Nasa Yuwea Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga

abendua
16
asteazkena
19:00
2020
Ortuño

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 6. ikasturteak 7 hizkuntza hurbilduko dizkigu: sorabiera, lakota, nasa yuwea, mankanyera, pirineotako euskalkiak eta kalaallisut. Zazpigarrena AnHitzak ekimenetik  gerturatuko diren gonbidatuen hizkuntza multzoak osatuko du.

2019-2020 ikasturtean covid-19agatik bertan behera utzitako hirugarren eta azken hizkuntza aurkeztuko da oraingo honetan, nasa yuwea, Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako kideak izango dira hurbilduko digutenak.

Kolonbian oraindik bizirik dauden 65 herri-hizkuntzetako bat nasa yuwea da. Nasa herria Kolonbiako hego-mendebaldean bizi da eta nasadun gehienak Andeetako Cauca eremuan bizi dira. Gaur egun 400.000en bat lagunek jotzen dute beren burua nasatzat eta horietatik 140.000 nasa yuwez mintzatzen dira, gaitasun mailak euren artean ezberdinak badira ere.

Nasa yuwea hizkuntza isolatua da. Tradizionalki ahoz transmititzen den hizkuntza izan da baina, batez ere 2001ean alfabetoa adostu ondoren, ahaleginak egiten ari dira idatzizko testuak eta material didaktikoak ekoizteko. 1991ko Konstituzioak nasa yuwea hizkuntza ofizialtzat jotzen du bere lurraldeetan, baina honek ez du ekarri Estatuko babesik; biziberritze prozesua nasa komunitateen eskuetan geratu da eta batzuk gogor ekin diote.

Aurkezpen honetan hizlariek Caucako Toribioko nasa komunitatearekin 7 urteko elkarlanaren esperientzia konpartituko dute.

Ane Ortega Etcheverry Filologia Hispanikoan lizenziatua (Deustuko Unibertsitatea), Itzulpengintzan Masterra (Warwick) eta Soziolinguistikan Doktorea (Londres). Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitatate Eskolan (BAM) irakaslea da, Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Sailean. EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrakidea da eta hizkuntza gutxituen inguruan, euskara barne, hainbat lan egin ditu; horien artean, Colombiako nasa herriarekin hizkuntza-kooperazio lanean aritu da azken 7 urteotan, nasa yuwe hizkuntza biziberritze prozesuan. Ikerketari dagokionez, azken lanak euskal hiztun berrien ingurukoa izan dira, eta gaur euskal hiztun aktibo bihurtzeko muda-prozesuak aztertzen ditu, batez ere testuinguru ez euskaldunetako gazteen artean.

Arkaitz Zarraga Azurmendi Euskal filologian lizentziatua da eta Soziolinguistikan eta Euskal Filologian eta hizkuntzalaritzan masterrak eginak ditu. Euskaltegietan esperientzia luzea du, trebatzaile ere aritu da Basauriko udalean, gaur egun Basauriko Udal Euskaltegiko zuzendaria da. Ikerketa eta hizkuntza gutxituen arloan, BAMen irakasle ibilia da, Soziolinguistika eskuliburuaren idazle eta koordinatzailea da, UEUko Glotodidaktika Saileko sailburu, GARABIDEko partaide eta UNESCO-KATEDRAko kidea ere bada.

Hurrengo saioak

IZEN-EMATEA

Hitz Adina Mintzo zikloa UEUren ikastaro eskaintzen barruan sartzen da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak 25 €ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 € ordaindu beharko da saioko.

Aurten ere zikloak UPV/EHUGarabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren babesa du.

Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat eta UPV/EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da (behin gutxieneko asistentzia ziurtatu eta parte hartze ziurtagiria lortuta).

OHARRAK:

  • Egoerak eta Lehendakariaren urriaren 26ko  36/2020 dekretuak eskatzen dituen segurtasun baldintzak (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…) bermatzeko neurriak hartuta gauzatuko da jarduera hau, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dira jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.
  • Jarduerara 10 minutu lehenago etortzea gomendatzen da.