Parmera Sara Agnetti

martxoa
20
asteazkena
19:00
2019
Ortuño aretoa

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 4. ikasturteak 6 hizkuntza hurbilduko dizkigu: mapuzugun-a, maoriera, bretoiera, hassaniera, parmera eta lemkera.

Ikasturteko bosgarren hizkuntza parmera izango da.  Sara Agnetti italiar-euskaldunak aurkeztuko du hizkuntza.

Parte hartzeko izena eman behar da.

Parmera jatorri zeltikoko hizkuntza/dialektoa da, aldaketa sakonak izan zituena bai okupazio erromatarraren garaian, baita eragin frantsesaren eta espainiarraren garaian ere (XVI. mendetik XIX. mendera arte).

1861ean Italiaren bateratzea gertatu zenetik, italieraz ez zekiten nekazarien eta ezjakinen hizkuntzatzat jo zuten.

Ahozko zabalkunde handia duen arren, azken urteotan aldaera hau berreskuratzeko eta lurraldearen testuinguru kulturalean txertatzeko ahaleginak eman dira soilik.

Sara Agnetti Parman jaio zen (Italia) 1984an. Fisioterapeuta da. Bere etxeko hizkuntzak italiera eta parmera dira. Ingelesa, frantsesa eta gaztelera ere ikasi zituen eskolan. Duela bi urte Donostiara joan zen bizitzera eta euskara ikasten ari da.

Aurten lehen aldiz zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak 25 €ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 € ordaindu beharko da saioko

Aurten ere zikloak UPV/EHUGarabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren babesa du.

Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentat etaUPV/EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da (behin gutxieneko asistentzia ziurtatu eta parte hartze ziurtagiria lortuta).

  • Hitz Adina Mintzo:

Oihaneder Euskararen Etxeak 2015ean sortu zuen Hitz Adina MintzoBeñat Garaiorekin elkarlanean. Zikloak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea eta hizkuntza aniztasuna balorean jartzea eta ezagutaraztea du helburu. Bertan hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkezten du. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egiten dira.

  • 2015etik hona aurkeztutako hizkuntzak:

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera, Irlandako gaelera eta kaxubiarra, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa, lenkera eta ekialdeko txerokiera , Asiako kurduera eta hokkienera, Afrikako tamazightera eta mundu mailako esperantoa eta zeinu hizkuntzak landu dira (ikusi saioen bideoak).

Azken hizkuntza:

  • Apirilak 10, asteazkena:Lemkera
    • Jon Mikel Intsausti informatikaria
    • Saio honetan izena emateko hemen