Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak Mantxako kanaleko guernseyera, Irlandako gaelera, erdialdeko Amerikako lenkera eta Asiako hego-ekialdeko hokkienera hizkuntzak hurbilduko dizkigu 2017an. Guernsey uharteko hizkuntzarekin dugu lehen hitzordua asteazken honetan, urtarrilak 18. Julia Sallabank adituak aurkeztuko du guernseyera 19:00etatik aurrera.
Guernseyera Mantxako uharteetako bat den Guernsey uhartean hitz egiten den hizkuntza normandiarra da. Irla hauek urteetan zehar mantendu dute Britainiar Koroarekiko autonomia eta hori ere arlo kulturalean nabaritu da: ez dira ez britainiarrak ez frantsesak, baina izan litezke. Gaur egun guernseyera ia ez da irakasten eskoletan eta 5.000 hiztunera ere ez omen da iristen, azken hamarkadan hizkuntzaren aldeko ekimenak abiatu diren arren.
Julia Sallabank adituak aurkeztuko du hizkuntza. Julia Londresko SOAS Unibertsitateko irakaslea da, hango Hans Rausing Endangered Language Program-en baitan. Guernsey-koa zuen ama eta hortik sortu zitzaion gerora hizkuntza ikasi eta aztertzeko gogoa. Geroztik, guernseyeraren aldeko hamaika ekimenetan jardun da. Ikerlari bezala, hizkuntza biziberritzea eta hizkuntza plangintza eta politika ditu ikergai nagusi, bereziki ikuspegi soziolinguistiko batetik abiatuta. Hizkuntza biziberritzearen esparrua teorizatu gabe dagoela ebatzita, eremu hori ‘intelektualizatzen’ dihardu. Idazle oparoa da eta iaz “Cambridge Handbook of Endangered Languages” argitaratu zuen, Peter Austin adituarekin batera.
Hitzaldia ingelesez izango da eta euskararako aldi-bereko itzulpen zerbitzua egongo da. Saio honek Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren laguntza jaso du.
Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu, munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarriz eta ezagutaraziz. Zikloaren lehen ikasturtean, 2015/2016, galiziera, nawatera, galesera, asturiera, tamazightera, gaskoiera eta kurduera hizkuntzak aurkeztu ziren. 16/17 ikasturtean zazpi hizkuntza gutxitu landuko dira. Dagoeneko Ameriketako quichuera, kaqchikelera eta maya yucatekoa, katalana eta aragoiera aurkeztu dira (ikusi zikloaren bloga).
2017an guernseyeraz gain, Irlandako gaelera (Patrick Carlin Ipar Irlandako soziolinguista euskalduna), Erdialdeko Amerikako lenkera (Alan King hizkuntzalaria, itzultzailea eta euskalaria) eta Asiako hego-ekialdea hokkienera (Sim Tze Wei hizkuntza ekintzailea) hizkuntzak landuko dira.