Kortxeak & Krispetak 2018

Kortxeak & Krispetak musika eta zinema zikloaren 4. edizioan hiru saio programatu dira: bi dokumental eta kontzertu bat. Ekainaren 27an eta 28an The Sweel Season eta Gimme Danger dokumentalak proiektatuko dira, hurrenez hurren, gaueko 22:00etan. Ekainaren 29an, 21:00etan, Nøgen taldearen kontzertuarekin emango zaio amaiera zikloari. Saio guztiak Falerina lorategian izango dira.

Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako Kortxeak & Krispetak zikloak musika eta zinema uztartzen ditu. Aurten Filmazpit egitasmoarekin elkarlanean antolatu da eta hiru egunez jarraian garatuko da: ekainaren 27, 28 eta 29an. Filmak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin proiektatuko dira.

Lehen saioan, ekainaren 27an, The Sweel Season (Nick August-Perna, Chris Dapkins, eta Carlo Mirabella, AEB-Irlanda-Txekiar errepublika, 91’, ingelesa, 2011) dokumentala eskainiko da. Lan honek Once pelikularen protagonisten (Glen Hansard y Marketa Irglova) istorioan murgilduko gaitu: amodioak eta ospeak sortu bozkarioari eta nahasmenduari egiten zaion begirada intimoa.

Bigarren egunean, ekainaren 28an, Gimme Danger (Jim Jarmusch, AEB, ingelesa, 108’, 2016) dokumentala proiektatuko da. Filmak garai guztietako rock talde garrantzitsuenetako baten epopeia kontatzen du: The Stooges taldearena.  

Nøgen folk pop indie musikako talde donostiarrak itxiko du zikloa ekainaren 29an. Euskarazko eta ingelesezko doinuak nahastuz, eta ukelele, gitarra, baxu, bateria eta ahots ezberdinekin jokatuz,  talde gazte honek sortu duen soinu itsaskorrekin amaiera emango zaio aurtengo edizioari.

Saio guztiak Falerina lorategian izango dira. Bi proiekzioak gaueko 22:00etatik aurrera eta kontzertua 21:00etan.

Ekimena doakoa da eta sarrera librea lekuak bete arte.

Hizkuntza gutxituen hiztun gazteen topaketa

HIGA! Hizkuntza gutxituen hiztun gazteen topaketa uztailaren 16tik 19ra bitartean izango da.

Gazteria izango da hizkuntza gutxituen biziberritzea ahalbidetuko duen gizarte-taldea. Globalizazio garai hauetan horrelako erronka bati erantzuteko, hizkuntza gutxituetako komunitate ezberdinetako kideen arteko elkartasun eta elkarlana funtsezkoak izango dira etorkizunean. Hori dela eta, etorkizun horretan bidaide izango diren 70 hizkuntza ekintzaile elkarrekin harremanetan jarri nahi ditu HIGA-k.

2.edizio hau uztailaren 16tik 19ra gauzatuko da Gasteizen. Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako ikastaroen barruan eskainiko da, eta alor akademikoaz gain alde ludikoagoa ere izango du; hirian zehar gauzatuko diren hainbat ekintza hartuko ditu: hitzaldiak, kontzertuak… (Egitaraua)

HIGA! Vitoria-Gasteizko Udalaren Gazteria eta Euskara Zerbitzuen, EHUren eta Arabako Foru Aldundiaren elkarlanaren emaitza da. Beñat Garaiok koordinatuta Oihaneder Euskararen Etxea, Garabide, Soziolinguistika Klusterra, UNESCO Etxea, MHOUK, Kontseilua eta SOAS Unibertsitatearen  laguntza ere badu.

Euskara mihian… eta Pantaila Handian!

Euskara Pantaila Handian ekimenaren bigarren edizioan euskaltegietako 700 euskara ikasletik gora hurbildu da euskarazko zinemaz gozatzera, Euskararen Etxera. Guztira euskarazko 6 film eskaini dira, azarotik apirilera bitartean hilero bat: Gazta zati bat, Bertsolari, Arriya, Gartxot, Gernika eta Loreak.

Iaz hasitako bideari jarraipena emanez, Gasteizko AEK, Bai&By, Hegoalde, Udaberria eta IKA euskaltegiek eta Oihanederrek elkarlanean Euskara Pantaila Handian  egitasmoa antolatu dute. Honen bitartez euskarazko pelikulak  pantaila handian ikusteko aukera luzatu diete Gasteizko euskara ikasleei.

Aurten Euskal Herrian ekoitzitako film luzeak eta dokumentalak programatu dira. Proiekzioaz gozatzearekin batera pelikulak klasean landu egin dira, bakoitzaren unitate didaktikoak prestatuz. Hilabete bakoitzean euskaltegi batek hartu du unitatea egitearen eta gainontzeko euskaltegiekin elkarbanatzearen ardura. Era honetan, proiekzioa baino egun batzuk lehenago filma ikustera joango ziren ikasleekin lanketa berezia egin da.

Euskal gatazkaren gaia jorratzen duen Gazta zati bat (Jon Maia, EH, 2011) dokumentalarekin abiatu zen ekimena azaroan. Abenduan Euskal Herriko Bertsolaritza txapelketaren testuinguruan Bertsolari (Asier Altuna, EH, 2011) dokumentalaren txanda izan zen, 2009. urteko txapelketan oinarrituz bertsolaritzaren munduan murgiltzen gaituen lana da. Urtarrilak gizakiaren eta taldearen arteko gatazkak lantzen dituen Arriya (Alberto Gorritiberea, EH, 2011) film luzea eskaini zigun. Otsaileko protagonista Gartxot (Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi, EH, 2011)  izan zen. Animazio filma honek Itzaltzuko bardoaren kondaira kontatzen duMartxoko saioan Gernika (Koldo Serra, EH, 2016) izan genuen,  1937. urtean Kondor Legioak Gernikan burututako sarraskia islatzen duen lana. Bukatzeko, apirilean Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, EH, 2014) film luzearekin ikasturteari amaiera eman genion.  

2017ko azarotik 2018ko apirilera bitartean 700 euskara ikasletik gora hurbildu da Oihanederrera euskarazko zinemaz pantaila handian gozatzera.

Gaztea eta sortzailea? Ez galdu aukera!

Gazte Sortzaileak Bekaren 2018ko deialdia, 5. edizioa, matxan da. Izena emateko epea uztailaren 2an itxiko da.

17 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta gazteen artean euskarazko kultur sorkuntza sustatzea bilatzen du. Horretarako 4.000 €-rainoko diru-laguntza lortzeko aukera eskaintzen du. Gainera gazte irabazleek profesionalen laguntza izango dute euren ekimenak garatzeko.

Gazte Sortzaileak Beka Gasteizko Udalaren Euskara eta Gazteria zerbitzuen, Arabako Foru Aldundiaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen arteko lankidetzaren emaitza da.

Izena emateko:

 2018ko deialdia zabalik dago jadanik; izena emateko epea uztaileraren 2ra arte egongo da irekita.

Parte hartzeko gazteek gazteria@vitoria-gasteiz.org posta elektronikora bidal dezakete ideia. Udalaren Erregistro Nagusian (Teodoro Dublang Margolariaren kalean) ere aurkeztu dezakete.

Saritutako egitasmoen egileen 6-7 hilabete izango dituzte euren egitasmoa borobiltzeko eta ostean jendaurrean aurkezteko.

 

 Gazte Sortzaileak Bekaren laugarren edizioa:

2017ko deialdira aurkeztutako proposamenetatik bost saritu ziren.

Ane Gebararen ipuin-kontalariaren proposamena izan zen taularatzen lehena apirilaren 13an.  ‘Harriek kontatu didatena’ izenpean Arabako istorietan oinarritutako narrazio ikuskizuna eskaini zuen Gebarak.  Sorkuntza prozesuan Itziar Rekalderen aholkularitza izan zuen bidelagun.

Apirilaren 17an Gindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruagaren “Orainaldian:laissez faire’ ikus-entzunezko proiektu esperimentalaren txanda izan zen. 

Maiatzean Egoitz Díazek sortutako ‘Atabala eta Euria’ laburmetraia eskaini zen, Peru Magdalenaren “Hemen eta han” dokumentalarekin batera.

Ekainean Lurburu kolektiboak ‘Barrunbeko lurretan’ performancea egingo du.

Irailean  Irantzu Lekue eta Olatz Alonsoren ‘Eraldaketa SortzaileOn afera’ proiektuaren azken atala egongo da ikusgai, erakusketa formatuan. Azken proiketu hau garatzeko Lekuek eta Alonsok Maider Oleagaren laguntza izan dute.

 

 

Zinelekun izena emateko epea ekainaren 18ra arte luzatu da

Oraindik garaiz zabiltzate ZINELEKUizena emateko. Epea ekainaren 18ra arte luzatu da.

Zineleku ikus-entzunezkoen formakuntza, ekoizpena eta emanaldiak ardatz dituen programa da. Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko 18 – 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie eta ikus-entzunezkoen sortzaile berriei diziplinarteko formakuntza eskaintzea du helburu, ikuspuntu komunitario batetik abiatuta, betiere.

Murgiltze proiektu hau Gasteizko hirigune zaharrean gauzatzen da, elkarrekintza eta hartu-emana sustatzen duen espazio batean. Parte-hartzaileak Santa Maria aterpetxean biziko dira elkarrekin hamabi egunez. Bitarte horretan zinema lantegi eta zinemagintzako edota beste arte batzuetako profesionalen eskola magistraletara joango dira, eta proiekzio, performance eta kontzertuetan parte hartu ahal izango dute.

ZINELEKU 2018k aukera zinematogra­fikoen ikuspegi zabala eskainiko du. Izena emateko epea ekainaren 18ra arte irekita egongo da. Aurtengo programan soinu lanketari (esperimentaziotik hasita, postprodukzio profesionaleraino) eta Super 8mm-ko fi­lmaketa eta errebelatuari erreparatuko zaio bereziki.

Hauek izango dira, besteak beste, irakasle gonbidatuak eta jorratuko diren gaiak:

· Sra Polaroiska. Performancea eta esplorazio fi­lmikoa.

· Paul Urkijo. Proiektuen garapena.

· Marian Fernández. Proiektuen garapena.

· Ana Pfa­. Proiektuen garapena.

· Mar Coll. Proiektuen garapenerako aholkularitza. / Zine zuzendaritza.

· Xabier Erkizia eta Luca Rullo. Soinu esplorazioa

· Martín Guridi. Soinuaren postprodukzioa.

· Mursego. Musika esperimentazioa eta soinu banda.

· Clara Sánchez Dehesa. Super 8mm-ko errebelatua eta proiekzioa.

· Garbiñe Ortega. Programazioa eta zinemagintzako komisariotza.

· Carlos Casas. Proiektuen gauzatzea.

· Idoia Zabaleta. Begiradaren mugimendua eta eraikuntza.

· Zazpi T’erdi. Dagoenarekin ekoizten. / Esplorazio Filmikoa.

Zineleku 2018 Arabako Foru Aldundiko Gazteriaren Foru Erakundeak antolatutako programa da, eta Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen laguntza ere badu. KalakaLab-ek sustatutako proiektu honek hiru urte beteko ditu aurten.