GEU elkarteak iaz abiatutako Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloak bidelagun berria du aurten; Oihaneder Euskararen Etxea. Jon Maiak estreinatuko du urtea bere azken lanarekin: “GUtik ZURA. Iragana, oraina eta etorkizuna”. Urtarrilaren 25ean 19:00etan izango da. “Basker”, “Mugaminak”, “LABURBIRA 2017”, “Arrakala” eta “Maitia nun zira?” lanek osatuko dute ikasturteko kartela.
GEU elkarteak iaz abiatutako Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloak urrats berriak emango ditu aurten. Izan ere, Oihaneder Euskararen Etxea ekimenera batu, eta eskaintza egonkortu eta sendotze aldera, hilabetero film-dokumental bat eskainiko da. Salbuespenak-salbuespen, emanaldiak hilaren azken asteazkenetan izango dira arratsaldeko 19.00etan. Iaz bezala emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da eta bestetik, filmearen zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da.
Urtarrilaren 25ean Jon Maia bertsolari, idazle eta zuzendariak bere azken lana aurkeztuko du: “GUtik ZURA. Iragana, oraina eta etorkizuna”. Film honen helburu nagusia basoaren, zuraren eta euskal gizartearen arteko harremanek izan duten, gaur egun duten eta izango duten balioa gizarteratzea da.
Otsailaren 22an “Basker” dokumentalaren txanda izango da. Bi suediar dokumentalistek 60ko hamarkadan euskal kulturari buruz egindako lanak ustekabean topatu ostean, eskuratu eta, EHUko Mikel Laboa katedrarekin, ikerketari ekin zion Argibel Eubak. Otsaileko saioan ikerketa horren nondik-norakoak hurbilduko dituzte Eubak berak eta Mikel Laboa Katedrako kidea den Gidor Bilbaok.
Martxoan bi saio izango dira. 14an “LABURBIRA film laburren jaialdia” ospatuko da, Euskaldunon Topagunearen eskutik urtero antolatzen den film berrien zirkuitua. 29an Amets Arzallusek “Mugaminak” lana aurkeztuko du, Txipreko gatazkaren testuinguruan kokatutako dokumentala.
Apirilean “Arrakala: zirrikitu bat haitzean” izeneko lanaren txanda izango da. Saio honetan, proiekzioarekin batera “Emagin” dokumentazio eta ikerkuntza zentro feministak tailer bat eskainiko du. Horiek horrela, saioa ohi baino ordubete lehenago hasiko da, 18:00etan eta asteazkenean beharrean asteartean, apirilak 25, izango da.
Maiatzean Lehen Mundu Guda garaiko Alemaniako esparruetako euskal presoen grabaketen ingurukoak jasotzen dituen “Maitia nun zira?” dokumentala eskainiko da. Elena Canas, Ainara Menoyo, Maider Bedaxagar eta Maite Deliart izango dira proiekzioaren osteko solasaldiko protagonistak.