Mugaminak

martxoa
22
asteazkena
19:00
2017

begi-belarri-mugaminak-kartela-webBegi Belarri ikus-entzunezkoen zikloak Amets Arzallus bertsolariaren Mugaminak lana aurkezten digu oraingoan. Dokumentala ikusi eta Ametsekin berarekin hitz egiteko aukera izango dugu.

Donostia 2016ren Europa Transit enbaxada ibiltariarekin bat egin zuen Amets Arzallus bertsolariak 2016ko uztailean, eta Ziprera joan zen, familia asko etxerik gabe utzi eta hildako eta desagertu ugari eragin zituen gatazka horren ondorioak ezagutzera. Bertan zela Zipreko inprobisatzaileekin bertso saio bat egin zuen Paphos herrian. Bidaia horren aitzakian, mugak zatitutako bi herri- Zipre uhartea eta Euskal Herria- gurutzatzen dituen dokumentala ekoitzi zuen, Xuban Intxaustiren zuzendaritzapean.

1974az geroztik, Zipre muga batek zatitua dago: alde batean greziarrez mintzo diren zipretarrak bizi dira, eta bestean turkiarrez mintzo direnak. Alde bakoitzak beste aldean utzi behar izan zituen bere hildakoak, bere desagertuak, eta bere etxeak. Berrogei urte pasa dira eta ez da apenas ezer aldatu.

Gaur egun ahaztua dagoen gatazka honen zaurietan barna bidaiatuko du Amets Arzallus bertsolariak. Eta gero, Zipren ikasitakoa eta ikusitakoa Euskal Herriko gatazkara ekarriko du bere kontakizun propioa egiteko.

Mugaminak dokumentala kantuz egindako bidaia da, gatazka batek zauritutako jendeetan barna, eta gero eta muga gotorragoz josia dagoen mundu baten inguruko gogoeta.

begi-belarri-kartela-17GEU elkarteak iaz abiatutako Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloak bidelagun berria du aurten; Oihaneder Euskararen Etxea. GUtik ZURA: Iragana, oraina eta etorkizuna, Basker, Mugaminak, Laburbira 2017, Arrakala eta Maitia nun zira? lanek osatuko dute ikasturteko kartela.

Iazko eskaintza egonkortu eta sendotze aldera, hilabetero film-dokumental bat eskainiko da. Salbuespenak-salbuespen, emanaldiak hilaren azken asteazkenetan izango dira arratsaldeko 19.00etan. Iaz bezala emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da.