Ilunabarrean dantzan (1. saioa) Aniez Ceccon (Miarritze)

urtarrila
19
igandea
19:00
2020
Klaustroa

Bosgarren urtez, Ilunabarrean Dantzan zikloa bueltan da Oihanederren klaustroan. Urtarriletik martxora bitartean hiru folk-dantzaldi egingo dira, hilean behin, igande iluntzetan.

Dantzaldi bakoitzean 12-15 dantza landuko dira; batetik, balfolk jaialdietan ohikoenak direnak: scottish, mazurka, bourré, chapeloise, circle circassien, bals eta polka; eta bestetik, egun bakoitzeko dantza gidariak ekarritako proposamen propioak; fandangoa eta arin-arina ere ez dira faltako.

Lehenengo saioan, Aniez Ceccon (Miarritze, 1966) arituko da gidaritza lanetan. Betti Betelurekin ikasitakoa (jauziak hilzoritik berpiztu eta plazetan berriz sustatu zituena), harengandik jaso zuen dantzaren transmisiorako grina. Dantzaren zalea da oro har.  Grand Bal de l’Europe dantza-jaialdi handian ohiko parte-hartzailea, bateko eta besteko tradiziozko dantza errepertorio zabala jaso du. Tradiziozko dantza irakasle dihardu haurrekin zein helduekin, Euskal Herrian, Frantzian oro har, baita Europan zehar ere.  Patxi eta Batbiru  taldeko partaide izan zen sei urtez, 3 CD grabatuta. Ondoren Thierry Biscarry-rekin Kokin taldean “… eta kantuz hasi ziren” CDa grabatu zuen (2006), plazako dantzarako piezekin osatutakoa hau ere. 2008an Zeina  taldea sortu zuen, Europako jaialdietan ohikoa den dantza-errepertorioa Euskal Herrian ezagutzera emateko, bera dantza-gidari dela. Europako dantza batzuk deskubritzeko aukera proposatzen digu, denontzako egingarri, dantzan betean parte-hartzeko.

Saio guztietan zuzeneko musika egongo da, Ander Zabaleta trikitilari gasteiztarrak gidatuta, Nika Bitchiaskvili bibolinjolearen laguntza izango du saio guztiotan. Hauez gain, musikari gonbidatuak egongo dira.

Ander Zabaleta (Gasteiz, 1991)

7 urte zituela hasi zen trikitixa ikasten, eta ordutik ez dio hauspoa astintzeari utzi, hamaika otordu, ezkontza eta festa alaituz. Hainbat trikitixa txapelketetan parte hartu izan du, eta munduko txoko ezberdinak ere zapaldu izan ditu trikitixari esker, Estatu Batuak, Holanda edo Austria esate baterako. 2012-an ezagutu zuen balfolk delako mugimendua Belgikan, eta horri esker bere errepertorio eta musika estiloaren mugak asko zabaldu ditu. (Trikitixa irakasle bezala ere aritu izan da hainbat urtez, nahiz eta gaur egun musikarekiko afizioa ospitaleko lanarekin tartekatzen duen, medikua baita bera). Ilunabarrean Dantzan zikloa bideratzen duen bosgarren urtea du hau.

Nika Bitchiashvili (Tbilisi, Georgia)

Tbilisiko goi mailako kontserbatorioan ikasketak bukatu bezain laister, Tbilisiko Orkesta Sinfonikoko partaide bilakatzen da, munduko herrialde ezberdinetan kontzertuak eskeiniz (Frantzia, Alemania, Suitza, Turkia, Luxenburgo…) eta musika klasikoko ehundaka CD grabatuz europako hainbat musikari nabarmenekin. Inprobisaziorako grinak bultzatuta, laister murgiltzen da Jazz munduan. Gasteizen bizi da 2001 urteaz geroztik, eta estilo anitzeko musika talde ezberdinekin dihardu, horien artean, Mikel Urdangarin, Txatarreria Keaton, Síndrome de Stendhal, Duo clásico con Guitarra, Sokaire, Internet cafe… (Horretaz gain, soinu-banden grabazio, disko ezberdinen kolaborazio eta ikuskizun askotan parte hartu izan du).

IZEN-EMATEA epea itxi egin dugu, dagoeneko saioaren aforoa bete egin delako.