Ilunabarrean dantzan 2019 Josu Garate

urtarrila
13
igandea
19:00
2019
Klaustroa

Laugarren urtez, Ilunabarrean Dantzan zikloa bueltan dator Oihanederren klaustrora. Urtarriletik apirilera lau folk-dantzaldi egingo dira, hilean behin, igande iluntzetan.

Euskal Herriko lurralde desberdinetako dantzariek gidatuko dute saio bakoitza. Bertan 12-15 dantza landuko dira; batetik balfolk jaialdietan ohikoenak direnak: scottish, mazurka, bourré, chapeloise, circle circassien, bals eta polka; eta bestetik, egun bakoitzeko dantza gidariak ekarritako proposamen propioak; fandangoa eta arin-arina ere ez dira faltako.

Saio guztietan zuzeneko musika egongo da, Ander Zabaleta trikitilari gasteiztarrak gidatuta.

Urtarriletik martxora, zikloak  Soka erakusketarekin egingo du bat.

Parte hartzeko gonbidapena behar da. Saio bakoitza baino 10 egun lehenago egongo dira eskuragai Oihaneder Euskararen Etxeko harreran. Lehen saiorako gonbidapenak  urtarrilaren 3tik aurrera jaso ahalko dira.

Ander Zabaleta trikitilariak, Fabien Bucher-ek (gitarra eta mandolina) eta Imanol Zabaletak (gaita, alboka, whistle eta panderoa) berriki sortutako Hika Mika taldeak eskainiko du lehen saioko zuzeneko musika.

Josu Garatek gidatuko du dantza-saioa (Eibar, 1975) .

“Arkitekto dantzaria edo dantzari arkitektoa -eguraldiaren arabera- eta uzten didatenean musikaria Eibarko Kezka Dantza Taldean”. Honela aurkezten du bere burua Garatek. Eibarko Kezka dantza taldean hazia, 1997a geroztik Argia Dantza Taldeko dantzaria da, J. A. Urbeltz antropologo eta folkloristaren gidaritzapean. 2018an Urbeltzek berak zuzenduriko Martin Zalakain ikuskizunean lehen dantzaria eta protagonista izan zen.  Berriki estreinatutako Dantza filman ere parte hartu du. Hamaika ikastarotan osotua, dantza tradizionalaren errepertorioarekin, zein dantza heziketaren pedagogia landuaz (Ikerfolk, Dantzan Ikasi, Aiko,…). Sasimusikaria, libreko denborarik aurkitzen duenean, autodidakta, eMePebo5t musika talde dinamizatzaileko ahots nagusia, eta era berean ukelele, kitarra akustiko, alboka, dultzaina zein panderoari kolpe egiteko atrebentzia izaten duena.  Gaur egun Dantzan.eus proiektuan eta Aiko Taldearekin dihardu lanean.

Zer da balfolka? Europako herri ezberdinetako tradizioan oinarritutako dantza eta musikaren arteko topaketa bat da. Adin guztietako jendeari zuzendutako dantza eta zuzeneko musika saioak dira, taldeka zein bikoteka dantzatzen ikastea eta ondo pasatzea helburu dutena. Oinarrizko pausuak oso erraz ikas daitezke eta orduan interakzio eta ñabardura amaigabeen mundu batean murgiltzen da dantzaria. Balfolkean zuzeneko musikak garrantzia handia du, erro tradizionalekoa zein garaikideagoa, baina musikarien eskuetan baino, publikoaren oinetan dago benetako magia.

Sekretua: ez dago hitzez azaltzerik, norberak bizi behar du.