Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 6. ikasturteak 7 hizkuntza hurbilduko dizkigu edizio berri honetan: sorabiera, lakota, nasa yuwea, mankanyera, pirineotako euskalkiak eta kalaallisut. Zazpigarrena AnHitzak ekimenetik gerturatuko diren gonbidatuen hizkuntza multzoak osatuko du. Karlos Zurutuzak inauguratuko du ikasturte berria urriaren 14an “Hitzaren jabeak: amazig eta kurdu herrien hizkuntz biziberritze prozesuak” izenburupeko hitzaldiarekin.
Gatazka guztien erdigunean hizkuntzak daude, nahiz eta batzuetan zauri hauek ikusezinak diren. Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean ere ez da salbuespenik egon, eta hizkuntzen egoerak mintzo dituzten herrien egoeraren araberakoak dira.
Hamarkada luzeko diktadurak pairatu ostean, Libiako amazigek nahiz Siriako kurduek kultur eta hizkuntz biziberritze prozesuari ekin diote. Historian lehendabiziko aldiz, amazigera Libiako eskola eta unibertsitatetan ikasten da, bai eta kurduera Siria iparrean. Ez da kontakturik egon bi herrion artean, baina kultur prozesu biak simultaneoki garatu dira azken zortzi urteotan zehar.
Karlos Zurutuza euskal kazetari independentea da eta freelance modura egiten du lan. Euskal Herriko zein atzerriko zenbait hedabiderentzat egiten du lan. Gara, Jot Down, Middle East Eye eta Deutsche Welle hedabideen ohiko kolaboratzailea da, baina beste hainbatentzat ere lan egiten du, besteak beste: The Guardian, Al Jazeera, The Diplomat Magazine, El Mundo, eta 5W. Gatazkak eta giza eskubideak dira bere kazetari-lanaren oinarri, eta munduan barrena kazetari gisa lanean diharduenetik, munduan aitorpenik ez duten herrietan jarri du begirada. Besteak beste, Sirian, Iraken, Afganistanen eta Libian izan da, bertako errealitateak ezagutuz eta horren inguruko informazioa zabalduz Nawab Bugti Reporting Award saria jaso zuen Londresen 2009an Iran nahiz Pakistango Balutxistanen egindako lanagatik; 2012an Argia Saria eta Rikardo Arregi Saria eman zizkioten iraultza arabiarren inguruan landutako informazioagatik. 2016an Photographic Social Vision Ikerketa Kazetaritzako Beka eskuratu zuen eta 2019an Prix Plumes Livres nazioarteko sariaren finalista izan zen. Hainbat kronika liburuen egilea ere bada.
GONBIDAPENAK (urriaren 14ko saiorako)
Lagun bakoitzak 2 gonbidapen bakarrik eska ditzake.
Gonbidapenak eskuratzeko 3 bide egongo dira; horretarako jarduera baino astebete lehenago irekiko da aukera:
- Bibe plataforman
- Telefonoz eskatuta (615.986.832), 10:00etatik 12:00etara
- oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita:
- *E-posta idatzita ez da ziurtatuko gonbidapena, baieztapen-mezua jaso arte.
- **Emanaldiaren egunean bertan 14:00etan itxiko da aukera hau.
*Gonbidapenak agortu arte
EMAN IZENA IKASTAROAN:
Hitz Adina Mintzo zikloa UEUren ikastaro eskaintzen barruan sartzen da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak 30 €ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 € ordaindu beharko da saioko.
Aurten ere zikloak UPV/EHU, Garabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren babesa du.
Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat eta UPV/EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da (behin gutxieneko asistentzia ziurtatu eta parte hartze ziurtagiria lortuta).
OHARRAK:
- Egoerak eskatzen dituen segurtasun baldintzak (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…) bermatzeko neurriak hartuta gauzatuko da jarduera hau, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dira jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.
- Jarduerara 10 minutu lehenago etortzea gomendatzen da.