Laugarren urtez Gabonetan jai familia giroan euskaraz gozatzeko ekimena bueltan da. 2019ko urtarrilaren 2tik 4ra bitartean izango da Oihanederren ur-biltegian. Musika galduaren bila, Zutuberrak eta Bualá ikuskizunek osatzen dute kartela. Saio bakoitza alde zaharreko Goian proiektuak antolatutako ekintzekin osatuko da. Ekimenaren atariko gisa, abenduaren 28an Badator Sorgina Txirulina ipuin kontaketa egongo da. Parte hartzeko gonbidapenak abenduaren 17tik aurrera egongo dira eskuragai, Oihanederren harreran.
Familian gozatzeko musika, dantza eta antzerkiarekin estreinatuko du 2019a Oihanederrek. Ikuskizunak urtarrilaren 2tik 4ra bitartean izango dira, eguerdiko 12:00etatik aurrera, ur-biltegian. Saioak adin ezberdinetako umeei eta nerabei zuzenduta egongo dira.
Urtarrilaren 2an Eneko Etxebarrietaren Musika galduaren bila antzezlana egongo da, 4-12 urte bitarteko umeei zuzendua. Ostean Goianeko kideek musika tailerra egingo dute. Hilaren 3an Eidabe konpainiak Zutuberrak izeneko lana aurkeztuko du. 7-14 urte arteko umeentzako izango da. Ondoren Goianen UrbanDance jarduera egongo da. Bukatzeko urtarrilaren 4an Txaloka Antzerkiaren Bualá lana egongo da, 4-10 urte bitartekoentzat. Goianeko lagunek sukaldaritza tailer txikia egingo dute amaitzeko.
Zikloaren atariko gisa, Badator Sorgina Txirulina! ipuin-kontaketa egongo da abenduaren 28an arratsaldeko 18:00etan, Ortuño aretoan.
Parte hartzeko gonbidapena beharrezkoa izango da. Abenduaren 17tik aurrera egongo dira eskuragai Oihanederreko harreran, goizeko 09:00etatik aurrera. Pertsona bakoitzeko gehienez 4 gonbidapen banatuko dira: 2 ume + 2 laguntzaile.
Ateak ikuskizunak hasi baino ordu laurden lehenago zabalduko dira eta umeek gurasoak edo beste helduren batek lagunduta egon behar dute.