Maitia nun zira?

maiatza
31
asteazkena
19:00
2017

kartela Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloaren barruan Maitia nun zira dokumentala ikusteko aukera izango dugu maiatzean.

Dokumentala 1915-1918 artean Alemaniako preso-esparruetako 10 euskal presoei egindako grabazioek osatzen dute. Proiekzioarekin batera Elena Canas eta Ainara Menoyo dokumentalaren egileekin solasaldia egingo da. Ikus-entzunezkoan kolaboratzaile ibilitako Maider Bedaxagar eta Maite Deliartek ere hartuko dute parte solasaldian.

Dokumentalean jasotako grabazioak Prusiako Komisio fonografikoak egin zituen 1915-1918 artean. 2014an eta 2016an EKE, Euskal Kultur Erakundeak soinu hauen kopia digitala jaso zuen Berlingo Etnologia Museoaren eta Humbold Unibertsitatearen eskutik . 1030 zilindroetatik 34 euskaraz dira, soilik kantuz osatuak. Georg Schünemann eta Carl Stumpf-ek 4 preso grabatu zituzten: Antoine eta Jean-Baptiste Suhas lapurtarrak eta Joseph Jaureguiber eta Pierre Ascarateil zuberotarrak.

Diska gramofonikoetan Ipar Euskal Herriko euskalki desberdinak aurkitu ziren. Zehazki, Humboldt Unibertsatean topatutako artxiboetan 10 presoen ahotsak zeuden entzungai: 5 lapurtarrena (Arrangoitzeko Suhas anaiak, Larresoroko Laurent Issuribehere, Hazparneko Pierre Labadie eta Donibane-Lohizuneko Jean-Baptiste Mendiburu), 2 baxenabartarrena (Ainize-Monjoloseko Jean Noël Irigoyen eta Armendaritzeko Pierre Mendiburu) eta 3 zuberotarrena (Larraineko Joseph Jaureguiber, Altzaiko Pierre Ascarateil eta Garindaineko Saint-Jean Bidegaray)

2015-2016 ikasturtean, EKEk partaidetza bat burutu zuen Mondragon ikus-entzunezko unibertsitatearekin : Elena Canas eta Ainara Menoyo ikasleek beren Gradu Bukaerako Lan moduan artxibo berezi hauek aztertu eta Maitia nun zira? izenpean bideo dokumentala sortu zuten, artxibo zatiz osatua eta hogei bat kultura eragileren parte-hartzearekin. Sorkuntza honi esker, bi ikasleek 2016ko Eusko Ikaskuntza-Baionako Herriko Etxearen Bideo Dokumental saria irabazi zuten.

Gidoia, zuzendaritza eta edizioa: Elena Canas, Ainara Menoyo / Irudia: Elena Canas / Soinua: Ainara Menoyo / Artxiboko irudiak: Pond5 / Soldaduen semeen irudiak: Maider Bedaxagar / Musika: Not Without The Rest (Twin Musicom), The Story Unfolds (Jingle Punks) / Parte-hartzaileak: Aitor Arregi, Odei Barroso, Maider Bedaxagar, Eneko Bidegain, Maite Deliart, Katixa Dolhare, Xabi Etcheverry, Edurne Garmendia, Karmele Jaio, Kepa Junkera, Aritz Labrador, Daniel Landart, Javier Martinez, Iñaki Perurena, Reyes Prados, Eneko Sagardoy, Bea Salaberry, Mikel Urdangarin / Babesleak: Mondragon Unibertsitatea, Euskal Kultur Erakundea.

GEU elkarteak iaz abiatutako Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloak bidelagun berria du aurten; Oihaneder Euskararen Etxea. GUtik ZURA: Iragana, oraina eta etorkizuna, Basker, Mugaminak, Laburbira 2017, Arrakala eta Maitia nun zira? lanek osatuko dute ikasturteko kartela.

Iazko eskaintza egonkortu eta sendotze aldera, hilabetero film-dokumental bat eskainiko da. Salbuespenak-salbuespen, emanaldiak hilaren azken asteazkenetan izango dira arratsaldeko 19.00etan. Iaz bezala, emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da.