Kantuz eta kontuz ezin gusturago

2017-01-13 / oihaneder

tailerra_taldea_webAtzo arratsaldean Mikel Markez musikariak gidatutako euskal kantagintza tailerra abiatu genuen. Oihaneder Euskararen Etxeak eta GEU elkarteak elkarlanean antolatutako ekimenak euskal kantagintzaren historian murgiltzeko eta kantuak bizitzeko aukera paregabea eskaintzen digu.

Lehenengo saioan, 60ko hamarkadara arteko euskal kantagintza aztertu genuen. Markezek azaldu zuenez ahotsa da gizakiok izandako lehen instrumentua. Ahotsaren ondoren etorriko lirateke Izturitzeko kobazulo batean aurkitutako hezurrezko txirula eta hortik haratagokoak. Beotibarko kantua omen da dokumentatutako lehen euskal kanta, 1321. urtekoa. Ezin aipatu gabe utzi profazadorak, hildako gizonen gorpuen aurrean kantatzen zuten emakumeak. Testuinguru honetan kokatzen da, hain zuzen ere, Milia Lasturkoa.

mikel-markez_webMikel Markezen hitzetan, euskal eta oro har munduko kantagintzaren lehen iraultza handia inprentarekin batera eman zen. Orduan gertatu zen, esaterako, Etxepareren idatzien lehen zabalpen garrantzitsua. Bigarren iraultza Thomas A. Edisonek fonografo zilindrikoa asmatu zuenean eman zen. Tailerreko parte-hartzaileetako batek argitu zuenez, 1897-98koak dira euskarazko lehen argizarizko grabaketak. Hauen ostean etorriko ziren arbelezko diskoak. Lore jokoak, Etxahun Barkoxe, Iparragirre eta Xenpelar bezalako egile handien aipamena… Ez Dok Amairu mugimenduko ateetan utzi gintuen atariko ederra izan zen atzokoa.

Saioak parte hartzaileak izanik, euskal kantagintzaren historiaren pasarteak birpasatzearekin batera garai bakoitzeko zenbait kantu landu genituen; Eperrak, Atarratzeko gazteluko kanta, Sautrela baita Maritxu kanta ere, euskaldunon lehenetariko kanta erotikoa kontsideratuta dagoena. Erotikoa edo ez, poz-pozik kantatu genuen:

Maiatzera bitartean hilero saio bat egingo dugu. Otsailean single txikietara egingo dugu jauzi. Martxoak 70eko hamarkadako LPak izango ditu protagonista eta apirilak 80ko kasetteak. Amaitzeko, euskal musikak 90eko hamarkadatik gaur egunera izandako bilakaera aztertuko dugu.

Plazer handia!