun eta hartzaileek, mintzalagunak kasu, bertan hizkuntzaren erabilera sustatzeko gunea izan nahi du
- Jolastu: euskara oinarri hartuta, familia artean aisialdiko ekintzak gauzatzeko espazioa ere izan nahi da: tailerrak, familia-ikuskizunak, ipuin-kontalariak, etab.
- Antolatu: Euskararen Etxearen eta bertan parte hartzen dutenen antolakuntzarako guneak atondu nahi dira: proiektuan ari diren eragileen lantokia izatearekin batera, hiriko hainbat euskal erakunderen eta eragileren topagune izan dadin