Euskara Pantaila Handian ekimenaren bigarren edizioan euskaltegietako 700 euskara ikasletik gora hurbildu da euskarazko zinemaz gozatzera, Euskararen Etxera. Guztira euskarazko 6 film eskaini dira, azarotik apirilera bitartean hilero bat: Gazta zati bat, Bertsolari, Arriya, Gartxot, Gernika eta Loreak.
Iaz hasitako bideari jarraipena emanez, Gasteizko AEK, Bai&By, Hegoalde, Udaberria eta IKA euskaltegiek eta Oihanederrek elkarlanean Euskara Pantaila Handian egitasmoa antolatu dute. Honen bitartez euskarazko pelikulak pantaila handian ikusteko aukera luzatu diete Gasteizko euskara ikasleei.
Aurten Euskal Herrian ekoitzitako film luzeak eta dokumentalak programatu dira. Proiekzioaz gozatzearekin batera pelikulak klasean landu egin dira, bakoitzaren unitate didaktikoak prestatuz. Hilabete bakoitzean euskaltegi batek hartu du unitatea egitearen eta gainontzeko euskaltegiekin elkarbanatzearen ardura. Era honetan, proiekzioa baino egun batzuk lehenago filma ikustera joango ziren ikasleekin lanketa berezia egin da.
Euskal gatazkaren gaia jorratzen duen Gazta zati bat (Jon Maia, EH, 2011) dokumentalarekin abiatu zen ekimena azaroan. Abenduan Euskal Herriko Bertsolaritza txapelketaren testuinguruan Bertsolari (Asier Altuna, EH, 2011) dokumentalaren txanda izan zen, 2009. urteko txapelketan oinarrituz bertsolaritzaren munduan murgiltzen gaituen lana da. Urtarrilak gizakiaren eta taldearen arteko gatazkak lantzen dituen Arriya (Alberto Gorritiberea, EH, 2011) film luzea eskaini zigun. Otsaileko protagonista Gartxot (Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi, EH, 2011) izan zen. Animazio filma honek Itzaltzuko bardoaren kondaira kontatzen du. Martxoko saioan Gernika (Koldo Serra, EH, 2016) izan genuen, 1937. urtean Kondor Legioak Gernikan burututako sarraskia islatzen duen lana. Bukatzeko, apirilean Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, EH, 2014) film luzearekin ikasturteari amaiera eman genion.
2017ko azarotik 2018ko apirilera bitartean 700 euskara ikasletik gora hurbildu da Oihanederrera euskarazko zinemaz pantaila handian gozatzera.