Urtea estreinatzeko… Gabonetan Jai!

Laugarren urtez Gabonetan jai  familia giroan euskaraz gozatzeko ekimena bueltan da. 2019ko urtarrilaren 2tik 4ra bitartean izango da Oihanederren ur-biltegian. Musika galduaren bila, Zutuberrak  eta Bualá ikuskizunek osatzen dute kartela. Saio bakoitza  alde zaharreko Goian proiektuak antolatutako ekintzekin osatuko da. Ekimenaren atariko gisa, abenduaren 28an Badator Sorgina Txirulina ipuin kontaketa egongo da.  Parte hartzeko gonbidapenak abenduaren 17tik aurrera egongo dira eskuragai, Oihanederren harreran.

Familian gozatzeko musika, dantza eta antzerkiarekin estreinatuko du 2019a Oihanederrek. Ikuskizunak  urtarrilaren 2tik 4ra bitartean  izango dira, eguerdiko 12:00etatik aurrera, ur-biltegian. Saioak adin ezberdinetako umeei  eta nerabei zuzenduta egongo dira.

Urtarrilaren 2an Eneko Etxebarrietaren Musika galduaren bila  antzezlana egongo da, 4-12 urte bitarteko umeei zuzendua. Ostean Goianeko kideek musika tailerra egingo dute. Hilaren 3an Eidabe konpainiak Zutuberrak izeneko lana aurkeztuko du. 7-14 urte arteko umeentzako izango da. Ondoren Goianen UrbanDance jarduera egongo da. Bukatzeko urtarrilaren 4an Txaloka Antzerkiaren Bualá  lana egongo da, 4-10 urte  bitartekoentzat.  Goianeko lagunek  sukaldaritza tailer txikia  egingo dute amaitzeko.

Zikloaren atariko gisa, Badator Sorgina Txirulina! ipuin-kontaketa egongo da abenduaren 28an arratsaldeko 18:00etan, Ortuño aretoan.

Parte hartzeko gonbidapena beharrezkoa izango da.  Abenduaren 17tik aurrera  egongo dira eskuragai Oihanederreko harreran, goizeko 09:00etatik aurrera. Pertsona bakoitzeko gehienez 4  gonbidapen banatuko dira: 2 ume + 2 laguntzaile.

Ateak ikuskizunak hasi baino ordu laurden lehenago zabalduko dira eta umeek gurasoak edo beste helduren batek lagunduta egon behar dute.

“Arabako emakumeak lanean, 1890-2000” erakusketa: 4000 ikusleren bueltan

2017ko udaberrian inauguratu ostean, Oihanederrek sustatutako Arabako Emakumeak lanean, 1890-2000 argazki erakusketa Gasteizko Adinekoentzako zortzi Zentro Soziokulturaletan egon da ikusgai. Oihanederren izandako ia 2000 bisitei beste hainbeste gehitu zaikie  bigarren fasean; guztira 4000 lagun inguruk bisitatu du. Erakusketak Arabako emakumezkoek XIX. mendearen amaieran eta XX. mendean zehar sektore ekonomiko ezberdinetan izandako presentzia islatzen du, 44 iruditan.

Oihaneder Euskararen Etxeak sustatutako Arabako Emakumeak lanean 1890-2000 argazki erakusketa hiriko Adinekoentzako zortzi Zentro Soziokultural ezberdinetan egon da ikusgai, 2017ko maiatzetik 2018ko urrira bitartean. Ariznabarrako Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean hasi zuen bira iazko maiatzean, 250 ikuslerekin. Urrian Txagorritxukoan 316 bisitari jaso zituen eta abenduan Aranakoan 275. 2018ko urtarrilean San Kristobalgo Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean izan zen. Han jasotako 189 bisitei beste 221 gehitu zitzaizkien otsailean Zaramagako egoitzan. Ostean erdigunera joan zen, San Prudentzioko Zentrora martxoan, 240 ikuslerekin, eta Landazurikora ekainean, 280 ikuslerekin. Judimendiko Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean eman ditu azken urratsak 310 bisitekin.

Lehen fasean, Oihanederren, 1700 bisitari izan zituen. Bigarrenea 2.081  ikusle erakarri ditu; orotara 4000 lagun inguru.

Erakusketa Aritza Sáenz del Castillo ikerlari gasteiztarraren jatorrizko ideian dago oinarrituta. 44 argazkien bitartez emakume arabarrek 1890. urtetik 2000. urtera lurraldearen garapen ekonomikoan eta sozialean izandako garrantzia azpimarratu nahi du.

Proiektu honek Vitoria-Gasteizko Udalaren Berdintasunerako Zerbitzuaren laguntza izan du.  Halaber, Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboa, Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia eta Sancho el Sabio Fundazioarekin egindako elkarlanaren emaitza izan da.

 

 

11 Ber Bi Festibala: 22 egun, 33 jardunaldi, 11 antolatzaile

Gasteizko Euskararen Elkarguneak, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak  “11 Ber Bi Festibala” izeneko jaialdia aurkeztu dute. Azaroaren 23tik abenduaren 14ra arte luzatuko da, eta askotariko aukerak eskainiko ditu: antzerkia, filmak, hitzaldiak, kontzertuak, karaokea… Bereziki gazteei begirako jarduerak izango dira, “herritarren artean euskararen erabilera handitzeko funtsezko elementua baita”.

Jardunaldiak iragartzeko kartelak ‘Hartu zure lekua eta jarri eroso’ lema darama, sofa baten irudiarekin batera, ekintzez gozatzeko gonbit eginez. Programa osatzerakoan, kultur sorkuntzaren arloko berrikuntzen alde egin da, esaterako, Mug Mus Laborategiaren Esku Harriak: Oteizaren Haria eta Lankuren Bakean dagoena bakean utzi ikuskizunak, Hesian taldearen disko berriaren aurkezpena, eta LaBasu rap-kantariaren errezitaldia. Orobat, Gasteizen sortutako proiektu artistikoak sustatuko dira, hala nola, Ane Gebararen lan bat eta Bidelapurrak taldearen kontzertua.

Egitaraua:

 

Batera: kultur proiektuak elkarrekin garatzeko laguntza-deialdia

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak Elkarteen Federazioak “Batera diru-laguntza deialdia aurkeztu dute. Gasteizko gazteek kultur proiektuak aurkezteko aukera izango dute, eta antolatzaileek Crowdfunding egitasmo bat martxan jartzen laguntzeaz gain, 1000 €ko ekarpena egingo diete deialdian aukeratutako 3 proiekturi. Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 16ra arte egongo da zabalik. 

16-30 urte bitarteko gazte gasteiztarrei zuzenduta dago “Batera” deialdia, eta gazteen proiektu kulturalei bultzada ematea du xede. Urriaren 16tik abenduaren 16ra gazteek proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte,. Edozein ideiak balio du euskaraz garatzekoa bada, eta kulturarekin zerikusia badu: liburu edo diska bat argitaratu, ekitaldi bat antolatu, APP bat sortu, bideo-jolas bat garatu, antzezlan bat sustatu…..

Jasotako proposamenen artean epaimahaiak 3 proiektu aukeratuko ditu, eta gazte horiei Crowdfunding egitasmo bat eta bere komunikazioa  antolatzen lagunduko diete. Behin Crowdfunding egitasmoa martxan izanik, antolatzaileek 1000€ko ekarpena egingo diete 3 proposamen irabazleei.

Antolatzaileek azaldu bezala proposamen berritzailea eta parte hartzailea da. Oihaneder Euskararen Etxeko Iñaki Lazkanoren hitzetan “Gazteei sormena garatzeko aukera eman behar diegu, eta hori, egun, beren lengoaian egin beharra dago: Internet bidez eta parte hartzea sustatuz”.

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak Federazioak deialdia antolatzerako orduan, Itsulapikoa.eus plataformaren laguntza izan dute. Elkarte honetako kideek orrialde berezia sortu dute beren webgunean eta bertan daude ikusgai deialdiaren oinarri orokorrak.

Gauekoak Elkarteen Federazioko Odei Catalanek nabarmendu duenez bakarrik egindako lana zaila da; “elkarrekin egiten saiatu behar gara. Hiru elkarte batu gara egitasmo hau martxan jartzeko asmotan eta espero dugu Gasteizko gazteek gogotsu heltzea deialdiari eta bi hilabete horietan kultur proiektu proposamen ugari jasotzea”.

Deialdiaren prozedura:

  • Bi hilabetean zehar   (urriaren 16tik, abenduaren 16ra) proiektuak jasoko dira
  • Azaroaren 7an Crowfunding tailer irekia egingo da
  • Aduaren 16tik aurrera, hiru proposamen aukeratuko ditu epaimahaiak (epaiaren jakinarazpena urtarrilaren 10ean egingo da)
  • Crowdfunding proiektua antolatzen lagunduko zaie irabazleei, urtarrilaren 14tik, otsailaren 8ra
  • Komunikazio tailerra egingo da urtarrilaren 18an
  • 3 Crowdfunding proiektuen kanpaina abian jarriko da, otsailaren 11tik martxoaren 22ra. 40 egun izango dituzte helburua lortzeko
  • Beren buruei ezarritako helburuak lortzen laguntzeko antolatzaileek 1000€tako ekarpena egingo diete
  • Proiektuak garatzeko hiru hilabete emango zaie: apirila, maiatza, ekaina
  • Proiektuak Oihanederren aurkeztuko dira, behin amaituta, edo uztailean zein irailean (proiektuaren arabera)

* Info +: www.itsulapikoa.eus/deialdiak/batera

Sormen eskolaren lehen uzta: bertso emanaldia! Zuk ere batu nahi?

Gazte sortegiak sormen eskola urriaren 1ean abiatu zen Oihane Pereak emandako bertsolaritza sortegiarekin. Azaroaren 5ean gazteek bertso sortegian ikasitakoak plazaratzeko emanalditxoa eskainiko dute, atrioan 18:00etan. 

Ostean Jon Basagurenek musika emango du eta jada 2019an Unai Lopez de Armentiak antzerki-dantza tailerra esakiniko du eta Maider Oleagak ikus-entzunezkoen laborategia. Eskola astelehenero egingo da, 17:00etatik 18:30 bitartean, apirilera bitartean.

Dagoeneko taldea osatu bada ere, oraindik izena eman daiteke. Musika sortegiarekin hasita, azaroaren 12an, eskolak 75 €ko prezioa du.

 

 

 

 

 

 

14-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta, “Gazte sortegiak” sormen eskolak apirilean Kanpezun egindako sormen egonaldiari jarraipena emango dio. 18-19 ikasturteko urritik apirilera bitartean garatuko da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero, arratsaldeko 17:00-18:30 artean, zehazki. Eskola borobiltzeko, amaieran sormen asteburua egingo da.

Egitasmoak lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen du. Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako ekimena da, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Topaguneak sustatuta eta Gasteizko Udalak, Arabagara elkarteak, Arabako Foru Aldundiak, Vital Fundazioak eta Laboral Kutxak babestuta.

Bertsolaritza, musika, antzerki-dantza eta ikus-entzunezkoen laborategiak:

Ikasturtean zehar 4 sormen laborategi landuko dira, eta ikasitakoak praktikan jartzeko, eskola amaitzean, udaberrian, sormen asteburua egingo da Arabako herri batean.

Urriaren 1etik azaroaren 5era Oihane Pereak, Arabako  Bertsozale Elkarteko eragilea eta Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna, Bertsoa jolas izeneko sortegia gidatuko du. Jon Basaguren musikari eta esatariak musika lantegia zuzenduko du Musikaz egin izenpean, azaroaren 12tik abenduaren 17ra bitartean. Unai Lopez de Armentiak, antzerkilaria eta Baratza aretoko arduraduna, antzerkia eta dantza uztartuko ditu Antzerki–dantza laborategian, 2019ko urtarrilaren 7tik  otsailaren 11ra. Bukatzeko Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai Zer daki begiak soinuez? galderaren testuinguruan, otsailaren 18tik apirilaren 1era.

Izen-ematea:

Dagoeneko taldea osatu bada ere, oraindik izena eman daiteke. Musika sortegiarekin hasita, azaroaren 12an, eskolak 75 €ko prezioa du.

Parte hartu nahi dutenek inprimaki hau bete beharko dute. Sortegiak@oihaneder.eus emailaren bitartez ere eman daiteke izena izen-abizenak,  NAN-a, jaiotze data, ikastetxea, herria eta auzoa eta kontakturako telefonoa eta emaila zehaztuz. 

Sormen egonaldiaren arrakastaren bidetik:

Oihane Perea gustura oso ibili zen egonaldian eta argi zuen ezin zuela sormen eskolan hutsik egin “adin horretan gauzak probatzeko eta sormen jolaserako neukan grinaz akordatu nintzen egonaldian. Euskara nuen bihotzeko hizkuntza, baino sormenak lehen planora ekarri zuen. Geroko nere hizkuntza hautuan erabakiorra izan da bertsolaritza. Euskaraz lana gozatu, harremandu, sortu eta bizitzea lortu nuen. Asko bete nau horrek. Egonaldiko gazteekin hori konpartitu eta berbizitzea mundiala izan zen. Eta aldi berean haiek antzeko prozesu batean ikustea: opari bat.”

Egonaldian egondako eta eskolan dagoeneko izena eman duen Izaro Fagundez gazteak uste zuena baino askoz gauza gehiago egin ditzazkeela ikasi zuen egonaldian; “hasieran uste nuen ez nintzela gai izango gauza asko egiteko, musika kontuan adibidez, ez dut intrumenturik jotzen eta. Baina ez da horrela izan, instrumenturik jo gabe ere musika sortzeko eta musikarekin harremana izateko modu asko daudela ikasi dut, sormena erabiliz hainbat gauza egin daitezkeela ikasi dut. Gainera, orain gauzak egin eta sortzeko askoz motibatuago nago.” Bere antzeko gustu eta interesak dituen jende interesgarria ezagutu izanagatik pozik dago Izaro eta eskolan are jende gehiago ezagutzea espero du. “Eskolan parte hartzera animatu naiz, egonaldiko bost egunetan gauza asko ikasi nituenez, urte guztian zehar sormen eskolan asko ikasiko dudala uste dudalako. Gainera, sormen eskola aisialdia euskeraz bizitzeko aukera paregabea da, eskolaz kanpoko ekintza gehienetan ez dagoen aukera”.

Maider Oleagaren iritziz “gaur egungo gazteengan sormena sustatzea beharrezkoa” da eta euskararen bitartez egitea “funtsezkoa”. “Sorkuntza euskaraz lantzea berebiziko garrantzia dauka, hizkuntza bera delako sortzeko tresna, mundua izendatzen duen heinean. Gure-gurea den modu batean sortzen dugu, zentzu batean. Egonaldian euskara egunerokotasunaren erdian egotearen gozamena bizitu genuen”. Oleagak 18 urterekin zuzendu zuen bere lehenengo film laburra; “hori baino lehen zinemarekiko grina hor zegoen, baina ez nuen garatzeko tresnarik izan. Oso garrantzitsua da horrelako sugarrak, agian izen gabeko jakingurak, garatzeko espazioak eta egoerak eskaintzea”.

Irune Santamaría gazteak dioenez, sormen egonaldiak “arte mota desberdinak ezagutzea, haietan trebatzeko irrika eta haien arteko erlazioa duten proiektuak sortzeko aukera eta gogoa” ekarri zion. “Giro ezinhobe horretan elkar-bizitzea, denok batera egitea guztia eta euskaraz askoz gehio berba egitea” nabarmendu ditu Oihana Hernando parte-hartzaileak.

GAW 2018: Kirgizistan, Namibia, Ghana eta Indiako argazkiak irabazle

2018ko Gasteiztarrak Arraun The World  argazki-hizki lehiaketak baditu irabazleak! Lehiaketara aurkeztutako 27 lanen artean, Gaizka Untzuetaren  Kirgizistan: zeruko mendien magaleanKoldo Zubizarretaren Namibian basamortua biziz; Maitane Nietoren Hesirik gabeko kartzela Ghanan eta Ania Fernandez de Ganboaren India harrigarria izan dira epaimahaiak saritu dituen lanak. Lehenengo biak 30 urtetik gorakoen sailean, eta beste biak 18-30 urtekoen artean.

Zorionak irabazleei!

Lehiaketara aurkeztu diren gehienak gasteiztarrak izan dira (25); eta alde txikiagatik bada ere, emakume gehiago aurketzu dira (14). Adinari dagokionez ere parekatua izan da kontua, gazteen kategorian 14 lan aurkeztu dira, eta 30 urtetik gorakoen sailean 13.

Epaimahaiari dagokionez, Arte eta Lanbide eskolako argazkilaritza irakaslea den Koldo Mendazarekin batera, Sarburu elkartea, Gauekoak, Zizta Euskara Taldea eta GEU elkarteko kideak aritu dira elkarlanean.

Lan zaila izan dute aurten epaimahaikideek, izan ere, bost kontinenteetako argazkiak eta hitzak bidali dituzte lehiakideek, eta hara eta hona bidaiarazi baitituzte epaimahaikideak; batzuetan bizikletan, besteetan trenez, sarri oinez edo autobusez; baina beti imajinazioa lagun.

Argazki erakusketa:

Saritutako lanen argazki-erakusketa urriaren 10ean inauguratuko da eta 28ra bitartean egongo da ikusgai Oihaneder Euskararen Etxeko Jovellanos aretoan.

Bertan ohiko lehiketan saritutako lau argazki-sortetako seina argazki topatuko ditu bisitariak. Irudiek Kirgizistanera, Namibiara, Ghanara eta  Indiara bidaiaraziko dute gure irudimena. Iaz bezala, argazki irabazleez gain, lehiaketara aurkeztutako beste lehiakideen  irudiak pantaila digital batzuetan ikusteko aukera izango da.

Bidaien aurkezpenak:

Horrez gain, lan sarituen aurkezpen publikoak egingo dira urrian zehar, hiriko auzo desberdinetan, 19:00etan:

  • Urriak 16: Hesirik gabeko kartzela Ghanan (Maitane Nieto eta Javier Galapero)  – Pura Vida taberna (Arana)
  • Urriak 18: India harrigarria (Ania Fernandez de Ganboa) – Koxka taberna (Salburua)
  • Urriak 23: Kirgizistan: zeruko mendien magalean (Gaizka Untzueta) – Dazz taberna (Alde Zaharra)
  • Urriak 30: Namibian basamortua biziz (Ainhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarreta) – Orient Expres  (Txagorritxu)

Orain arteko dinamikari jarraiki aurkezpenak epaimahaia osatutako eragileekin elkarlanean antolatu dira: Sarburu elkartea, Gauekoak, Zizta Euskara Taldea eta GEU elkartea.

Zozketa:

Erakusketa ikustera eta aurkezpen publikoetara doazen lagunen artean Durango inguruko Garaiko Landetxean bi pertsonentzako gau bateko egonaldia zozkatuko da (denboraldi baxuan, zubietatik eta udatik kanpo). Zozketan parte hartzeko erakusketan eta aurkezpenetan eskuragai egongo den eskuorria bete beharko da. Zozketa urriaren 30ean izango da.

Eskilarapeko Soinuak, indartsu eta ozen!

Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko kontzertuen  zikloaren ikasturte berria irailaren 27an abiatuko da. Laugarren ikasturte honetan, eskilarapeko atrioa utzi eta kontzertuak Falerina Tabernan izango dira, hileko azken ostegunetan,  arratsaldeko 19:30ean. Irailetik ekainera bitartean 10 kontzertu eskainiko dira, Pettirekin hasita, irailaren 27an.

Eskilarapeko Soinuak zikloaren 4. ikasturteko udazkena inoizko eskaintza potenteenarekin datorkigu.  Irailaren 27an Petti musikariak emango dio hasiera ikasturte berriari, 2015eko apirilean egin bezala, zikloaren lehen kontzertua eskainiz. Saio honetan berriz ere bere ahots sakonaz eta urratuaz gozatzeko aukera izango dugu. 

Urriaren 25ean Maider Zabalegiren txanda izango da. Orain dela 20 urte Alaitz Telletxearekin izandako bidaia arrakastatsuaren ostean, 2017. urtean bere lehen bakarkako lana kaleratu zuen. Azaroan Sara Zozaya igoko da oholtzara. Nerabe taldearen abeslariak bere bakarkako proeiktua aurkeztuko du. Urteari amaiera emateko, abenduko saioan ibilbide luzeko musikari bat izango da protagonista: Txuma Murugarren.

Urtarriletik ekainera bitartean artista eta proposamen gehiagoren txanda izango da. Ikasturte honetan Falerina Taberna laguntzaile arituko da eta bertan egingo dira saio guztiak. Ziklo honek ibilbide luzeko zein hasi berri diren musikarien eskaintzaz gozatzeko aukera ematen du.

 

Hitz Adina Mintzon mapuzugun-a, maoriera, bretoiera, hassaniera, parmera eta lemkera

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 4. ikasturteak 6 hizkuntza hurbilduko dizkigu: mapuzugun-a, maoriera, bretoiera, hassaniera, parmera eta lemkera. Gemma Sanginesek inauguratu zuen ikasturte berria irailaren 20an “Nork esan zuen Gasteiz ez dela euskalduna? izenburupeko hitzaldiarekin. Aurten zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da eta 25 €ko prezioa du. Izena emateko epea zabalik dago.

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituen zikloak laugarren ikasturteari ekin dio. Irailaren 20an Gemma Sanginesek inaugurazio hitzaldi bikoitza eskaini zuen Nork esan zuen Gasteiz ez dela euskalduna?izenpean; lehena 11:00etan UPV/EHUko Letren Fakultateko Gradu aretoan eta bigarrena 19:00etan Oihanederren. Bertan hizkuntza aurreiritzien inguruan aritu zen.

Urrian mapuzugunaren txanda izango da Wallmapu Euskal Herria elkartearen eskutik. Saioaren amaieran, 20:15ean, estreinatu berri den Mai da bai dokumentala eskainiko da. Azken honetarako sarrera librea izango da. Azaroan Imanol Miner normalizazio teknikariak Zelanda Berriko maoriera aurkeztuko du. 2019an urtarrilean Metig Jakez-Vargas kazetaria bretoieraz arituko da eta otsailean Elyem Chej Gizarte Hirigintzako teknikariak Saharako hassanieraz. Sara Agnetti fisioterapeutak parmera hurbilduko digu martxoan eta bukatzeko, apirilean Jon Mikel Intsausti informatikariak lemkera izango du hizpide.

Aurten lehen aldiz zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak 25 €ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 € ordaindu beharko da saioko. Gemma Sanginesen aurkezpen saioa doakoa izango da. Aurten ere zikloak UPV/EHU, Garabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren babesa du.

Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentat eta UPV/EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da (behin gutxieneko asistentzia ziurtatu eta parte-hartze ziurtagiria lortuta).

Oihaneder Euskararen Etxeak 2015ean sortu zuen Hitz Adina Mintzo, Beñat Garaiorekin elkarlanean. Zikloak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea eta hizkuntza aniztasuna balorean jartzea eta ezagutaraztea du helburu. Bertan hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkezten du. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egiten dira.

2015etik hona aurkeztutako hizkuntzak:

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera, Irlandako gaelera eta kaxubiarra, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa, lenkera eta ekialdeko txerokiera , Asiako kurduera eta hokkienera, Afrikako tamazightera eta mundu mailako esperantoa eta zeinu hizkuntzak landu dira (ikusi saioen bideoak).

2018-2019 ikasturteko egitaraua:

  • Urriak 24, asteazkena:Mapuzugun
    • Wallmapu Euskal Herria elkartea & Mai da bai dokumentala
    • Saio honetan izena emateko hemen
    • Dokumentalaren proiekziorako sarrera librea izango da (20:15)
  • Azaroak 14, asteazkena: Maoriera
    • Imanol Miner normalizazio teknikaria
    • Saio honetan izena emateko hemen
  • Urtarrilak 16, asteazkena: Bretoiera
    • Metig Jakez-Vargas kazetaria
    • Saio honetan izena emateko hemen
  • Otsailak 20, asteazkena:Hassaniera
    • Elyem Chej Gizarte Hirigintzako teknikaria
    • Saio honetan izena emateko hemen
  • Martxoak 20, asteazkena: Parmera
    • Sara Agnetti fisioterapeuta
    • Saio honetan izena emateko hemen
  • Apirilak 10, asteazkena:Lemkera
    • Jon Mikel Intsausti informatikaria
    • Saio honetan izena emateko hemen

Sormen laborategi gaztea Oihanederren; izen-ematea zabalik

Urritik apirilera bitartean,Gazte sortegiak sormen eskola egingo da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero. Oihane Pereak, Jon Basagurenek, Unai Lopez de Armentiak eta Maider Oleagak bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoen laborategiak landuko dituzte bertan, hurrenez hurren. Izena emateko epea irailaren 10etik 24ra bitartean egongo da zabalik. Eskolak 100 €ko prezioa du.

14-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta, “Gazte sortegiak” sormen eskolak apirilean Kanpezun egindako sormen egonaldiari jarraipena emango dio. 18-19 ikasturteko urritik apirilera bitartean garatuko da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero, arratsaldeko 17:00-18:30 artean, zehazki. Eskola borobiltzeko, amaieran sormen asteburua egingo da.

Egitasmoak lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen du. Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako ekimena da, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Topaguneak sustatuta eta Gasteizko Udalak, Arabagara elkarteak, Arabako Foru Aldundiak, Vital Fundazioak eta Laboral Kutxak babestuta.

Bertsolaritza, musika, antzerki-dantza eta ikus-entzunezkoen laborategiak:

Ikasturtean zehar 4 sormen laborategi landuko dira, eta ikasitakoak praktikan jartzeko, eskola amaitzean, udaberrian, sormen asteburua egingo da Arabako herri batean.

Urriaren 1etik azaroaren 5era Oihane Pereak, Arabako  Bertsozale Elkarteko eragilea eta Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna, Bertsoa jolas izeneko sortegia gidatuko du. Jon Basaguren musikari eta esatariak musika lantegia zuzenduko du Musikaz egin izenpean, azaroaren 12tik abenduaren 17ra bitartean. Unai Lopez de Armentiak, antzerkilaria eta Baratza aretoko arduraduna, antzerkia eta dantza uztartuko ditu Antzerki–dantza laborategian, 2019ko urtarrilaren 7tik  otsailaren 11ra. Bukatzeko Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai Zer daki begiak soinuez? galderaren testuinguruan, otsailaren 18tik apirilaren 1era.

Izen-ematea:

Eskolak, amaierako sormen asteburua barne, 100 €ko prezioa du. Izena emateko epea irailaren 10etik 24ra bitartean egongo da zabalik. Interesa dutenek inprimaki hau bete beharko dute. Sortegiak@oihaneder.eus emailaren bitartez ere eman daiteke izena izen-abizenak,  NAN-a, jaiotze data, ikastetxea, herria eta auzoa eta kontakturako telefonoa eta emaila zehaztuz. Plazak mugatuak dira eta izen-emate hurrenkera errespetatuko da

Sormen egonaldiaren arrakastaren bidetik:

Oihane Perea gustura oso ibili zen egonaldian eta argi zuen ezin zuela sormen eskolan hutsik egin “adin horretan gauzak probatzeko eta sormen jolaserako neukan grinaz akordatu nintzen egonaldian. Euskara nuen bihotzeko hizkuntza, baino sormenak lehen planora ekarri zuen. Geroko nere hizkuntza hautuan erabakiorra izan da bertsolaritza. Euskaraz lana gozatu, harremandu, sortu eta bizitzea lortu nuen. Asko bete nau horrek. Egonaldiko gazteekin hori konpartitu eta berbizitzea mundiala izan zen. Eta aldi berean haiek antzeko prozesu batean ikustea: opari bat.”

Egonaldian egondako eta eskolan dagoeneko izena eman duen Izaro Fagundez gazteak uste zuena baino askoz gauza gehiago egin ditzazkeela ikasi zuen egonaldian; “hasieran uste nuen ez nintzela gai izango gauza asko egiteko, musika kontuan adibidez, ez dut intrumenturik jotzen eta. Baina ez da horrela izan, instrumenturik jo gabe ere musika sortzeko eta musikarekin harremana izateko modu asko daudela ikasi dut, sormena erabiliz hainbat gauza egin daitezkeela ikasi dut. Gainera, orain gauzak egin eta sortzeko askoz motibatuago nago.” Bere antzeko gustu eta interesak dituen jende interesgarria ezagutu izanagatik pozik dago Izaro eta eskolan are jende gehiago ezagutzea espero du. “Eskolan parte hartzera animatu naiz, egonaldiko bost egunetan gauza asko ikasi nituenez, urte guztian zehar sormen eskolan asko ikasiko dudala uste dudalako. Gainera, sormen eskola aisialdia euskeraz bizitzeko aukera paregabea da, eskolaz kanpoko ekintza gehienetan ez dagoen aukera”.

Maider Oleagaren iritziz “gaur egungo gazteengan sormena sustatzea beharrezkoa” da eta euskararen bitartez egitea “funtsezkoa”. “Sorkuntza euskaraz lantzea berebiziko garrantzia dauka, hizkuntza bera delako sortzeko tresna, mundua izendatzen duen heinean. Gure-gurea den modu batean sortzen dugu, zentzu batean. Egonaldian euskara egunerokotasunaren erdian egotearen gozamena bizitu genuen”. Oleagak 18 urterekin zuzendu zuen bere lehenengo film laburra; “hori baino lehen zinemarekiko grina hor zegoen, baina ez nuen garatzeko tresnarik izan. Oso garrantzitsua da horrelako sugarrak, agian izen gabeko jakingurak, garatzeko espazioak eta egoerak eskaintzea”.

Irune Santamaría gazteak dioenez, sormen egonaldiak “arte mota desberdinak ezagutzea, haietan trebatzeko irrika eta haien arteko erlazioa duten proiektuak sortzeko aukera eta gogoa” ekarri zion. “Giro ezinhobe horretan elkar-bizitzea, denok batera egitea guztia eta euskaraz askoz gehio berba egitea” nabarmendu ditu Oihana Hernando parte-hartzaileak.

Irri-Barra gauak: barre… barra-barra… Falerina lorategian!

Abuztuko azken bi egunetan, osteguna 30 eta ostirala 31, umorez beteko da berriz ere Falerina lorategiko eskenatokia. Hirugarren urtez hemen dira Irri-Barra gauak euskarazko umore antzerki saioak, oporren bueltako ilunabarrak gozoago egiteko!

Aurreko bi urteetako harrera ona ikusita aurten berriro ekin diogu antzerki umoretsua antolatzeari. Ikuskizunen hautaketa egiterako orduan, batetik, arlo honetan erreferentea den Donostiako Poltsiko Antzerki jaialdiari erreparatu diogu. Horiek horrela abuztuaren 30ean, osteguna, jaialdi horretako Poltsiko sorkuntza deialdiko irabazlea dakarzuegu: Zaharrak berri (Astolasterrak). Ay! antzerki taldeko Nerea Gorriti eta Barbara Rivas gurera hurbilduko dira antzezlan berezia oholtzara eramateko.

Bestetik, euskal antzerki munduan umorearen erreferente den Ramon Agirre aktorea ere gurekin izango da. Inazio Tolosarekin batera oraindik Gasteizko publikoak ikusteke duen Putinen guardasola lana ekarriko dute,  abuztuaren 31n, ostirala.

Bi ikuskizunak iluntzeko 20:00etan izango dira Falerina lorategiko eskenatokian. Doakoak izango dira eta sarrera librea lekuak bete arte.

  • Zaharrak berri (Astolasterrak)

Lan hau Euskal Herriko antzerki herrikoiaren jatorria ikertzeko eta antzerki mota hau egungo publikoarekiko sentikortasunarekin lotzeko helburuarekin sortu zen. Ay! antzerki taldearen ideia jarrera eta nortasun herrikoia duten antzezpen hauek oraingo espazio eta publikora moldatzea da.

Antzezlanean bi aktoreek jai herrikoi, inauteri eta maskaradetan erabiltzen diren jantzi tradizionalak soinean dituztela, musika eta kantuen bidez antzezpenari hasiera emango diote. 1818. urtean kokatuta gaude, eta astolasterrak debekatu egin dira. Hala ere, emanaldi “klandestinoarekin” aurrera egitea erabakitzen dute. Antzezlana, hiru pieza satirikoz osatuta dago, eta aktoreek pertsonaia ezberdinei bizitza emango diete, musika eta dantzarekin nahastuz. Emanaldi osoan zehar, antzezleek beraien istorio pertsonalei buruz eta garai hartako emakumearen posizioaren aldarrikapenari buruz hitz egingo dute. 

  • Putinen guardasola

Antzezlan honetan Inazio Tolosak eta Ramon Agirrek beren ohiko umorea ekarriko dute Falerina lorategira. Bertan oso kezkatuta dagoen Lehendakaria aurekztuko digute. “Euskaldun guztiok batuko gaituen Himnoa behar dugu” aitortu du. Baina nork egingo du? Bilera luze baten ondoren kontsentsua lortu dute. Ray eta Nik izango dira Euskal Ereserkiaren egileak. Erronka haundia bi artista hauentzat. Talentua eta eskarmentua nahikoa badute ere metodo berri bat asmatu behar izan dute erronka horri aurre egiteko: metodo Mistoa. Orain herriz herri ibiliko dira euskaldun orok ikasi eta bere egin dezan Euskal Ereserki Berria.

Xentimorik gabe eta Kokakola eta Barea zure gustukoak izan baziren, Putinen guardasola ez da gutxiago izango!

Bidaiatu, gozatu eta gasteiztarrei kontatu!

Gasteiztarrak Arraun The World udako argazki-hizki lehiaketa martxan da laugarren urtez. Nahi duen orok 2018ko udan munduan zehar eginiko bidaiak argazki eta hitzen bitartez kontatzeko aukera izango du. Parte hartzeko epea 2018ko ekainaren 21etik irailaren 21era bitartekoa izango da. Lan onenen egileek Durangoko azokaz gozatzeko asteburu pasa kulturala irabaziko dute.  

Aurreko hiru edizioen arrakastari jarraiki Oihaneder Euskararen Etxea eta Gauekoak Federazioaren arteko lankidetza berretsi eta laugarren urtez antolatu dute Gasteiztarrak Arraun The World argazki-hizki lehiaketa.

Argazki-hizki lehiaketan parte hartzeko hogei argazkidun argazki-sorta aurkeztu behar da eta argazki-sortari eta argazki bakoitzari euskarazko izenburua jarri. Horrekin batera, egindako bidaiaren azalpen laburra bidali behar da oihaneder@oihaneder.eus helbidera (1500-2000 karaktere).

Horrekin batera, lehiakide bakoitzak sortako argazki bat aukeratu eta Facebook, Twitter edo Instagram-era igo beharko du, bere argazki sortaren izenburua zehaztuz.

Igotzean #GasteiztarrakArraun traola erabili beharko du. Facebook-en @oihaneder eta @gauekoak etiketatu; Twitter zein Instagram-en aldiz @oihaneder_etxea eta @gauekoak aipatu.

Gazteen parte hartzea sustatzeko bi adin kategoria ezarri dira; 18-30 urte bitartekoena eta 30 urtetik gorakoena. Argazki-hizki lehiaketara aurkeztutako lanen artean lau argazki-sorta sarituko dira, 250 € sorta bakoitzeko.  Kategoria bakoitzeko bi sari emango dira.

Saritutako lanen egileek abenduan Durangoko Euskal Liburu eta Diskaren Azokan asteburu pasa irabaziko dute: 2 pertsonentzako bi gautako egonaldia Durango ondoko Garaiko landetxean (150 €) eta azokan gastatzeko 100 €ko bonoa.  

Udazkenean argazki-hizki lehiaketan saritutako lau argazki-sortekin erakusketa egingo da Oihaneder Euskararen Etxean. Pantaila digital batean lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak ikusi ahal izango dira.

Horrekin batera, lau irabazleek aurkezpen publikoa prestatu beharko dute, egindako bidaia argazkien bitartez kontatzeko. Aurkezpenak Gasteizko lau auzo desberdinetan antolatuko dira, euskararen normalizazioan lan egiten duten GEU, Sarburu eta Zizta elkarteekin elkarlanean.

Aurten ere jendea bere bidaiak kontatzeko gogotsu egongo delakoan, bideaz gozatu, eta bueltan kontatu!

Kafe Antzokia-Euskararen Etxerako kokapena erabakita, orain egitasmoa garatzeko oinarri sendoak zehaztu behar dira

Gasteizko Euskara Elkarguneak asteartean kokapen proposamenari baiezko baldintzatu bat eman ondoren, datozen aste eta hilabeetan egitasmoaren oinarriak sendo eta indartsu eraikiko dituen akordioa zehaztu beharko dute proiektuaren sustatzaileek eta Gasteizko Udaleko ordezkariek.

Informazio gehiago: hemen

Ikastaroak euskaraz gizarte etxeetan, kulturaren eta jarduera artistikoen alorrean (2018-19)

Gasteizko Udalak gizarte etxeetako jarduera-programa aurkeztu du 2018-19 ikasturterako. Eskaintza zabala da hiriko gizarte etxe eta kirol instalazio guztietan, hainbat alorretan: kirola, kultura, gizarte sustapena, berdintasuna, etab.

Kulturaren alorrean euskaraz emango diren ikastaroak hartu eta zerrenda batean bildu ditugu, gustukoa duzun ikastaro hori bilatzeko lana errazte aldera. Beheko estekan sakatuz gero, zerrenda ordenatua eskuratuko duzu, ikastaro guztietako informazioarekin: edukia, non emango den, zein egunetan, ordutegia, prezioa, matrikula nola egin, etab.

2018-19 ikasturterako, 93 ikastaro programatu dira euskaraz, heldu, gazte, haur zein familientzat. Guztira, 1.458 leku eskaintzen dira ikastaro horietan.

Antzerkia, pintura, Karibeko dantzak, argazkigintza, gitarra, rock and rolla, zinema, euskal dantzak, joskintza, hip-hopa, bertsolaritza… Gustuak gustu, atsegin duzun ikastaroa euskaraz egiteko aukera eskaintzen dizu programak. Gustukoen duzuna aukeratu eta euskaraz aritu, zure ezagupenak eta trebetasunak landuko dituzu eta hizkuntzaren arnasguneak zabaltzen lagunduko duzu.

Ikastaroak euskaraz kulturaren alorrean 2018-19 ikasturtean gizarte etxeetan:

Kortxeak & Krispetak 2018

Kortxeak & Krispetak musika eta zinema zikloaren 4. edizioan hiru saio programatu dira: bi dokumental eta kontzertu bat. Ekainaren 27an eta 28an The Sweel Season eta Gimme Danger dokumentalak proiektatuko dira, hurrenez hurren, gaueko 22:00etan. Ekainaren 29an, 21:00etan, Nøgen taldearen kontzertuarekin emango zaio amaiera zikloari. Saio guztiak Falerina lorategian izango dira.

Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako Kortxeak & Krispetak zikloak musika eta zinema uztartzen ditu. Aurten Filmazpit egitasmoarekin elkarlanean antolatu da eta hiru egunez jarraian garatuko da: ekainaren 27, 28 eta 29an. Filmak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin proiektatuko dira.

Lehen saioan, ekainaren 27an, The Sweel Season (Nick August-Perna, Chris Dapkins, eta Carlo Mirabella, AEB-Irlanda-Txekiar errepublika, 91’, ingelesa, 2011) dokumentala eskainiko da. Lan honek Once pelikularen protagonisten (Glen Hansard y Marketa Irglova) istorioan murgilduko gaitu: amodioak eta ospeak sortu bozkarioari eta nahasmenduari egiten zaion begirada intimoa.

Bigarren egunean, ekainaren 28an, Gimme Danger (Jim Jarmusch, AEB, ingelesa, 108’, 2016) dokumentala proiektatuko da. Filmak garai guztietako rock talde garrantzitsuenetako baten epopeia kontatzen du: The Stooges taldearena.  

Nøgen folk pop indie musikako talde donostiarrak itxiko du zikloa ekainaren 29an. Euskarazko eta ingelesezko doinuak nahastuz, eta ukelele, gitarra, baxu, bateria eta ahots ezberdinekin jokatuz,  talde gazte honek sortu duen soinu itsaskorrekin amaiera emango zaio aurtengo edizioari.

Saio guztiak Falerina lorategian izango dira. Bi proiekzioak gaueko 22:00etatik aurrera eta kontzertua 21:00etan.

Ekimena doakoa da eta sarrera librea lekuak bete arte.

Hizkuntza gutxituen hiztun gazteen topaketa

HIGA! Hizkuntza gutxituen hiztun gazteen topaketa uztailaren 16tik 19ra bitartean izango da.

Gazteria izango da hizkuntza gutxituen biziberritzea ahalbidetuko duen gizarte-taldea. Globalizazio garai hauetan horrelako erronka bati erantzuteko, hizkuntza gutxituetako komunitate ezberdinetako kideen arteko elkartasun eta elkarlana funtsezkoak izango dira etorkizunean. Hori dela eta, etorkizun horretan bidaide izango diren 70 hizkuntza ekintzaile elkarrekin harremanetan jarri nahi ditu HIGA-k.

2.edizio hau uztailaren 16tik 19ra gauzatuko da Gasteizen. Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako ikastaroen barruan eskainiko da, eta alor akademikoaz gain alde ludikoagoa ere izango du; hirian zehar gauzatuko diren hainbat ekintza hartuko ditu: hitzaldiak, kontzertuak… (Egitaraua)

HIGA! Vitoria-Gasteizko Udalaren Gazteria eta Euskara Zerbitzuen, EHUren eta Arabako Foru Aldundiaren elkarlanaren emaitza da. Beñat Garaiok koordinatuta Oihaneder Euskararen Etxea, Garabide, Soziolinguistika Klusterra, UNESCO Etxea, MHOUK, Kontseilua eta SOAS Unibertsitatearen  laguntza ere badu.

Euskara mihian… eta Pantaila Handian!

Euskara Pantaila Handian ekimenaren bigarren edizioan euskaltegietako 700 euskara ikasletik gora hurbildu da euskarazko zinemaz gozatzera, Euskararen Etxera. Guztira euskarazko 6 film eskaini dira, azarotik apirilera bitartean hilero bat: Gazta zati bat, Bertsolari, Arriya, Gartxot, Gernika eta Loreak.

Iaz hasitako bideari jarraipena emanez, Gasteizko AEK, Bai&By, Hegoalde, Udaberria eta IKA euskaltegiek eta Oihanederrek elkarlanean Euskara Pantaila Handian  egitasmoa antolatu dute. Honen bitartez euskarazko pelikulak  pantaila handian ikusteko aukera luzatu diete Gasteizko euskara ikasleei.

Aurten Euskal Herrian ekoitzitako film luzeak eta dokumentalak programatu dira. Proiekzioaz gozatzearekin batera pelikulak klasean landu egin dira, bakoitzaren unitate didaktikoak prestatuz. Hilabete bakoitzean euskaltegi batek hartu du unitatea egitearen eta gainontzeko euskaltegiekin elkarbanatzearen ardura. Era honetan, proiekzioa baino egun batzuk lehenago filma ikustera joango ziren ikasleekin lanketa berezia egin da.

Euskal gatazkaren gaia jorratzen duen Gazta zati bat (Jon Maia, EH, 2011) dokumentalarekin abiatu zen ekimena azaroan. Abenduan Euskal Herriko Bertsolaritza txapelketaren testuinguruan Bertsolari (Asier Altuna, EH, 2011) dokumentalaren txanda izan zen, 2009. urteko txapelketan oinarrituz bertsolaritzaren munduan murgiltzen gaituen lana da. Urtarrilak gizakiaren eta taldearen arteko gatazkak lantzen dituen Arriya (Alberto Gorritiberea, EH, 2011) film luzea eskaini zigun. Otsaileko protagonista Gartxot (Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi, EH, 2011)  izan zen. Animazio filma honek Itzaltzuko bardoaren kondaira kontatzen duMartxoko saioan Gernika (Koldo Serra, EH, 2016) izan genuen,  1937. urtean Kondor Legioak Gernikan burututako sarraskia islatzen duen lana. Bukatzeko, apirilean Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, EH, 2014) film luzearekin ikasturteari amaiera eman genion.  

2017ko azarotik 2018ko apirilera bitartean 700 euskara ikasletik gora hurbildu da Oihanederrera euskarazko zinemaz pantaila handian gozatzera.

Gaztea eta sortzailea? Ez galdu aukera!

Gazte Sortzaileak Bekaren 2018ko deialdia, 5. edizioa, matxan da. Izena emateko epea uztailaren 2an itxiko da.

17 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta gazteen artean euskarazko kultur sorkuntza sustatzea bilatzen du. Horretarako 4.000 €-rainoko diru-laguntza lortzeko aukera eskaintzen du. Gainera gazte irabazleek profesionalen laguntza izango dute euren ekimenak garatzeko.

Gazte Sortzaileak Beka Gasteizko Udalaren Euskara eta Gazteria zerbitzuen, Arabako Foru Aldundiaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen arteko lankidetzaren emaitza da.

Izena emateko:

 2018ko deialdia zabalik dago jadanik; izena emateko epea uztaileraren 2ra arte egongo da irekita.

Parte hartzeko gazteek gazteria@vitoria-gasteiz.org posta elektronikora bidal dezakete ideia. Udalaren Erregistro Nagusian (Teodoro Dublang Margolariaren kalean) ere aurkeztu dezakete.

Saritutako egitasmoen egileen 6-7 hilabete izango dituzte euren egitasmoa borobiltzeko eta ostean jendaurrean aurkezteko.

 

 Gazte Sortzaileak Bekaren laugarren edizioa:

2017ko deialdira aurkeztutako proposamenetatik bost saritu ziren.

Ane Gebararen ipuin-kontalariaren proposamena izan zen taularatzen lehena apirilaren 13an.  ‘Harriek kontatu didatena’ izenpean Arabako istorietan oinarritutako narrazio ikuskizuna eskaini zuen Gebarak.  Sorkuntza prozesuan Itziar Rekalderen aholkularitza izan zuen bidelagun.

Apirilaren 17an Gindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruagaren “Orainaldian:laissez faire’ ikus-entzunezko proiektu esperimentalaren txanda izan zen. 

Maiatzean Egoitz Díazek sortutako ‘Atabala eta Euria’ laburmetraia eskaini zen, Peru Magdalenaren “Hemen eta han” dokumentalarekin batera.

Ekainean Lurburu kolektiboak ‘Barrunbeko lurretan’ performancea egingo du.

Irailean  Irantzu Lekue eta Olatz Alonsoren ‘Eraldaketa SortzaileOn afera’ proiektuaren azken atala egongo da ikusgai, erakusketa formatuan. Azken proiketu hau garatzeko Lekuek eta Alonsok Maider Oleagaren laguntza izan dute.

 

 

Zinelekun izena emateko epea ekainaren 18ra arte luzatu da

Oraindik garaiz zabiltzate ZINELEKUizena emateko. Epea ekainaren 18ra arte luzatu da.

Zineleku ikus-entzunezkoen formakuntza, ekoizpena eta emanaldiak ardatz dituen programa da. Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko 18 – 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie eta ikus-entzunezkoen sortzaile berriei diziplinarteko formakuntza eskaintzea du helburu, ikuspuntu komunitario batetik abiatuta, betiere.

Murgiltze proiektu hau Gasteizko hirigune zaharrean gauzatzen da, elkarrekintza eta hartu-emana sustatzen duen espazio batean. Parte-hartzaileak Santa Maria aterpetxean biziko dira elkarrekin hamabi egunez. Bitarte horretan zinema lantegi eta zinemagintzako edota beste arte batzuetako profesionalen eskola magistraletara joango dira, eta proiekzio, performance eta kontzertuetan parte hartu ahal izango dute.

ZINELEKU 2018k aukera zinematogra­fikoen ikuspegi zabala eskainiko du. Izena emateko epea ekainaren 18ra arte irekita egongo da. Aurtengo programan soinu lanketari (esperimentaziotik hasita, postprodukzio profesionaleraino) eta Super 8mm-ko fi­lmaketa eta errebelatuari erreparatuko zaio bereziki.

Hauek izango dira, besteak beste, irakasle gonbidatuak eta jorratuko diren gaiak:

· Sra Polaroiska. Performancea eta esplorazio fi­lmikoa.

· Paul Urkijo. Proiektuen garapena.

· Marian Fernández. Proiektuen garapena.

· Ana Pfa­. Proiektuen garapena.

· Mar Coll. Proiektuen garapenerako aholkularitza. / Zine zuzendaritza.

· Xabier Erkizia eta Luca Rullo. Soinu esplorazioa

· Martín Guridi. Soinuaren postprodukzioa.

· Mursego. Musika esperimentazioa eta soinu banda.

· Clara Sánchez Dehesa. Super 8mm-ko errebelatua eta proiekzioa.

· Garbiñe Ortega. Programazioa eta zinemagintzako komisariotza.

· Carlos Casas. Proiektuen gauzatzea.

· Idoia Zabaleta. Begiradaren mugimendua eta eraikuntza.

· Zazpi T’erdi. Dagoenarekin ekoizten. / Esplorazio Filmikoa.

Zineleku 2018 Arabako Foru Aldundiko Gazteriaren Foru Erakundeak antolatutako programa da, eta Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen laguntza ere badu. KalakaLab-ek sustatutako proiektu honek hiru urte beteko ditu aurten.

Zineleku 2018

ZINELEKU ikus-entzunezkoen formakuntza, ekoizpena eta emanaldiak ardatz dituen programa da. Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko 18 – 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie eta ikus-entzunezkoen sortzaile berriei diziplinarteko formakuntza eskaintzea du helburu, ikuspuntu komunitario batetik abiatuta, betiere.

Murgiltze proiektu hau Gasteizko hirigune zaharrean gauzatzen da, elkarrekintza eta hartu-emana sustatzen duen espazio batean. Parte-hartzaileak Santa Maria aterpetxean biziko dira elkarrekin hamabi egunez. Bitarte horretan zinema lantegi eta zinemagintzako edota beste arte batzuetako profesionalen eskola magistraletara joango dira, eta proiekzio, performance eta kontzertuetan parte hartu ahal izango dute.

ZINELEKU 2018k aukera zinematogra­fikoen ikuspegi zabala eskainiko du. Izena emateko epea ekainaren 8ra arte irekita egongo da. Aurtengo programan soinu lanketari (esperimentaziotik hasita, postprodukzio profesionaleraino) eta Super 8mm-ko fi­lmaketa eta errebelatuari erreparatuko zaio bereziki.

Hauek izango dira, besteak beste, irakasle gonbidatuak eta jorratuko diren gaiak:

· Sra Polaroiska. Performancea eta esplorazio fi­lmikoa.

· Paul Urkijo. Proiektuen garapena.

· Marian Fernández. Proiektuen garapena.

· Ana Pfa­. Proiektuen garapena.

· Mar Coll. Proiektuen garapenerako aholkularitza. / Zine zuzendaritza.

· Xabier Erkizia eta Luca Rullo. Soinu esplorazioa

· Martín Guridi. Soinuaren postprodukzioa.

· Mursego. Musika esperimentazioa eta soinu banda.

· Clara Sánchez Dehesa. Super 8mm-ko errebelatua eta proiekzioa.

· Garbiñe Ortega. Programazioa eta zinemagintzako komisariotza.

· Carlos Casas. Proiektuen gauzatzea.

· Idoia Zabaleta. Begiradaren mugimendua eta eraikuntza.

· Zazpi T’erdi. Dagoenarekin ekoizten. / Esplorazio Filmikoa.

Zineleku 2018 Arabako Foru Aldundiko Gazteriaren Foru Erakundeak antolatutako programa da, eta Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen laguntza ere badu. KalakaLab-ek sustatutako proiektu honek hiru urte beteko ditu aurten.

Sormena bizitzeko laborategi gaztea

Gazte sortegiak” sormen laborategiak eskola forma hartuko du 18-19 ikasturtean. Urritik apirilera bitartean garatuko da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero. Oihane Pereak, Jon Basagurenek, Unai Lopez de Armentiak eta Maider Oleagak bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoen laborategiak landuko dituzte bertan, hurrenez hurren. Aurrematrikula egiteko epea zabalik egongo da ekainaren 17ra arte. Behin betiko matrikula irailaren 10etik 24ra egin beharko da.  Eskolak 100 €ko prezioa du.

Apirilean Kanpezun egindako sormen egonaldiari jarraipena emango dio eskolak. 14-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta,  “Gazte sortegiak” sormen laborategiak lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea du helburu.   

18-19 ikasturtean urritik apirilera bitartean garatuko da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero, arratsaldeko 17:00-18:30 artean, zehazki. Eskola borobiltzeko, amaieran sormen asteburua egingo da.

 

Bertsolaritza, musika, antzerki-dantza eta ikus-entzunezkoen laborategiak:

Ikasturtean zehar  4 sormen laborategi landuko dira. Hasteko, urriaren 1etik azaroaren 5era, Oihane Pereak, Arabako  Bertsozale Elkarteko eragilea eta Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna, Bertsoa jolas izeneko sortegia gidatuko du. Bertan jolasen bitartez errima, doinuak, inprobisazioa eta hitza landuko dira, bertso-sorta desberdinak sortuz.

Jon Basaguren musikari eta esatariak musika lantegia zuzenduko du Musikaz egin izenpean, azaroaren 12tik abenduaren 17ra bitartean. Bakoitzaren gustu musikaletatik abiatuta musikaren egungo errealitatean sakondu eta abesti berriak sortuko dira sorkuntza prozesu osoa biziz: melodia, instrumentuak, hitza eta grabazioa.

Unai Lopez de Armentiak, antzerkilaria eta Baratza aretoko arduraduna, antzerkia eta dantza uztartuko ditu Antzerki–dantza laborategian. 2019ko urtarrilaren 7tik  otsailaren 11ra gorputz adierazpenaren bitartez dinamika desberdinak proposatuko ditu; talde entzumena eta inprobisazioa lantzeko, akatsen aurrean jarrera asertiboa izateko…

Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai Zer daki begiak soinuez? galderaren testuinguruan, otsailaren 18tik apirilaren 1era. Zinemaren marko teorikotik abiatuta eskolako bizipenak irudien eta soinuen bitartez adieraziko dituzte, zinemaren aukera eta mugetan arreta jarriz.

Izen-ematea:

Eskolak, amaierako asteburua barne, 100 €ko prezioa du. Aurrematrikula egiteko epea zabalik egongo da ekainaren 17ra arte. Behin betiko matrikula irailaren 10etik 24ra egin beharko da.  

Interesdunek sortegiak@oihaneder.eus emailaren bitartez eman beharko dute izena, izen-abizenak,  NAN-a, jaiotze data, ikastetxea, herria eta auzoa eta kontakturako telefonoa eta emaila zehaztuz. Plazak mugatuak dira, beraz izen-emate hurrenkera errespetatuko da.

Gazte Sortegiak sormen laborategia Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako ekimena da, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Topaguneak sustatuta eta Gasteizko Udalak, Arabagara elkarteak eta Vital Fundazioak babestuta.

Nik e-irakurtzen dut. Eta zuk?

Gasteizko Udalaren Liburutegi Sareak abian jarri du eLiburutegia izeneko plataforma zabaltzeko kanpaina, Interneten bidez irakurketa digitala sustatzeko asmoarekin.

2017-2019 aldirako onartu zen IV. Gazte Planaren barruan dago kokatuta kanpaina, eta 12-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, nahiz eta, berez, eskaintzen den zerbitzua herritar guztien mesederako izan.

Liburu digitalak irakurri nahi badituzu eta e-reader, ordenagailu, tablet edo sakelakorik baduzu, hurbildu gizarte etxeko liburutegietara eta eskuratu e-liburutegirako pasahitza. Plataformak Euskal Herriko eta Espainiako argitaletxe garrantzitsuenen milaka liburu eskaintzen ditu, kalitatezko zerbitzu baten bitartez, modu seguru, erraz eta doakoan.

Milaka titulu deskargatu ahalko dituzu: eleberriak, komikiak, bidaiei eta arteari buruzkoak, saiakerak… Une honetan eLiburutegiak 1.400 liburu baino gehiago eskaintzen ditu euskaraz, eta nobedadeak sartu ahala kopuru hori egunetik egunera handitzen doa.

Liburutegiaren txartela baduzu, liburutegiko beste zerbitzuetara sartzeko erabiltzen dituzun datu berberak (bazkide zenbakia eta pasahitza) sartzearekin nahikoa da. Pasahitza ahaztu baduzu, zure liburutegira jo beharko duzu eta berria emango dizute. Oraindik ere Sareko liburutegi publiko bateko erabiltzailea ez bazara, eska ezazu zure txartela udal liburutegian, edozein gizarte etxetan, eta plataformara sartzeko behar diren datuak emango dizkizute. Hurbildu liburutegira eta, edozein zalantza argitu behar baduzu, kontsultatu liburuzainei.

Sakatu esteka hau eta eskuratu informazio osoa, katalogoa, nobedadeak, araudia… Begiratu bat eman eta animatu: euskaraz irakurri eta izugarri gozatuko duzu!

 

Kokapen proposamen berria aztertzearekin batera kudeaketa plana ezinbestekoa da

Udal Gobernuak Gasteizko Kafe Antzokirako egindako kokapen proposamen berria, Ruiz de Bergara jauregia, sakonki aztertzeko konpromiso irmoa hartu du Lazarraga Kultur Elkarteak (LKE). Bien bitartean, egitasmoa bideragarri egingo duen plana garatuko delako berme sendoa eskatzen du LKEk; proiektu arkitektonikoaz gain, bideragarritasun plana ezinbestekoa baita aurrera egiteko.

Aurreko asteko Euskararen Elkargunean Udal Gobernuak Gasteizko Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea egitasmoarentzako egindako kokapen proposamen berriaren aurrean, Ruiz de Bergara jauregia, LKEk alternatiba sakonki aztertzeko konpromiso irmoa hartu du. Horretarako espazioa berraztertzeko eta egitasmoaren beharren araberako doikuntza aukerak ondo baloratzeko beharrezkoa duen denbora hartuko du.

Era berean, Euskara Elkargunean LKE-ak  egindako proposamena aintzat hartzea eskatzen diogu Udal Gobernuari. Izan ere, kokapen aukera berria mahai-gaineratuko zela jakin aurretik, LKEk Eskoriatza Eskibel Etxadirako aurreikusitako proiektuan fase aldaketa proposatzea zuen aurreikusita. Alegia, Euskararen Etxea izango litzatekeen Eskoriatza Eskibel jauregiaren birgaitzearekin hastea, eta Kafe Antzokiaren proiektua bigarren fase baterako uztea. Fuel oil deposituaren aurkikuntzak suposatuko dituen atzerapenei aurre egiteko, eta Euskararen Etxearen garapenean aurrera egiteko irtenbide egokia zelakoan egin zuen proposamena LKEk.

Kokapena bata edo bestea izan, ikasturte hasieran Udalean abiatutako jarraipen batzordean lantzen hasitako egitasmoaren izaera juridikoa, kudeaketa plana eta diru iturriak guztiz zehazteko eta gauzatzeko bermeak ziurtatzea ezinbestekotzat jotzen du LKEk. Izan ere, egitasmoaren bideragarritasun planak proiektu arkitektonikoaren pareko garrantzia du; biak batera landu behar dira elkarren osagarri direlako; baten faltan egitasmoa hankamotz geratuko litzateke eta berme guztiekin egikaritzeko aukeratik urrun.

Bukatzeko LKEk argi adierazi nahi du badela ordua proiektuaren osotasuna (Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia) kontuan hartzen duen egitasmoari behingoan berme osoz heltzeko. Hiriarentzako eta herrialdearentzako estrategikoa den egitasmo honek aurrera egiteko, orain arte bezala, kontsentsua eta elkarlana ezinbestekoak izango dira.

Gazte sortegiak, gazte sorginkeriak

Akelarre zoragarrian eman zaio ongietorria aurtengo udaberriari Ibernalon. Hamabi sorgin gaztek hartu zuten landetxea apirilaren hasieran, “Gazte sortegiak” sormen egonaldia bizitzeko. 

Bakoitzaren barruko artista txikia hauspotzeko lau sortzaile fin izan zituzten bidelagun. Lehen egunean Oihane Pereak bertso sortegia gidatu zuen. Jolasen bitartez errima eta inprobisazioa landu ziren, bertso-sorta ederrak sortuz. Zehar-lerro nagusiak emakumeak eta euskara izan ziren. Inprobisazioa lantzeak eta Oihaneren mimo eta gertutasunak gako izan ziren talde izaera indartzeko. Partaideetako askok ez zuten esperientziarik bertsotan eta hitzarekin jolastuz euren buruaz harritzeraino heldu ziren; lotsak poliki-poliki galduz mikroaren aurrean kantatzera ausartzeraino.

Perea gustura oso ibili zen egonaldian “adin horretan gauzak probatzeko eta sormen jolaserako neukan grinaz akordatu naiz egonaldian. Euskara nuen bihotzeko hizkuntza, baino sormenak lehen planora ekarri zuen. Geroko nere hizkuntza hautuan erabakiorra izan da bertsolaritza. Euskaraz lana gozatu, harremandu, sortu eta bizitzea lortu nuen. Asko bete nau horrek. Egonaldiko gazteekin hori konpartitu eta berbizitzea mundiala izan da. Eta aldi berean haiek antzeko prozesu batean ikustea: opari bat.”

Jon Basagurenek landetxea musika estudio bihurtu zuen hurrengo egunean. Bakoitzaren gustu musikaletatik abiatuta hamaika musika estilo aztertu zituzten; horien jatorria ezagutuz eta hobetu ulertuz. Abesti desberdinen bertsioak egiteaz gain egonaldiko kanta ere sortu zuten: “Gazte sorginkeriak“. Sorkuntza prozesua osoa izan zen; melodia, instrumentuak, hitza eta borobiltzeko: grabazioa.

Jonen goxotasunak eta entzute aktiboak eguna berezi bihurtu zuten. Mendialdeko bertsozaleek “Mendialdeko bertso zortea” izeneko diska egun horretan oparitu izana, kasualitatea ote? Ala magia? Maeztuko Jaio Kantaktrizen ahotsa eta gitarrarekin kantu-afarian ibili ostean gazteek barnea dantzan hartu zuten ohea.

 Unai Lopez de Armentia antzerkilariaren zirimolan sartuta igaro zen hirugarren eguna.  Mugimenduan pasa zuten eguna, gorputz adierazpenarekin gozatuz. Arreta, entzumena, sentimenduak eta inprobisazioa lantzeko teknikak ikasi eta praktikan jarri zituzten koadro eta polaroid biziak sortuz. Unaik badu artea ingurukoak bere bizi-pozarekin sorgintzeko. Eguna amaitzeko Teleberriko kazetari bat hurbildu zen gaueko albistegietarako berria egitera. Emozio astindua izateaz gain, ordura arte bizitako emozioak plazaratzeko aukera polita izan zen. Ikusi hemen.

Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak itxi zuen egonaldia. Ikus-entzunezkoen mundu zabal eta anitza hurbildu zien gazteei. Aste guztian hainbeste erabilitako hitzari protagonismoa kendu eta irudia, soinua eta isiltasuna izan zituzten ardatz. Maiderren artista senak bideratuta aktore eta zuzendari lanetan ibili ziren zinea gertuagotik ezagutuz. Egonaldiko bizipenetan oinarritutako bi laburmetrai sortu zituzten gainera. Gaiak: beldurra eta elkartasuna.

Oleagaren iritziz “gaur egungo gazteengan sormena sustatzea beharrezkoa” da eta euskararen bitartez egitea “funtsezkoa”. “Sorkuntza euskaraz lantzea berebiziko garrantzia dauka, hizkuntza bera delako sortzeko tresna, mundua izendatzen duen heinean. Gure-gurea den modu batean sortzen dugu, zentzu batean. Egonaldian euskara egunerokotasunaren erdian egotearen gozamena bizitu genuen”. Oleagak 18 urterekin zuzendu zuen bere lehenengo film laburra; “hori baino lehen zinemarekiko grina hor zegoen, baina ez nuen garatzeko tresnarik izan. Oso garrantzitsua da horrelako sugarrak, agian izen gabeko jakingurak, garatzeko espazioak eta egoerak eskaintzea”.

Sortegiak bukatutakoan Kanpezura bisita ez zen falta izan. Eguraldia lagun izan ez eta bisita azkarra izan zen, baina probetxuzkoa. Ibernaloko txokoko sutondoaren beroak hartu zuen egonaldiko azken afaria.

Egonaldian egondako Izaro Fagundez gazteak uste zuena baino askoz gauza gehiago egin ditzazkeela ikasi du egonaldian; “hasieran uste nuen ez nintzela gai izango gauza asko egiteko, musika kontuan adibidez, ez dut intrumenturik jotzen eta. Baina ez da horrela izan, instrumenturik jo gabe ere musika sortzeko eta musikarekin harremana izateko modu asko daudela ikasi dut, sormena erabiliz hainbat gauza egin daitezkeela ikasi dut. Gainera, orain gauzak egin eta sortzeko askoz motibatuago nago.” Bere antzeko gustu eta interesak dituen jende interesgarria ezagutu izanagatik pozik dago Izaro.

Irune Santamaría gazteak dioenez, sormen egonaldiak “arte mota desberdinak ezagutzea, haietan trebatzeko irrika eta haien arteko erlazioa duten proiektuak sortzeko aukera eta gogoa” ekarri zion. “Giro ezinhobe horretan elkar-bizitzea, denok batera egitea guztia eta euskaraz askoz gehio berba egitea” nabarmendu ditu Oihana Hernando parte-hartzaileak.

Egonaldiak eskola forma hartuko du 2018-2019 ikasturtean. Izan ere urrian sormen eskola abiatuko da Oihaneder Euskararen Etxean. Eskolaz kanpoko ekintza bezala planteatuta, astean behineko saioetan antolatuko da. Maiatzean aurre-matrikulatzeko aukera egongo da.

Gazte Sortegiak sormen laborategia” egitasmoa Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, Mintzola Ahozko Lantegia, Topagunea eta Arabagara elkarteen lankidetzaren emaitza da, eta lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen du.

Egonaldia goxoa izan da, egunero gosaldutako Mendialdeko eztia bezain beste. Eskola egonaldiak utzitako zaporea indartzera etorriko da. Biak ala biak bizipen lagungarriak oso partaideen sormen-hegaldiak arintzeko; sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik eta ortzadar bikoitzen zeharkaldietatik.

 

 
 

UXUE ALBERDI. Nobela baten erainkutza

Karmele Jaiok Uxue Alberdi ekarriko digu Idazleekin solasean. Oraingo honetan Uxue nobelaren eraikuntza prozesuaz arituko zaigu, eta sormenaz orokorrean.

Idazle elgoibartarren hitzaldia Liburu Egunaren inguruko kanpainaren barruan dago.

Jenisjoplin eleberriaren egilea Pilarreko liburutegian egongo da Karmele Jaiorekin batera datorren apirilaren 25ean arratsaldeko 19:00etan.

Sarrera librea da aforoa bete arte.