Pirineotako euskalkiak: zuberera eta erronkariera Argitxu Camus eta Alberto Angos

martxoa
17
asteazkena
19:00
2021
Ortuño

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 6. ikasturteak 7 hizkuntza hurbilduko dizkigu: sorabiera, lakota, nasa yuwea, mankanyera, pirineotako euskalkiak eta kalaallisut. Zazpigarrena AnHitzak ekimenetik gerturatuko diren gonbidatuen hizkuntza multzoak osatuko du.

Saio honetan bi izango dira Argitxu Camus eta Alberto Angosek aurkeztuko dituzten hizkuntzak: Argitxuk zuberera eta Albertok erronkariera.

Zuberera, Euskal Herriko lurralde historiko txikienean mintzo den euskalkia da. Erran daiteke 15.000 lagunek osatzen duten lurraldetxo hori euskaldun anitzentzat euskal probintziarik bereziena dela, mito bat kasik, bere euskalki, musika, kantu eta dantzak direla eta. Hala da, tradizioak oraindik bizirik kontserbatzeaz gain, kultur sorkuntzarako joera handia izaten jarraitzen dute zuberotarrek. Zubereraren berezitasun linguistiko eta fonetikoak ikusirik, asko dira ikertzera hurbiltzen zaizkion linguistak. Baina mitoak mito, errealitatea konplexuagoa da. Oraingoz, zoritxarrez, Zuberoan euskararen geroa segurtatua denik ezin genezake erran.

Argitxu Camus Paueko unibertsitatean eta EHUn Historia ikasi ondoren, Estatu Batuetara joan zen doktoregotzaren egitera. Renoko Unibertsitateko Euskal Ikergunean ikertzaile eta irakasle laguntzaile zela, 2008an tesia aurkeztu zuen, euskal inmigrazioa jorratzen zuen gai baten inguruan: “A Historical Comparative Study of Basque Institutions in the United States”. Beste bi urte pasa zituen han ikertzaile gisa Europara itzuli zen arte. Parisko Sorbonne-Nouvelle unibertsitatean euskara eta euskal kultura irakasle pare bat urtez egon ondoren, 2013az geroztik Euskararen Erakunde Publikoan egiten du lan. Baionan kokatua den IKER Euskara eta Euskal Testuen Ikerketa Zentroko ikertzaile asoziatua ere bada.

Erronkariera euskalkirik arkaikoena zen, eta bere nortasunari eutsi zion Fidela Bernat azken hiztunak harekin eraman zuen arte. Euskararen bederatzigarren euskalkia izan zen. Erronkarierak zenbait berezitasun zituen. Esaterako, euskarak dituen ohiko bost bokal ahokariez gain (a, e, i, o, u), beste bost sudurkari zituen (â, ê, î, ô, û). Horrez gain, asimilazioa ohikoa zen: gaztelu/gaztulu, iturri/uturri, eki/iki…

Alberto Angos Merkataritza Administrazioko eta Kudeaketako Informatikako teknikari espezialista da. Sestaoko Ontziolan soldatzaile ibili zen zenbait urtez. Sasoi hartan, euskara irakasten ere aritu zen, Gurutzetako ikastetxe batean. Erronkarierari buruzko hiru liburu argitaratu zituen orain dela hamabost urte, eta, gaur egun, ostalaritza du ogibide.

Hurrengo emanaldiak

EMAN IZENA:

Hitz Adina Mintzo zikloa UEUren ikastaro eskaintzen barruan sartzen da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak 30 €ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 € ordaindu beharko da saioko.

Aurten ere zikloak UPV/EHUGarabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren babesa du.

Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat eta UPV/EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da (behin gutxieneko asistentzia ziurtatu eta parte hartze ziurtagiria lortuta).

OHARRAK:

  • Egoerak eskatzen dituen segurtasun baldintzak (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…) bermatzeko neurriak hartuta gauzatuko da jarduera hau, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dira jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.
  • Jarduerara 10 minutu lehenago etortzea gomendatzen da.