Zeinu hizkuntzak Miren Lazkano, Ainitze Laskurain, Sheila García eta Cristina Campo

urtarrila
17
asteazkena
19:00
2018

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 3. ikasturteak 6 hizkuntza hurbilduko dizkigu: Europako frisiera eta kaxubiera, Amerikako kokamera eta txerokiera eta zeinu hizkuntzak eta esperantoa.

Gaurkoan zeinu hizkuntzen txanda izango da Miren Lazkano hizkuntza teknikaria,  Ainitze Laskurain eta Sheila García interpreteen eta Cristina Camporen eskutik.

Gutxiengo baten hizkuntzak dira halabeharrez zeinu hizkuntzak; izan ere, gorrak dira horien “hiztun” natural bakarrak.  Aintzat hartu behar da gorrak entzulez inguraturik bizi direla eta komunitate txikia osatzen dutela –mila jaioberritik bat da gor sakona–.

“Hiztun” gutxi izateaz aparte, hizkuntza gutxituak ere badira zeinuen hizkuntzak. Iraganean baztertuak izan dira gehienetan, eta, gizartearen mespretxua ez ezik, “autogutxiespena” ere jasan dute: duela hamarkada gutxi arte gorrak ez baitira oro har harro sentitu gor izateaz. Zorionez, hori ere aldatzen ari da, eta gero eta sarriago erabiltzen dituzte kultura, nortasuna eta harrotasuna bezalako kontzeptuak euren komunitatea definitzerakoan.

Gorren komunitatea eta haien hizkuntzak arrotza zaizkigu entzuleoi. Ezjakintasun horren eraginez, horiei buruzko hainbat aurreiritzi erabat zabaldurik daude gure artean.

Miren Lazkano arrasatearrak betidanik izan ditu hizkuntzak gustuko. Itzulpengintza eta Interpretaritza ikasketak egiten ari zela sortu zitzaion zeinu hizkuntzei buruzko jakin-mina. Itzultzaile lanetan urtebete eman ondoren, euskara teknikari hasi zen eta horretan dabil gaur egun ere, 2013 amaieratik Donostiako epaitegietan. 2011 eta 2013 artean, Hiznet Hizkuntza Plangintza Graduondokoa egin eta aukera aprobetxatu zuen zeinu hizkuntzen nahiz gorren komunitatearen gaian sakontzeko.

Ainitze Laskurain Goirizelaia zeinu hizkuntzako interpretazio ikasketak burutu ditu eta 2011z geroztik Arabako Gorren Elkarteko interprete zerbitzuan dihardu.

Zeinu hizkuntzarekin izandako lehen kontaktutik, hizkuntzaren edertasun, aberastasun eta berezitasunarekin gelditu zen. Ordutik etengabean ikazteaz aparte, hizkuntzaren sozializioan murgildu da, pertsona gorren kolektiboari gizarteko arlo guztiak irisgarri bilakatzeko borrokan, beraiekin batera.

Bere lana esparru desberdinetan burutzen du, egunerokoak diren esparruetan: administrazioan,  osasun zerbitzuetan, lan arloan… komunikazio beharra dagoen edozein lekutan. Baita kongresu jardunaldi eta hitzaldietan ere.

Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarri eta ezagutarazi nahi du. Hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkeztuko dute. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egingo dira.

Saio guztietan (12 ordu) parte hartzen duten pertsonek ziurtagiria jasoko dute. Horretarako izena eman behar da hemen.

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera eta Irlandako gaelera, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa eta lenkera, Asiako kurduera eta hokkienera, Afrikako tamazightera eta mundu mailako esperantoa hizkuntzak landu dira (ikusi zikloaren bloga).