Izen-ematea zabalik: “Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogu euskaldunok?”

Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda izango dira Kantuz eta Kontuz euskal kantagintza tailerren bigarren edizioaren gidariak. Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogu euskaldunok? izenpean tailerra 2018ko urtarriletik maiatzera bitartean izango da. Izena emateko epea zabalik egongo da urtarrilaren 8ra arte.

Oihaneder Euskararen Etxeak eta GEU elkarteak elkarlanean antolatutako Kantuz eta Kontuz proposamenak gasteiztarrak euskal kantagintzara erakartzea du xede. Iaz abiatu zen Mikel Markezekin eta izandako harrera onaren ostean 2018an segida izango du.

Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak gidatuko duten “Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogu euskaldunok?” izeneko tailerra 2018ko urtarriletik maiatzera bitartean izango da, hilabete bakoitzeko asteazken banatan 19:00-21:00 artean.

 

 

 

Tailerraren nondik-norakoak:

Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria?

Zein eragin (izan) dute idazle eta musikarien artean sortutako kantek euskaldunon imajinarioan?

Zein alde dago Historia liburuetan erakusten digutenaren eta idazle eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean?

Galdera hauei erantzuna ematen ahaleginduko dira tailerrean parte hartuko dutenen artean. Horretarako, zenbait kantari eta musika taldek kantuetarako erabili dituzten testuak, eta kantari eta poeten arteko harremanak aztertuko dira.

Euskal Herriaren historiari errepaso bat egingo zaio, eta bertan txertatuko dira idazle zein musikarien arteko harremanak zein testuinguru historikoak beraiengan izan zuten eragina.

Idazle eta musikarien artean sortutako kantak izaki, idazleak eta musikariak aurkeztuko dira: datu biblio/diskografikoak zein biografikoak; kantak sortzailearen obran duen garrantzia; kantak argitaratu ziren une historikoan izan zuten eragina eta gerora gure imajinarioan utzitako arrastoa.

Kanta gehienak zuzenean joko dira, nahiz eta beste zenbait kanta grabazioetatik entzungo diren. Kantak letrari zein musikari dagokionez aztertuko dira.

Egitaraua:

  • Urtarrilak 10: Gure poeta eta musikariek Euskal Herriaren historiako hainbat gertakari gogoangarriri zelan eta zergatik kantatu zioten aztertuko da
  • Otsailak 7: Herrimina, natura, espetxea, bakea, mespretxua: Erbesteari edota gerrari begiratzeko kantak
  • Martxoak 7: Gerraosteko literatura eta kantagintza
  • Apirilak 11: 1980, zer da euskaldun izatea?: Gure herriak bizi izan dituen egun sumenditsuenak
  • Maiatzak 9: Gaur egun, zeri kantatzen diogu euskaldunok?

Izen-ematea:

Tailerrean izena emateko epea azaroaren 27tik urtarrilaren 9ra zabalduko da.

Matrikula orokorrak 30 €ko prezioa du, langabe eta ikasleentzat 20 €.

Ordainketa matrikulazio epea bukatu ondoren egingo da (saioa egiteko gutxieneko taldea sortu denaren jakinarazpenarekin batera bidaliko dira ordainketa egiteko argibideak).

Gotzon Barandiaran Arteaga:

1974ko martxoaren 21ean jaio zen Larrabetzun. Euskal idazle eta kulturgilea da. Literaturan egindako lanaz gain, besteak beste musikaren arloan Bihotz Bakartien Klubaren eta Katamalo taldearen partaidea izan da. Halaber, “Ahotsenea”-ren koordinazio lanak egin ditu Durangoko Azokaren lantaldean 2011tik 2013ra arte. Literaturari dagokionean Arrakalak (2004, Susa) eta Katamalo (2007, Susa) poesia lanak plazaratu ditu eta Errotik (2010, Susa) eta Gidariaren okerra (2015, Susa) nobelak.

Rafa Rueda:

1972ko abenduaren 28an jaio zen Mungian. Abeslari eta gitarrista da. Broken Bihotz eta Pi.L.T. taldeetan aritu zen, bakarlari moduan hasi aurretik. Bost disko grabatu ditu bere izenarekin: Kea (2003, Metak), Saredun eskua (2006, Gaztelupeko Hotsak), Zuhaitz okerretan gora noa (2008, autoekoizpena), Haragizkoa (2006, KAP), Enaren geometria (2011, autoekoizpena), Gabrielen lekua (2013, Erroa).

Literatura eta musika uztartzen dituzten hainbat proiektutan parte hartu du, eta ekoizle lanak ere egin ditu beste kantari batzuentzat (Petti, Anje Duhalde, Jon Enbeita, Txuma Murugarren, Kokein…). Estepan Urkiaga Lauaxeta poetaren omenezko disko bat koordinatu du ere, Ehungarrenean hamaika. Gaur egun Lou Topet taldeko kidea da eta Hiri kristalezkoa (2017, Elkar) diskoa plazaratu berri du.

 

Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu

“Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu” izeneko ikastaroa antolatu dugu elkarlanean UEUk, Jakin Aldizkariak eta Oihaneder Euskararen Etxeak. 2018ko urtarriletik maiatzera bitartean izango da hilean behin; 5 saio guztira. Izena emateko epea zabalik dago.

Hizkuntza eta generoa gurutzatzen direla badakigu, hizkuntza hautuak igarotzen direla genero eraikuntzatik eta alderantziz; prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen sareak jendarteko botere harremanetan gurutzatzen direla.

Euskara eta generoa ere ez doaz aparte, eta, horrenbestez, biak, euskara eta generoa, menderakuntzaren alaba izaki, ahalduntzeko eta boteretzeko prozesu berean txirikordatzen diren bi bide dira. Euskaltzaletasuna eta feminismoa dira ahalduntzearen bi alabak.

Bi izate, praktika eta prozesu horiek non gurutzazten diren, ze ezaugarri partekatzen dituzten, batak bestetik zer ikas lezakeen eta bien arteko aliantzak ze esparru emankor zabaltzen digun mahai gainean jartzea da ‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’ ikastaroaren helburua.

Ikastaroko saioak hileko azken astearteetan izango dira Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko Betolaza aretoan, arratsaldeko 19:00etan.

Egitaraua:

  • Urtarrilaren 30a: Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel: ‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea’
  • Otsailaren 27a: Mari Luz Esteban: ‘Feminismoa eta euskaltzaletasuna: elkargune bat baino gehiago’
  • Martxoaren 20a: Amelia Barquín: ‘Nola erabili euskara modu ez-sexista batean?’
  • Apirilaren 24a: Miren Artetxe:Bat-batean ahalduntzen? Bertsolaritza, hizkuntza eta generoa
  • Maiatzaren 29a: Mahaingurua: Aizpea Otaegi, Jaime Altuna eta Ane Labaka: ‘Euskara eta generoa gurutzatzen diren lekua’

Ikastaro osoan (edo saioren batean) izena emateko: hemen.

“Gabonetan Jai”rako gonbidapenak agortu dira

Gabonetan jai  familia giroan euskaraz gozatzeko ekimena bueltan da hirugarren urtez. 2018ko urtarrilaren 2tik 4ra bitartean izango da eta Baserrian Amets, Izeba tekla eta Magia parrastan ikuskizunek osatzen dute kartela. Ikuskizun bakoitza  alde zaharreko Goian proeiktuaren baitako ekintza batekin osatuko da. Parte hartzeko gonbidapenak agortu dira.

Aurreko edizioan bezala familian gozatzeko ikuskizunak urtarrilaren 2tik 4ra bitartean  izango dira eguerdiko 12:00etatik aurrera. Diziplina kultural ezberdinetako jarduerak izango dira: antzerkia, musika eta magia. Saioak adin ezberdinetako umeei zuzenduta egongo dira.

Ikuskizunez gain, Goian egitasmoaren baitako taldeek parte hartuko dute. Lehenengo egunean, antzerkiaren ostean Sukaldari txikien” taldeak tailerra egingo du. Bigarren saioari “Auzo dance” taldearen dantzaldiarekin hasiera emango zaio. Gabonetan jairen hirugarren saioaren amaieran  “Alde zaharreko zirko handiaren” kideek malabare tailer labur bat egingo dute.

Programa:

  • Baserrian Amets (Eidabe): urtarrilak 2, 12:00etan. 3-6 urte bitartekoentzat.
  • Izeba Tekla (Xabier Lizaso):  urtarrilak 3, 12:00etan. 2-12 urte bitartekoentzat.
  • Magia Parrastan (Imanol Ituiño): urtarrilak 4, 12:00etan. 6-12 urte bitartekoentzat.

Parte hartzeko gonbidapena beharrezkoa izango da. Gonbidapenak agortu dira.

Ateak ikuskizunak hasi baino ordu laurden lehenago zabalduko dira eta umeek gurasoak edo beste helduren batek lagunduta egon behar dute.

Olentzero eta Mari Domingirekin solasAlean

Abenduko SolasAlean saioan gonbidatu bereziak izan ditugu: Olentzero eta Mari Domingi. Oraingoan elkarrizketa irekia birtuala izan da; umeek aldez aurretik bidalitako galderak egin dizkiegu ikazkina eta artzainari.

Olentzero eta Mari Domingo oso lanpetuta dabiltza egunotan baina tartetxo bat egin zioten ALEA eta Oihanederreko galtzagorriari haurrek aurretik bidalitako galderak erantzuteko. Nola egiten dituzue jostailuak? Nola ekartzen dituzue? Zein da zuen kantarik gogokoena?… askotariko galderak eta askotariko erantzunak.

Galdera-erantzun guztiak hurrengo bideoan jaso ditugu:

Euskara Pantaila Handian

Gazta zati bat, Gernika, Bertsolari, Gartxot eta Arriya filmeek osatzen dute  Euskara Pantaila Handian ekimenaren 2. edizioaren eskaintza. Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gasteizko euskaltegiek euskara ikasleei euskarazko zinema eskaintzeko elkarlanean antolatutako ekimena azaroan hasi eta apirilera bitartean burutuko da. Gaurkoan programatutako bigarren filma eskainiko da: Bertsolari.

Aurreko ikasturteko arrakastaren ondorioz, 700 ikasletik gora hartu zuen parte, Euskara Pantaila Handian ekimena bueltan da. Jarduera honen bitartez, Oihaneder Euskararen Etxeak eta AEK, Bai & By, Hegoalde, Udaberria eta IKA euskaltegiek euskarazko pelikulak ikusteko aukera luzatu nahi diete Gasteizko euskara ikasleei.

Iaz bezala hilean behin pelikula bat eskainiko da. Azaroaren 14an eman zitzaion hasiera zikloari autodeterminazioaren eskubidea  jorratzen duen Gazta zati bat dokumentalarekin.

Gaur, abenduak 13, Bertsolari filmaren txanda izango da, Bertso Txapelketa Nagusiaren finalaren atarian. 2018an Gernika, Gartxot eta Arriya emango dira. Apirilean zikloa itxiko duen filma guztiz zehaztu gabe dago oraindik; baina Handia edo Errementari izatea da aurreikuspena.

Proiektatuko diren pelikula gehienak euskaraz ekoitzitakoak dira eta bada euskarara bikoiztutakoa ere. Aurreko urteko dinamikari jarraiki, euskaltegiek pelikula bakoitzaren unitate didaktikoa prestatuko dute proiekzioa baino egun batzuk lehenago ikasleekin lanketa berezia egiteko.

Alaine Agirre idazlea abenduaren 13an Judimendiko liburutegian

Udalaren Liburutegi Sareak “Idazleekin solasean” izeneko programa du martxan, euskal idazleak liburutegietara ekarri eta irakurleengana hurbiltzeko, eta asmo horretan Karmele Jaio aritzen da dinamizatzaile lanetan. Urte bukaera gertu dugun honetan, urteko azken topaketan Alaine Agirre izango da protagonista, eta Erraietatik idazten duen idazlea izenburua jarri dio bere solasaldiari.

Azken bi liburuak aurkeztu berri ditu: Maren eta Libe (Erein, 2017), aurretik Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (Elkar, 2017) argitaratua zuen, baita beste eleberri batuk, poema liburu bat, haur eta gazteentzako literatura… lan oparoa utzi digu “idaztera kondenatuta” dagoen idazle honek.

Bere idazlanak izango ditu mintzagai, nola idazten duen, nolako bidea egiten duen testuak sortzean, orain arteko bere ibilbide literarioa…

Solasaldia abenduaren 13ean (asteazkena) izango da, 19:00etan, Judimendi gizarte etxeko liburutegian. Sarrera librea.

Euskararen astean ere “euskarak 365 egun”

Gertu da abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, Gasteizko euskalgintzako zenbait eragilek egitarau zabala prestatu dute euskarak 365 egun dituela aldarrikatzeko. Euskararen Astea azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3ra bitartean luzatuko da. Bertan, hitzaldiak, musika, antzerkia, kandelen mosaikoa eta Erronken Zuhaitzaren inaugurazioa nabarmentzen dira.

Azaroaren 23an abiatu zen Euskararen Astea, Kike Amonarrizen hitzaldiarekin; Euskaraldia martxan dela iragarri zigun Amonarrizek.

Abenduaren 2an, kandelen mosaikoa eta Erronken Zuhaitzaren inaugurazioa egingo dute GEU elkarteak eta ALEAk. Euskararen Eguna borobiltzeko abenduaren 3an DuDa performance artistikoa hartuko du Oihaneder Euskararen Etxeko ur-biltegiak.

EGITARAUA

Azaroak 23, osteguna

Azaroak 25, larunbata

Azaroak 26, igandea

Azaroak 28, asteartea

Azaroak 29, asteazkena

Azaroak 30, osteguna

Abenduak 1, ostirala

Abenduak 2, larunbata

Abenduak 3, igandea

Antolatzaileen artean, Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea, Arabako Alea, Euskarak 365 ekimena, Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Sarburu Kultur Elkartea, Berritzeguneak, Jostabi, Katxiporreta, Goiena, Vital Fundazioa, Laboral Kutxa, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala aurkitzen dira.

Zer galdetuko zenieke Olentzero eta Mari Domingiri?

Olentzero eta Mari Domingirekin elkarrizketa birtuala antolatu dute Oihaneder Euskararen Etxeak eta ALEAk, Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuarekin elkarlanean eta SolasAlean elkarrizketa irekien zikloaren testuinguruan. Bidali zuen galderak idatziz, audioz edo bideoz abenduaren 11 baino lehen.

Olentzeroren jatorria ezagutzen dugun ikazkinaren kondairatik haratago doa. Mari Domingiren pertsonaia nahiko berria da eta askotan Olentzeroren emaztea edo laguntzailea bezala aurkeztu zaigu. Baina Mari Domingi ez da hori.

Bata zein bestea ondo ezagutzea garrantzitsua dela sinistuta Oihaneder Euskararen Etxeak eta ALEAk SolasAlean saio berezia antolatu dute: bideo-elkarrizketa birtuala.

Haurrek idatziz, bideoz edo audioz bidali ahalko dituzte galderak abenduaren 11 baino lehen. ALEA eta Oihanederreko galtzagorriek galdera guztiak jaso eta ikazkinari eta artzainari egingo dizkiete.

Galderak bidaltzeko:

  • E-mailez:  oihaneder@oihaneder.eus
  • Whatsapp-ez: 615 986 832
  • Facebook eta Twitter bidez; #SolasAlean traola erabiliz, eta Oihaneder eta ALEA aipatuz.

Elkarrizketa bideoan grabatuko da eta abenduaren 20an Oihaneder Euskararen Etxean proiektatuko da bi pasetan: 18:00etan lehenengoa eta bigarrena 19:00etan. Parte hartzeko gonbidapena behar da; Oihanederren egongo dira eskuragai azaroaren 24tik aurrera.

Abenduaren 21etik aurrera bideoa on-line egongo da ikusgai ALEA eta Oihanederren webguneetan.

Euskararen astean (ere) “euskarak 365 egun”

Azaroaren 23an abiatuko da Euskararen Astea, Kike Amonarrizen hitzaldiarekin. Abenduaren 2an, kandelen mosaikoa eta Erronken Zuhaitzaren inaugurazioa egingo dute GEU elkarteak eta ALEAk.

Gertu da abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, Gasteizko euskalgintzako zenbait eragilek egitarau zabala prestatu dute egun horren bueltan. Hala, Euskararen Astea azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3ra bitartean luzatuko da. Bertan, hitzaldiak, musika, antzerkia, kandelen mosaikoa eta Erronken Zuhaitzaren inaugurazioa nabarmentzen dira.

Kike Amonarrizen Arabako euskaldunak aktibatzeko 365 arrazoi  hitzaldiarekin hasiko da egitaraua azaroaren 23an eta bertan 11 egun euskaraz egitasmoa aurkeztuko du Euskaltzaleen Topaguneak. Asteburuan, haurren txanda izango da, izan ere, Kantari umeentzako euskarazko karaokea egingo dute, Dendaraban eta igandean Pirritx Porrotx eta Marimotots Buesa Areann izango dira.

Aurreko urteetan bezala, GEU elkarteak eta Arabako Aleak elkarrekin ospatuko dute Euskararen Eguna, oraingoan abenduaren 2an, larunbatean. Arratsaldeko 18:30etik hasita, kandelen mosaikoa, argazki erraldoia, kalejira eta Erronken Zuhaitzaren inaugurazioa egingo dute; Andre Maria Zuriaren plazan hasieran, eta ondoren, Oihaneder Euskararen Etxean.

EGITARAUA

Azaroak 23, osteguna

Azaroak 25, larunbata

Azaroak 26, igandea

Azaroak 28, asteartea

Azaroak 29, asteazkena

Azaroak 30, osteguna

Abenduak 1, ostirala

Abenduak 2, larunbata

Abenduak 3, igandea

Antolatzaileen artean, Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea, Arabako Alea, Euskarak 365 ekimena, Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Berritzeguneak, Jostabi, Katxiporreta, Goiena, Vital Fundazioa, Laboral Kutxa, , Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala aurkitzen dira.

Araba, euskaraz bidea egiten

“Araba, euskaraz bidea egiten’  izenpean egingo da Euskaltzaindiaren aurtengo Jagon jardunaldia. Oihaneder Euskararen Etxean izango da azaroaren 17an 09:30etik 14:00etara. Bertan, Arabako ordezkaritza herritar, profesional eta instituzional zabal batek hartuko du parte.

Aurreko mendeetan atzerakada gertatu ondoren, azken hamarkadetan nabarmen egin du hobera euskararen egoerak Araban. Aldaketa horren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide jardunaldian. Euskaltzaindiaren  Jagon sailaren zeregina euskara sustatzea, erabilera zabaltzea, hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta hiztunen eskubideak zaintzea da.

Aurtengo jardunaldia Arabako gaur egungo errealitatetik abiatuta, aurrera begirako erronkez eta aukerez hausnartzeko abagune izango da, hizkuntza-normalizazioaren bidean. Ildo horretan zenbait ekimen eta esperientzia berritzaile aurkeztuko dira, eta tarte berezia izango dute euskarazko hedabideek.

Iñaki Martinez de Luna Sustapen batzordeko kide eta soziologoa ibili da egitaraua osatzen. “Azaroaren 17ko zita honetan Araban gertatzen ari den hizkuntza-aldaketaren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide” aurreratu du.

Hasteko, euskararen egungo egoera eta azken hamarkadetako bilakaera aztertuko da, gertatzen ari dena datu zehatzen argitan ikusiz. Estatistikatik harago, zenbait erakundetako euskal teknikariek hartuko dute hitza ondoren. Jarraian, euskalgintza sozialaren ordezkaritza peto-petoak hartuko du hitza, hala nola Oihaneder, Lazarraga eta Agurain 75 ordu euskaraz ekimenetako ordezkariek, Gasteizko GEU eta Trebiñuko Gutxisolo euskara elkarteetako kideek, eta helduen euskalduntzeko mugimenduaren izenean IKAko ordezkari batek. Azkenik, euskararen biziberritze arrakastatsurako erabakigarriak diren zenbait hedabideen ahotsa ere entzungo da (HEKIMEN, ALEA, Hala Bedi 2…).

Guztien ahotik eta nor bere eskarmentutik abiatuz, orain arteko lorpenez, bidean izandako oztopoez nahiz etorkizuneko aukerez hausnartzeko parada egongo da. Baina jardunaldi dinamikoa egin nahi izan dute, eta, horregatik, entzuleek ere parte hartzeko aukera izango dute, beraien zalantza edo ikuspuntuak hizlariekin partekatuz.

Egitarau osoa: hemen

Arabar Gazte Euskaltzaleon II. Topaketak

Oihaneder Euskararen Etxean hasiko dira jardunaldiak azaroaren 18an; Gasteizko gune ezberdinetan jarraituz egitarauarekin. “Ezinbestekotzat jotzen genuen sare bat sortu genuen, elkar elikatzeko, elkarren eredu izateko, elkarri hazten laguntzeko, elkarrekin borrokatzen jarraitzeko”, adierazi dute.

“Arabako sukaldeetan mugimendua dabil. Irrintziak datoz leihotik kanpora, lapikoen kolpeak entzuten dira urrunetik, labanak zorrozten ari dira… Arabako sukaldeetan bada mugimendua, bada zer kolpatu, bada zer zorroztu. Badugu zer borrokatu”.

Arabako gazte euskaltzaleek hitzordu berri bat dute azaroaren 18an Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxetik hasita. Aurreko ikasturtean sortutako loturei jarraikortasuna emango diete Arabar Gazte Euskaltzaleon II. Topaketa hauekin: Arabar Errioxatik Gorbeialdeara, Aiaraldeatik Lautadara, Añatik Trebiñura, Mendialdeatik Gasteizera…

Iaz hasi zen ezkututik argirako bidea: Araban euskararen alde lanean ari garen gazteak lehenengo topaketa batean elkartu ziren. “Ezinbestekotzat jotzen genuen sare bat sortu genuen, elkar elikatzeko, elkarren eredu izateko, elkarri hazten laguntzeko, elkarrekin borrokatzen jarraitzeko”, adierazi dute.

Saretzeak bere fruituak eman ditu eta beste topaketa batzuk egiteko gaitasuna dute gazteek: “Erronka handiak ditugu Araban, tokian tokiko berezitasunekin, horregatik ikusten dugu hain garrantzitsua elkar aberastea, erantzun molde eta ereduak partekatzearen bidez”.

Egitarauari dagokionez, goizean Oihaneder Euskararen Etxean dinamika desberdinak egongo dira, euskararen aldeko borroka indartzeko xedearekin. Eguerdian indar erakusketa bat horretarako argazki masibo bat baliatuz. Judimendi auzoko Sumendi espazio okupatuan bazkaldu ostean, artista ezberdinek arratsaldea girotuko dute: Ane Gebararen eskutik bakarrizketa, Orbanak taldearen kontzertua…

Bazkarian izena emateko whatsapp-a idatzi behar da (650 266 744 zenbakia) eta apuntatzeko azken eguna azaroaren 13a izango da.

 

 

Juan Luis Zabala idazlearen solasaldia Aldabeko liburutegian

Udalaren Liburutegi Sareak antolatzen duen “Idazleekin solasean” izeneko programaren barruan, Juan Luis Zabala etorriko da azaroaren 15ean Aldabe gizarte etxeko liburutegira.

Karmele Jaio idazle gasteiztarra arituko da aurkezle eta dinamizatzaile. Literatura, euskara eta hirurok jarri dio izenburua Juan Luis Zabalak solasaldiari eta, bertan, gaztarotik gaur arte literaturarekin eta euskararekin izan dituen harremanen berri eman ondoren, bere esperientzia pertsonaletik abiatuta, euskal literaturaren gaur egungo egoeraz gogoeta egingo du.

Juan Luis Zabala Berria egunkarian kultura alorreko gaietan kazetari aritu da urte luzez, eta hainbat literatura genero jorratu ditu: eleberria, biografia, poesia edo artikulugintza, esaterako. Azken urteetan, Txitu eta biok nobela (Algaida, 2016) eta Ospa ipuin liburua (Susa, 2017) argitaratu ditu.

Solasaldia azaroaren 15ean (asteazkena) izango da, 19:00etan, Aldabe gizarte etxeko liburutegian. Sarrera librea.

Durangoko azokak lekua izango du Gasteizen datozen bi asteetan

Durangoko azokaren 52. edizioan eta Ahotsenea espazioaren 10. urteurrenean Ahotseneako arduradunek eta Oihanederreko kudeatzaileek erakusketa eta ekitaldi kulturala antolatu dituzte. Gasteiz DA! Ahotsenea 10 urte izeneko argazki-erakusketa  azaroaren 3tik 19ra  egongo da ikusgai Oihaneder Euskararen Etxean. Ostiral honetan inauguratuko da Karmele Jaioren poemekin eta Keu Agirretxea eta Jon Gurrutxagaren musikarekin, iluntzeko 20:30ean.

2017ko abenduan 10 urte beteko dira Durangoko Azokan Ahotsenea espazioa  sortu zenetik. Ahotsenea Azokaren baitako sortzaileen gunea da; idazleek eta musikariek sortua, baina irakurleek eta entzuleek ere badute bere tokia.

10. urteurrena ospatzeko, Ahotseneak argazki-erakusketa bat osatu du. Urrian hasi eta abendura bitartean herriz herri dabil. Tafallan izan ostean orain Gasteizen txanda izango da. Hemen azaroaren 3tik 19ra artean egongo da ikusgai Oihaneder Euskararen Etxeko Jovellanos aretoan.

Erakusketaren inaugurazioan, azaroaren 3an 20:30eanKarmele JaioKeu Agirretxea eta Jon Gurrutxuga izango dira. Poesia eta musika ekarriko dute Ahotsenean urtero izaten den sortzailetza horren erakusgarri.

Txelu Angoitia, Saioa Gauilunak eta Joseba Barrenetxea argazkilariek urte hauetan ateratako 25 argazki jasotzen ditu erakusketak. Argazkiekin batera, hainbat musikari, idazle, editore eta kazetariren gogoetak daude. Zehazki Ritxi Aizpuru, Edorta Jimenez, Itxaro Borda, Jasone Osoro, Maria Rivero, Jose Luis Otamendi, Iñigo Astiz, Jose Angel Irigaray Imaz, Gorka Chamorro, Miren Agur Meabe eta Eider Olazar Elduaien-en testuak lagunduta daude argazkiak.

Oihanederrez gain erakusketa Tafallako Kulturgunean, Bilboko BIBA eta Adaxkan, Azpeitiako San Agustin) eta Durango Azokan egongo da.

Ahotsenearen 10 urte hauetan ehunka sortzailek izan dute aukera bere lana Azokan aurkezteko. Joan den urtean esaterako, 70 diska aurkeztu ziren zuzenean eta 45 liburu eta diska solasaldi, emanaldi edo performanceen bidez.

“Arabako emakumeak lanean, 1890-2000” argazki erakusketa berriz ikusgai

Oihanederrek martxoan sortu eta plazaratutako Arabako Emakumeak lanean, 1890-2000 argazki erakusketa Gasteizko Adinekoentzako lau Zentro Soziokulturaletan egongo da ikusgai, 4 hilabetez. Erakusketak Arabako emakumezkoek XIX. mendearen amaieran eta XX. mendean zehar sektore ekonomiko ezberdinetan izandako presentzia islatzen du, 44 iruditan.

Gasteiztarrek aukera berria izango dute Oihaneder Euskararen Etxeak sustatutako Arabako Emakumeak lanean 1890-2000 argazki erakusketa ikusteko. Izan ere, 2017ko urritik 2018ko urtarrilera bitartean hiriko Adinekoentzako lau Zentro Soziokultural ezberdinetan egongo da.

  • Urria: Txagorritxuko Adinekoentzako Zentro Soziokulturala
  • Azaroa: Zaramagako  Adinekoentzako Zentro Soziokulturala
  • Abendua: Aranako Adinekoentzako Zentro Soziokulturala
  • Urtarrila: San Kristobaleko Adinekoentzako Zentro Soziokulturala 

Erakusketa Aritza Sáenz del Castillo ikerlari gasteiztarraren jatorrizko ideian dago oinarrituta. 44 argazkien bitartez emakume arabarrek 1890. urtetik 2000. urtera lurraldearen garapen ekonomikoan eta sozialean izandako garrantzia azpimarratu nahi izan da.

Proiektu honek Vitoria-Gasteizko Udalaren Berdintasunerako Zerbitzuaren laguntza izan du.  Halaber, Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboa, Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia eta Sancho el Sabio Fundazioarekin egindako elkarlanaren emaitza izan da.

Erakusketa Oihaneder Euskararen Etxean martxoan egon zen ikusgai eta 1.700 lagun inguru hurbildu zen.

Informazio gehiago

Zaldieroa marrazkilaria Salburuko liburutegian

Zaldieroa, Patxi Huarte marrazkilaria eta komikigilea, bere lanari buruz arituko da, sorkuntzaz, ordenagailuez, iritziez, tintaz, paperez, Twitterrez eta munduaz, eta bizitzaz oro har. Parte hartzea biziki eskertuko du.

Eguna: Azaroak 8, asteazkena

Ordua: 18:30ean

Lekua: Salburuko liburutegian

 

Guatemala, Tajikistan, Kirgizistan, India eta Melillara bidaiatzen GAW 2017ko irabazleekin

Baditugu Gasteiztarrak Arraun The World argazki-hizki lehiaketaren 2017ko irabazleak!

Ohiko lehiaketara aurkeztutako 27 lanen artean lau saritu ditu epaimahaiak. Kauldi Iriondoren Guatemalako Udaberri beroak argazki-sorta, Ainhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarretaren Pamir mendietan, Zetaren bidea desegiten izenekoa, Gaizka Untzuetaren India, fede kontua eta Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko Mugak zabalduz lanak izan dira irabazleak.

Publikoaren Gazte sariari dagokionez,  Leire Ruiz de Apodaka gazteari egokitu zaio. Bere Paisos Catalans izeneko argazki sorta izan da Instagram-era igotako argazkien artean “Atsegin dut” gehien jaso dituena.

Nabarmentzekoa da ohiko lehiaketara aurkeztutako aurtengo lagunen profila batez ere gaztea eta emakumezkoa izan dela. Zehazki  27 argazki-sortetatik 16 hogeita hamar urtetik beherako gazteek bidalitakoak izan dira eta 15 emakumezkoek eginak.

Irabazleen eta parte-hartzaile guztien irudi eta hitzekin mundua aldez-alde zeharkatu dugu, batzuetan bizikletan, besteetan trenez, sarri oinez edo autobusez; baina garraiobide erabiliena imajinazioa izan da, zalantza barik.

Zorionak irabazleei! Eta mila esker lehiaketan parte hartu duzuen guztioi!

Argazki-erakusketa eta aurkezpenak:

Saritutako lanen argazki-erakusketa urriaren 6an inauguratuko da arratsaldeko 19:00etan. Azaroaren 1era bitartean egongo da ikusgai Oihaneder Euskararen Etxeko bigarren solairuko klaustroan.

Bertan ohiko lehiketan saritutako lau argazki-sortetako aukeraketa bat topatuko du bisitariak. Irudiek Guatemalara, Kirgizistan eta Tajikistanera, Indiara eta Melillara bidaiaraziko dute gure imajinazioa. Aurten gainera, argazki irabazleez gain, lehiaketara aurkeztutako beste irudi batzuk ikusteko parada izango da, pantaila digital batzuen bitartez. Bertan ikusgai egongo dira ere  Publikoaren gazte sarian parte hartutako irudiak.

Horrez gain, lan sarituen aurkezpen publikoak egingo dira urrian zehar, hiriko auzo desberdinetan, arratsaldeko 19:00etan:

Orain arteko dinamikari jarraiki aurkezpenak epai-mahaia osatutako eragileekin elkarlanean antolatu dira: Sarburu elkartea, Gauekoak, Zizta Euskara Taldea eta GEU elkartea.

Erakusketa ikustera eta aurkezpen publikoetara doazen lagunen artean Durango inguruko Garaiko Landetxean bi pertsonentzako gau bateko egonaldia zozkatuko da (denboraldi baxuan, zubietatik eta udatik kanpo). Zozketan parte hartzeko erakusketan eta aurkezpenetan eskuragai egongo den eskuorria bete beharko da. Zozketa azaroaren 3an izango da.

Hona hemen lehiaketara aurkeztutako argazki batzuk:

 

 

Izan Media tailer arrakastatsuak, teoriatik praktikara pasatzeko

Giro ederrean ospatu genituen Izan Media tailerrak Oihaneder Euskararen Etxean. Hala Beditik eskerrak eman nahi dizkiegu tailer hauek posible egin dituzten guztiei: Hala Bedi Tabernako zerbitzariak, tailerrak euren borondatez eskaini zituzten irakasle guztiak, partaideak… Proiektuan parte hartzeko ateak zabalik ditugu: harremanak.halabedi@gmail.com.

 

Egun polita ospatu genuen Hala Bediko eta Herri Mugimenduko kideok aurreko larunbatean Oihaneder Euskararen Etxean, Gasteizen. Goizez eta arratsaldez komunikazioan trebatzeko aukera izan genuen 60 bat lagunok: ikasi, jakintza elkarbanatu eta teoritiatik praktikara pasatzeko aukera. Giro ona, batera egonez egun guztian zehar eta Hala Bedi Tabernan bazkaltzeko aukera ere izanez. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu Hala Bedi tabernako zerbitzariei, Gasteizera hurbildu ziren partaideei eta euren borondatez tailerrak dinamizatu zituzten irakasle guztie.

Irratigintza. Hori izan zen larunbateko tailerretako bat. Ahozkotasuna landu zuten goizean, praktikara eramanez eta ahotsak grabatuz. Arratsaldean, aldiz, editatzeko aukera izan zuten, proiektu honek berak erabiltzen duen programa baliatuz horretarako. Irratia ezagutzen ez duten horiek ere irrati batek nola funtzionatzen duen ezagutu zuten, Hala Bedi Irratia bera baliatuz horretarako.

Erdi Aroko azoka aitzaki,  argazkilaritza tailerrean ezagutza ezberdinak praktikan jartzeko aukera aparta izan zen larunbatekoa. Dos Por Dos  Photoko kideek teoria eta praktika uztartu zituzten, kalera ateraz beharrezko ezagutzak jasotzeko.

Sare Sozialak & Prentsa tailerrari dagokionez, bi bloketan banatu zen eguna. Goizean, Argiako Axier Lopezek eta Lander Arbelaitzek sare sozialak eta hauen agitazioa landu zuten. Arratsaldean, aldiz, Radio Euskadiko Iñaki Larrañagarekin Herri Mugimenduak prentsarekin izan beharreko harremanaz hausnartu zen, kasu praktikoak jarriz mahaiaren gainean.

Tailer jendetsuena  kartelgintzarena izan zen. 15 ikasle inguru egon ziren goizez eta arratsaldez kartelak nola egin trebatzen. Kartel bat nola egiten hasi, efektuak nola sartu, erakargarria nola izan… ikasi zuten tailer honetan.

Bideogintza tailerrean ere teoriatik praktikara pasa ziren egunak aurrera egin ahala. Goizean grabazioan trebatzeaz aparte, ediziorako aukera izan zuten arratsalde partean. Horren erakusle, jardunaldien laburpena biltzen duen bideoa. Bideo hau, bideogintza tailerrean parte hartu zuten hamar partaide inguruk egin zuten.

Eta orain, zer?

Orain lanera, komunikazioan trebatzera, aitzakiarik gabe. Horretarako aukera ederra izan daiteke Hala Bedin parte hartzea eta proiektu honen parte izatea. Tailerrean parte hartu dutenek formakuntza minimo bat jaso zuten larunbatean, baina Oihaneder Euskararen Etxera hurbiltzeko aukera izan ez zenutenok ere parez pare dituzue ateak zabalik, eta beharrezko formakuntza minimoa irratian eskaintzeko prest gaude.

Harremanetan jartzeko:  harremanak.halabedi@gmail.com

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituen zikloa bueltan

Abian da hirugarren urtez Oihaneder Euskararen Etxeko Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloa. Urtzi Urrutikoetxeak inauguratuko du ikasturtea Zertaz ari gara hizkuntza-normalizazioaz ari garenean? izenburupeko hitzaldiarekin. Irailaren 27an izango da eguerdiko 12:00etan EHUn eta 19:00etan Oihanederren. 17/18 ikasturtean 6 hizkuntza aurkeztuko dira: Europako frisiera eta kaxubiera, Amerikako kokamera eta txerokiera eta zeinu hizkuntzak eta esperantoa.

Hitz Adina Mintzoko ikasturte berriko inaugurazioan, irailaren 27an, Urtzi Urrutikoetxea kazetari eta idazleak Europako hainbat hizkuntza-esperientzien begirada konparatiboa egingo du. Saio bikoitza izango da; goizean 12:00etan EHUko Elurreta eraikineko gradu aretoan egingo da eta arratsaldean 19:00etan Oihanederreko Ortuño aretoan.

17/18 ikasturteko 6 hizkuntzak:

Urritik apirilera bitartean Hitz Adina Mintzok sei hizkuntza gutxitu hurbilduko dizkigu. Zehazki, urriaren 18an Durk Gorterrek frisiera hizkuntza aurkeztuko du. Azaroan esperantoaren txanda izango da Aitor Aranaren eskutik. 2018ari dagokionez, urtarrilean zeinu hizkuntzara hurbiltzeko aukera izango dugu Miren Lazkano hizkuntza teknikaria eta Ainitze Laskurain interpretearen bitartez. Otsailean Maialen Sobrino hizkuntza ekintzailea kaxubieraz mintzatuko da. Martxoan Roberto Awa Nari kokama herritar euskaldunberriak tupi-guaranieraren aldaera den kokamera hizkuntza aurkeztuko du. Bukatzeko apirilean ekialdeko txerokieraz arituko da Misha Becker.

Hizkuntza guztiak euskaraz aurkeztuko dira frisiera eta txerokiera izan ezin; gazteleraz izango dira.

Parte hartze ziurtagiria:

Hizkuntzen aurkezpen saio guztietan (12 ordu) parte hartzen duten pertsonek ziurtagiria jasoko dute. Horretarako izena eman behar da hemen.

Hitz Adina Mintzo:

Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Euskaldunok ondo dakigu zer den hizkuntza gutxitu baten hiztunak izatea. Testuinguru honetatik abiatuz zikloak munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarri eta ezagutarazi nahi du.

Hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkeztuko dute. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egingo dira.

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, Irlandako gaelera, gaskoiera eta Guernsey uharteko guernseyera, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa eta lenkera, Asiako kurduera eta hokkienera eta Afrikako tamazightera hizkuntzak landu dira (ikusi zikloaren bloga).

2016. urteko Oihaneder Euskararen Etxeko memoria

2016. urteko udazkenean Oihaneder Euskararen Etxeak bi urte bete zituen. Sortu zenetik kultura jarduera anitz eta askotarikoak antolatu dira bertan, beti ere euskara ardatz.

Memoria honek Oihanederren 2016. urteko jarduera jasotzen du modu laburrean.

Txostena sei ataletan banatuta dago:

  • Sarrera
  • Programazioa
  • Erabiltzaileak
  • Elkarlana
  • Komunikazioa
  • Ondorioak

Horrez gain, eranskinak dokumentuan urtean zehar Oihaneder Euskararen Etxean burututako jarduera guztien zerrenda dago.

 

 

 

 

 

Graffitiei buruzko ikastaroa, euskaraz, Pilarreko gizarte etxean

Graffitiak baditu mila aurpegi: spray kultura alternatiboaren bideetatik izeneko kultur ikastaroa programatu du Udaleko Kultura Zerbitzuak Pilarreko gizarte etxean. 10 saio izango dira guztira, urriaren 4tik abenduaren 20ra bitarteko asteazkenetan, 19:30etik 21:00etara. Fill in Culture elkarteko kideak diren Egoitz K. eta Aratz RB. arituko dira irakasle, eta bertan graffitiaren munduaz jardungo dute, paretetan eta beste hainbat gainazaletan idazteko behar hori ulertzen saitzeko eta alde positiboak zein negatiboak mahai gainean jartzeko.

Besteak beste, Estatu Batuetako jatorritik planeta osora egingo dute jauzi ikastaroan, graffitiaren historian emakumeek jokatu duten papera aztertuko dute, street art eta muralismoarekiko harremanak ere mintzagai izango dituzte… eta arreta berezia eskainiko diote euskal graffitiari, batez ere gure hirikoari.

Izena emateko epea zabalik dago, edozein gizarte etxetan zein interneten bidez, hemen klikatuta.

Irakurketa kluba euskaraz komikien inguruan Salburuko gizarte etxean

Udalaren Liburutegi Sareak komikia ardatz duen irakurketa klub bat programatu du urteko azken hiruhilabeterako. Komikiak irakurtzea gustuko baduzu, anima zaitez eta parte hartu.

Hiru saio dira, besterik ez, urriko, azaroko eta abenduko lehen astelehenetan, 19:00etatik 20:30era Salburuko gizarte etxean. Dinamizatzaile lanetan, komikietan aditua den Estitxu Urretxu arituko da, eta saioetan hiru komikiren inguruan jardungo dute parte hartzaileek, hirurak euskarara ekarriak:

– Urriaren 2an: Baleak ikusi ditut (Astiberri, 2014). Egilea: Javier de Isusi. Euskal Herrian ezagutu dugun indarkeriari zuzendutako begirada.

– Azaroaren 6an: Kristalezko hiria (Txalaparta, 2006). Paul Austerren eleberriaren moldaketa, Paul Karazik egina eta David Mazzucchellik marraztua.

– Abenduaren 4an: Nemo txikia (Ttarttalo). Egilea: Winsor McCay. Bederatzigarren artearen obra nabarmenetariko bat, XX. mende hasieran sortua.

Hiru saio, hiru komiki: euskal autore bat, eleberri baten adaptazioa eta klasiko bat. Gertutik ezagutzen ditugun gaiak batzuetan, fantasia hutsa besteetan; ohiko teknikak edota teknika berritzaileenak erabiltzen dituzten komikiak; zuri-beltzean zein kolore bizikoak… Horretaz guztiaz arituko gara. Komikiez arituko gara.

Parte hartu nahi baduzu, izena eman behar duzu aurretik Interneten bidez nahiz edozein gizarte etxetan. Komikiak Udalaren Liburutegi Sareak jarriko ditu.

Zabalik da “Izan Media” tailerretan izena emateko epea

Hala Bedi irratiak eta Oihaneder Euskararen Etxeak Izan Media tailerrak antolatu dituzte elkarlanean. Zehazki herri komunikazioa ardatz duten bost tailer ezberdin egingo dira: kartelgintza, bideogintza, irratigintza, argazkilaritza eta prentsa eta sare sozialak.Tailerrak irailaren 23an, larunbata, izango dira Oihaneder Euskararen Etxean goiz eta arratsaldez.

Komunikabideek mugitzen dute mundua. Askotan errepikatuagatik, oharkabean ahazten dugun egia horietako bat da. Komunikatzen ez dena, azken batean, ez delako existitzen. Zerbaiten parte izan nahi duenak, beraz, komunikatzeko beharra dauka. Edo beste era batera esanda: izan nahi dugulako komunikatzen gara.Eta horretarako, eskura ditugun tresnak ahalik eta ondoen erabili behar ditugu. Hori da, hain zuzen ere, Izan Media tailerren helburua.

Tailerrak:

  • Kartelgintza: Kartelak egiten ikasteko tailerra. Nola hasi kartel bat egiten? Zertarako? Nola erabili programa ezberdinak?
  • Bideogintza: Bideoak egiten hasteko eta prozesu honetan trebatzeko truko ezberdinak landuko dira
  • Irratigintza: Irratian jarduteko baliabide ezberdinak behar ditugu; errazak dira hauetako batzuk, zailagoak beste batzuk. Kuña bat nola egin, mahai tekniko bat nola kontrolatu, nola lokutatu… ikasiko dugu tailer honetan
  • Argazkilaritza: Erdi Aroko azoka aprobetxatu ahalko dugu argazki ezberdinak nola atera ikasteko: erretratuak, enkuadrea, argia …
  • Prentsa eta Sare Sozialak: Nola egin prentsa deialdi bat? Nola sortu txio biral bat? Nola sortu kanpaina komunikatibo eraginkor bat? Galdera hauek erantzungo dira tailer honetan.

Izen ematea:

Tailerretan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako harremanak.halabedi@gmail.com emailera idatzi behar da izen-abizenak eta parte hartu nahi den tailerra zehaztuz. Irailean tailerren informazio gehiago zabalduko da eta hauen inguruko azken detaileak zehaztu.

Izen ematea 10 € izango dira eta Hala Bediren USB bat emango da opari gisa.

Tailerretan parte hartzeko plazak mugatuak dira eta izen-emate ordena errespetatuko da.

Izena emateko epe berria: zurezko jolas kooperatiboak

Dona Dona Katona familia arteko jolas saioetan izena emateko epea luzatu dugu. Epe berria abuztuaren 23tik irailaren 6ra bitartekoa izango da.

Izena emateko epea: amaitua

Iaz jolas tradizionalekin aritu ziren haur eta gurasoak. Aurten iraileko bi larunbatetan zurezko jolas kooperatiboak egingo dira. Egurrezko joko kooperatiboen bitartez ondo pasatzeaz gain gurasoen eta seme-alaben artean euskararen erabilera sustatu eta elkarren arteko laguntza jorratuko da.

Saioak zehazki irailaren 9an eta 16an izango dira eguerdiko 12:00etatik 14:00ra bitartean Falerina Lorategian.

Partaideak, 5 urtetik gorako haurrak eta euren senideak,  jokoz-joko ibiliko dira modu kooperatiboan batetik bestera salto egiten. Jolasek ezarritako erronkak lortzeko partaideen arteko komunikazio egokia ezinbestekoa izango da. Horretarako, Kalaka elkarteko dinamizatzaile bat parte hartzea bultzatzen ibiliko da.

Jarduera euskaraz garatuko da. Parte-hartzaile kopuru mugatua da eta plazak esleitzerako orduan izen-emate hurrenkera hartuko da kontuan. Doako ekintza izango da.