Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 4. ikasturteak 6 hizkuntza hurbilduko dizkigu: mapuzugun-a, maoriera, bretoiera, hassaniera, parmera eta lemkera. Gemma Sanginesek inauguratu zuen ikasturte berria irailaren 20an “Nork esan zuen Gasteiz ez dela euskalduna? izenburupeko hitzaldiarekin. Aurten zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da eta 25 €ko prezioa du. Izena emateko epea zabalik dago.
Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituen zikloak laugarren ikasturteari ekin dio. Irailaren 20an Gemma Sanginesek inaugurazio hitzaldi bikoitza eskaini zuen “Nork esan zuen Gasteiz ez dela euskalduna?” izenpean; lehena 11:00etan UPV/EHUko Letren Fakultateko Gradu aretoan eta bigarrena 19:00etan Oihanederren. Bertan hizkuntza aurreiritzien inguruan aritu zen.
Urrian mapuzugunaren txanda izango da Wallmapu Euskal Herria elkartearen eskutik. Saioaren amaieran, 20:15ean, estreinatu berri den Mai da bai dokumentala eskainiko da. Azken honetarako sarrera librea izango da. Azaroan Imanol Miner normalizazio teknikariak Zelanda Berriko maoriera aurkeztuko du. 2019an urtarrilean Metig Jakez-Vargas kazetaria bretoieraz arituko da eta otsailean Elyem Chej Gizarte Hirigintzako teknikariak Saharako hassanieraz. Sara Agnetti fisioterapeutak parmera hurbilduko digu martxoan eta bukatzeko, apirilean Jon Mikel Intsausti informatikariak lemkera izango du hizpide.
Aurten lehen aldiz zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak 25 €ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 € ordaindu beharko da saioko. Gemma Sanginesen aurkezpen saioa doakoa izango da. Aurten ere zikloak UPV/EHU, Garabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren babesa du.
Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentat eta UPV/EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da (behin gutxieneko asistentzia ziurtatu eta parte-hartze ziurtagiria lortuta).
Oihaneder Euskararen Etxeak 2015ean sortu zuen Hitz Adina Mintzo, Beñat Garaiorekin elkarlanean. Zikloak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea eta hizkuntza aniztasuna balorean jartzea eta ezagutaraztea du helburu. Bertan hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkezten du. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egiten dira.
2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera, Irlandako gaelera eta kaxubiarra, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa, lenkera eta ekialdeko txerokiera , Asiako kurduera eta hokkienera, Afrikako tamazightera eta mundu mailako esperantoa eta zeinu hizkuntzak landu dira (ikusi saioen bideoak).
2018-2019 ikasturteko egitaraua:
- Urriak 24, asteazkena:Mapuzugun
- Wallmapu Euskal Herria elkartea & Mai da bai dokumentala
- Saio honetan izena emateko hemen
- Dokumentalaren proiekziorako sarrera librea izango da (20:15)
- Azaroak 14, asteazkena: Maoriera
- Imanol Miner normalizazio teknikaria
- Saio honetan izena emateko hemen
- Urtarrilak 16, asteazkena: Bretoiera
- Metig Jakez-Vargas kazetaria
- Saio honetan izena emateko hemen
- Otsailak 20, asteazkena:Hassaniera
- Elyem Chej Gizarte Hirigintzako teknikaria
- Saio honetan izena emateko hemen
- Martxoak 20, asteazkena: Parmera
- Sara Agnetti fisioterapeuta
- Saio honetan izena emateko hemen
- Apirilak 10, asteazkena:Lemkera
- Jon Mikel Intsausti informatikaria
- Saio honetan izena emateko hemen