Arabako emakumeak lanean, 1890-2000 argazki erakusketa

2017-03-02 / oihaneder

Oihaneder Euskararen Etxeak Arabako Emakumeak Lanean, 1890-2000 argazki erakusketa sortu du. Aritza Sáenz del Castillo ikerlariaren jatorrizko ideian oinarrituta, Arabako emakumezkoek XIX. mendearen amaieran eta XX. mendean zehar sektore ekonomiko ezberdinetan izandako presentzia islatzen du 44 iruditan. Bisita gidatu batek inauguratu zuen erakusketa martxoaren 2an. Apirilaren 2ra bitartean egongo da ikusgai.

arabako-emakumeak-lanean_moztuta Arabako emakumeak lanean argazki erakusketak emakume arabarrek lurraldearen garapen ekonomikoan eta sozialean izandako garrantzia azpimarratu nahi du. Biltzen dituen 44 argazkiak hamarkadaka daude antolatuta, 1890etik 2000. urtera bitartean. Zehazki, historiako lau epealdi nagusitan daude banatuta: Borboien Berrezarkuntza, II. Errepublika, Frankismoa eta Trantsizioa-Demokrazia.

Oihaneder Euskararen Etxeak sustatutako erakusketa hau Aritza Sáenz del Castillo ikerlari gasteiztarraren jatorrizko ideian dago oinarrituta. Iker Durana Oihanederreko teknikariak zehaztu bezala, “Aritzaren Las Damas de Hierro izenburuko tesia du abiapuntu. Orain urtebete, bere lana hemen aurkeztera gonbidatu genuen. Gaia beste modu batean jorratzeko proposamena luzatu zigun berak, publiko zabalagora iriste aldera. Ideia interesgarria iruditu zitzaigun eta elkarrekin proiektua lantzeari ekin genion”.

Erakusketak Vitoria-Gasteizko Udalaren Berdintasunerako Zerbitzuaren laguntza izan du. Jaione Agirre Berdintasunerako zinegotziaren hitzetan “Oihanederretik ekimen hau proposatu zigutenean, argi izan genuen Berdintasunaren Zerbitzuak ekimen honetan parte hartu behar zuela. Arabako eta Gasteizko emakumeek garapen ekonomikoan eta sozialean izandako paperaren inguruan hausnartzera garamatza erakusketak, askotan isilduarazitako gogoetara. Emakumearen Egunaren programazioaren barruan sartzeko zalantzarik ere ez genuen izan”. Halaber, Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboa, Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia eta Sancho el Sabio Fundazioarekin egindako elkarlanaren emaitza da. “Agiritegietan emakumezkoen ogibideak era bikainean erretratatuak agertzen ziren argazki oso esanguratsuak topatu ditugu. Bidean geratu diren asko datozkit burura, baina erakusketa honetan daudenak asko dute esateko” azaldu du Aritzak.

argazkiak-oihaneder-ikurraMartxoaren 2tik apirilaren 2ra egongo da ikusgai Oihaneder Euskararen Etxeko lehen solairuko erakusketa aretoan. Bisita gidatu batek inauguratuko zuen martxoaren 2an. Bertan Sáenz del Castillo argazkien testuinguru historikoaz aritu zen “argazkiak garai baten lekuko mutu bilakatuko dira. Argazkietatik haratago joan eta garai bakoitzeko gizartean emakumezkoek jokatzen zuten eginkizuna aztertu zen”. Duranak irudien aukeraketaren nondik norakoak azaldu zituen.

Bestalde, martxoaren 9an Emakumeak eta Lana: Harreman banaezina historian zehar izeneko hitzaldia izango da. Bertan Gasteizko emakumeen historia garaikidea birpasatuko du Aritzak. Emakumezkoen lana abiapuntu eta ardatz izanik, hauek gizartean duten eginkizuna aztertuko eta gizartean duten protagonismoa aldarrikatuko da.

* Ordutegia: Asteartetik ostiralera: 19:00-21:00 / Larunbatetan: 12:00-14:00 eta 19:00-21:00 / Igandeetan: 12:00-14:00.