Oihaneder Euskararen Etxea – Gasteizko Kafe Antzokia egitasmoa euskarazko aisialdiari eta kulturgintzari lotutako proiektua da.
Euskaltzaleen eta kulturzaleen gune izan nahi du, euskararentzako arnasgune berri bat.
Honakoak dira bere ezaugarri nagusiak:
- Parte-hartzailea: elkarlana du muinean. Eragile guztien partaidetza ahalbidetzen eta eskertzen ditu: elkarteak, kulturgileak, euskalgintza…
- Irekia: euskaldun guztioi eskainia da, eta bereziki gazteei, euskara ikasleei, mintzalagunei, baita euskara jakin ez baina euskal kultura ezagutu nahi duten pertsonei ere.
- Erreferentea: bide berriak urratu nahi ditu, eta euskara arlo guzietara eraman. Gasteizen euskararen inguruan lanean ari diren euskaldun eta elkarte guztion etxea izan nahi du
- Osagarria: ez du inor ordezkatu nahi; aitzitik, sinergiak sortu nahi ditu, eta elkarri indarra eman
Egitasmoa instituzioen eta eragile euskaltzaleen arteko lankidetzan oinarritzen da. Gasteizko Udalak 2013-2017 epealdirako definitu zuen Euskara Biziberritzeko Planak adierazten duen bezala, oraindik ere beharrezkoa da euskarazko kulturgintza indartzea eta garatzea, eta horretarako komeni da gizarte eragile guztien koordinazioa eta lankidetza sendotzea: bai kulturgintzakoak, bai euskalgintzakoak.
Egitasmoak helburu hauek ditu oinarri
- Euskara eta euskal kultura sustatzea
- Euskararen erabilera bultzatzea, aberastea eta euskara gizarte osora zabaltzea
- Gasteizko euskaldunok elkar ezagutzeko gunea bultzatzea
- Euskarazko adierazpide orori erakusleihoak eskaintzea; euskarari lehentasuna emanez, euskaraz programatuz eta euskaraz sortzeko gune egokiak eskainiz
- Euskal kulturaren eta euskararen ikerkuntza nahiz sorkuntza bultzatzea
- Gasteizko eta Arabako eragile euskaldunen elkarlana eta saretzea sustatzea
Egitasmoaren kronologia: hemen