Kaxubiera Maialen Sobrino

otsaila
21
asteazkena
19:00
2018

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 3. ikasturteak 6 hizkuntza hurbilduko dizkigu: Europako frisiera eta kaxubiera, Amerikako kokamera eta txerokiera eta zeinu hizkuntzak eta esperantoa.

Gaurkoan kaxubiera ezagutuko dugu Maialen Sobrino ekintzailearen eskutik.

Kaxubia. Kaxubiarrak. Kaxubiera. Gasteiztik 2000 kilometrora  daude Viena edo Berlin eta 2.500 kilometrora dago Gduńsk, baina nonbait azken 500 kilometro horiek bereziki bereizten gaituzte. Edo kaxubiarren hiriburuaren izenean sei letretan bokal bakarra egoteak. Edo Gdansk, Danzing izenez ezagutzea, hizkuntza propioan ordez. Baina, lasai, Bartzelonatik bereizten gaituzten 500 kilometroekin bezala hurbilketa ariketa bat egingo dugu.

Kaxubia Polonia iparraldean dago, Pomerania eskualdean, Baltikoaren kostaldean. Kaxubiarrak 240.000 lagun dira, horietako 108.000 inguru bertako hizkuntza gutxitu bateko hiztunak. Kaxubiera da hizkuntza gutxi(ago)tu hori, eslabiarra, kontsonanteak pilatzeko joera duena eta, beraz, ofizialki “ikasteko zaila” etiketa duena. Baina lautada hotz baten erdian azken hamarkadetan indartsu heldu diote hizkuntzaren biziberritze prozesuari. Irratia, telebista eta eskola sortu berri dituzte beraien hizkuntzan, baita kaxubieraren aldeko errelebo lasterketa bat ere. Guzti hau ez zaigu hain urruna, ezta?

Maialen Sobrino baztandarrak itzulpengintza ikasketak egin zituen Gasteizen eta, hain zuzen ere, ikasle garaian Varsovian egindako egonaldi batean izan zuen lehenengoz kaxubiarren berri. Etxepare Institutuari esker Poloniako Poznan hiriko UAM Unibertsitatean aritu zen lanean euskara irakasle gisa eta orduan ezagutu zituen kaxubiarrak aurrez-aurre. 2015ean Nafarroa Oinez-eko “Txikiak Handi” egitasmoan aritu zen lanean eta horrek ahalbidetu zuen kaxubiarrak eta euskaldunak urtebetez aritzea eskuz-esku elkarlanean. Gaur egun Garabide Elkartean ari da lanean, kooperaziogintzan hizkuntzak biziberritzeko proiektuak sustatzen.

Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarri eta ezagutarazi nahi du. Hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkeztuko dute. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egingo dira.

Saio guztietan (12 ordu) parte hartzen duten pertsonek ziurtagiria jasoko dute. Horretarako izena eman behar da hemen.

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera eta Irlandako gaelera, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa eta lenkera, Asiako kurduera eta hokkienera, Afrikako tamazightera eta mundu mailako esperantoa eta zeinuen hizkuntzak landu dira (ikusi zikloaren bloga).