Hitz Adina Mintzon mapuzugun-a, maoriera, bretoiera, hassaniera, parmera eta lemkera

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 4. ikasturteak 6 hizkuntza hurbilduko dizkigu: mapuzugun-a, maoriera, bretoiera, hassaniera, parmera eta lemkera. Gemma Sanginesek inauguratu zuen ikasturte berria irailaren 20an “Nork esan zuen Gasteiz ez dela euskalduna? izenburupeko hitzaldiarekin. Aurten zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da eta 25 €ko prezioa du. Izena emateko epea zabalik dago.

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituen zikloak laugarren ikasturteari ekin dio. Irailaren 20an Gemma Sanginesek inaugurazio hitzaldi bikoitza eskaini zuen Nork esan zuen Gasteiz ez dela euskalduna?izenpean; lehena 11:00etan UPV/EHUko Letren Fakultateko Gradu aretoan eta bigarrena 19:00etan Oihanederren. Bertan hizkuntza aurreiritzien inguruan aritu zen.

Urrian mapuzugunaren txanda izango da Wallmapu Euskal Herria elkartearen eskutik. Saioaren amaieran, 20:15ean, estreinatu berri den Mai da bai dokumentala eskainiko da. Azken honetarako sarrera librea izango da. Azaroan Imanol Miner normalizazio teknikariak Zelanda Berriko maoriera aurkeztuko du. 2019an urtarrilean Metig Jakez-Vargas kazetaria bretoieraz arituko da eta otsailean Elyem Chej Gizarte Hirigintzako teknikariak Saharako hassanieraz. Sara Agnetti fisioterapeutak parmera hurbilduko digu martxoan eta bukatzeko, apirilean Jon Mikel Intsausti informatikariak lemkera izango du hizpide.

Aurten lehen aldiz zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak 25 €ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 € ordaindu beharko da saioko. Gemma Sanginesen aurkezpen saioa doakoa izango da. Aurten ere zikloak UPV/EHU, Garabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren babesa du.

Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentat eta UPV/EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da (behin gutxieneko asistentzia ziurtatu eta parte-hartze ziurtagiria lortuta).

Oihaneder Euskararen Etxeak 2015ean sortu zuen Hitz Adina Mintzo, Beñat Garaiorekin elkarlanean. Zikloak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea eta hizkuntza aniztasuna balorean jartzea eta ezagutaraztea du helburu. Bertan hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkezten du. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egiten dira.

2015etik hona aurkeztutako hizkuntzak:

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera, Irlandako gaelera eta kaxubiarra, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa, lenkera eta ekialdeko txerokiera , Asiako kurduera eta hokkienera, Afrikako tamazightera eta mundu mailako esperantoa eta zeinu hizkuntzak landu dira (ikusi saioen bideoak).

2018-2019 ikasturteko egitaraua:

  • Urriak 24, asteazkena:Mapuzugun
    • Wallmapu Euskal Herria elkartea & Mai da bai dokumentala
    • Saio honetan izena emateko hemen
    • Dokumentalaren proiekziorako sarrera librea izango da (20:15)
  • Azaroak 14, asteazkena: Maoriera
    • Imanol Miner normalizazio teknikaria
    • Saio honetan izena emateko hemen
  • Urtarrilak 16, asteazkena: Bretoiera
    • Metig Jakez-Vargas kazetaria
    • Saio honetan izena emateko hemen
  • Otsailak 20, asteazkena:Hassaniera
    • Elyem Chej Gizarte Hirigintzako teknikaria
    • Saio honetan izena emateko hemen
  • Martxoak 20, asteazkena: Parmera
    • Sara Agnetti fisioterapeuta
    • Saio honetan izena emateko hemen
  • Apirilak 10, asteazkena:Lemkera
    • Jon Mikel Intsausti informatikaria
    • Saio honetan izena emateko hemen

Sormen laborategi gaztea Oihanederren; izen-ematea zabalik

Urritik apirilera bitartean,Gazte sortegiak sormen eskola egingo da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero. Oihane Pereak, Jon Basagurenek, Unai Lopez de Armentiak eta Maider Oleagak bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoen laborategiak landuko dituzte bertan, hurrenez hurren. Izena emateko epea irailaren 10etik 24ra bitartean egongo da zabalik. Eskolak 100 €ko prezioa du.

14-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta, “Gazte sortegiak” sormen eskolak apirilean Kanpezun egindako sormen egonaldiari jarraipena emango dio. 18-19 ikasturteko urritik apirilera bitartean garatuko da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero, arratsaldeko 17:00-18:30 artean, zehazki. Eskola borobiltzeko, amaieran sormen asteburua egingo da.

Egitasmoak lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen du. Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako ekimena da, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Topaguneak sustatuta eta Gasteizko Udalak, Arabagara elkarteak, Arabako Foru Aldundiak, Vital Fundazioak eta Laboral Kutxak babestuta.

Bertsolaritza, musika, antzerki-dantza eta ikus-entzunezkoen laborategiak:

Ikasturtean zehar 4 sormen laborategi landuko dira, eta ikasitakoak praktikan jartzeko, eskola amaitzean, udaberrian, sormen asteburua egingo da Arabako herri batean.

Urriaren 1etik azaroaren 5era Oihane Pereak, Arabako  Bertsozale Elkarteko eragilea eta Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna, Bertsoa jolas izeneko sortegia gidatuko du. Jon Basaguren musikari eta esatariak musika lantegia zuzenduko du Musikaz egin izenpean, azaroaren 12tik abenduaren 17ra bitartean. Unai Lopez de Armentiak, antzerkilaria eta Baratza aretoko arduraduna, antzerkia eta dantza uztartuko ditu Antzerki–dantza laborategian, 2019ko urtarrilaren 7tik  otsailaren 11ra. Bukatzeko Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai Zer daki begiak soinuez? galderaren testuinguruan, otsailaren 18tik apirilaren 1era.

Izen-ematea:

Eskolak, amaierako sormen asteburua barne, 100 €ko prezioa du. Izena emateko epea irailaren 10etik 24ra bitartean egongo da zabalik. Interesa dutenek inprimaki hau bete beharko dute. Sortegiak@oihaneder.eus emailaren bitartez ere eman daiteke izena izen-abizenak,  NAN-a, jaiotze data, ikastetxea, herria eta auzoa eta kontakturako telefonoa eta emaila zehaztuz. Plazak mugatuak dira eta izen-emate hurrenkera errespetatuko da

Sormen egonaldiaren arrakastaren bidetik:

Oihane Perea gustura oso ibili zen egonaldian eta argi zuen ezin zuela sormen eskolan hutsik egin “adin horretan gauzak probatzeko eta sormen jolaserako neukan grinaz akordatu nintzen egonaldian. Euskara nuen bihotzeko hizkuntza, baino sormenak lehen planora ekarri zuen. Geroko nere hizkuntza hautuan erabakiorra izan da bertsolaritza. Euskaraz lana gozatu, harremandu, sortu eta bizitzea lortu nuen. Asko bete nau horrek. Egonaldiko gazteekin hori konpartitu eta berbizitzea mundiala izan zen. Eta aldi berean haiek antzeko prozesu batean ikustea: opari bat.”

Egonaldian egondako eta eskolan dagoeneko izena eman duen Izaro Fagundez gazteak uste zuena baino askoz gauza gehiago egin ditzazkeela ikasi zuen egonaldian; “hasieran uste nuen ez nintzela gai izango gauza asko egiteko, musika kontuan adibidez, ez dut intrumenturik jotzen eta. Baina ez da horrela izan, instrumenturik jo gabe ere musika sortzeko eta musikarekin harremana izateko modu asko daudela ikasi dut, sormena erabiliz hainbat gauza egin daitezkeela ikasi dut. Gainera, orain gauzak egin eta sortzeko askoz motibatuago nago.” Bere antzeko gustu eta interesak dituen jende interesgarria ezagutu izanagatik pozik dago Izaro eta eskolan are jende gehiago ezagutzea espero du. “Eskolan parte hartzera animatu naiz, egonaldiko bost egunetan gauza asko ikasi nituenez, urte guztian zehar sormen eskolan asko ikasiko dudala uste dudalako. Gainera, sormen eskola aisialdia euskeraz bizitzeko aukera paregabea da, eskolaz kanpoko ekintza gehienetan ez dagoen aukera”.

Maider Oleagaren iritziz “gaur egungo gazteengan sormena sustatzea beharrezkoa” da eta euskararen bitartez egitea “funtsezkoa”. “Sorkuntza euskaraz lantzea berebiziko garrantzia dauka, hizkuntza bera delako sortzeko tresna, mundua izendatzen duen heinean. Gure-gurea den modu batean sortzen dugu, zentzu batean. Egonaldian euskara egunerokotasunaren erdian egotearen gozamena bizitu genuen”. Oleagak 18 urterekin zuzendu zuen bere lehenengo film laburra; “hori baino lehen zinemarekiko grina hor zegoen, baina ez nuen garatzeko tresnarik izan. Oso garrantzitsua da horrelako sugarrak, agian izen gabeko jakingurak, garatzeko espazioak eta egoerak eskaintzea”.

Irune Santamaría gazteak dioenez, sormen egonaldiak “arte mota desberdinak ezagutzea, haietan trebatzeko irrika eta haien arteko erlazioa duten proiektuak sortzeko aukera eta gogoa” ekarri zion. “Giro ezinhobe horretan elkar-bizitzea, denok batera egitea guztia eta euskaraz askoz gehio berba egitea” nabarmendu ditu Oihana Hernando parte-hartzaileak.