Sastraka erakusketa ibiltaria ikusgai egongo da Oihaneder Euskararen Etxean maiatzean. Pello Lizarralderen, Jose Ignacio Agorretaren, Imanol Rayoren eta Imanol Ubedaren proiektu artistikoak diziplina ezberdineko lanak batzen ditu erakusketa honetan. Erakusketaz gain, Don Inorrez taldearen kontzertuak eta artistek zuzendutako bisitak osatuko dute egitaraua. Maiatzaren 6tik 29ra bitartean egongo da irekita erakusketa Gasteizko Ur-biltegian zaharrean.
Sastraka erakusketak Oihanederren izango du bigarren geltokia maiatzean zehar. Iruñeko Ziudadelatik zuzenean etorriko da, eta Donostiara eta Bilbora joan aurretik, Gasteizen izango du geldialdia erakusketa ibiltari honek.
Zer da Sastraka?
Pello Lizarralde, Jose Ignacio Agorreta, Imanol Ubeda eta Imanol Rayo sortzaileek burututako diziplina hibridazio bat da Sastraka. Pello Lizarraldek idatzitako 12 testutatik abiatuta, Jose Ignacio Agorretak 25 olio-pintura margotu ditu. Oinarri bera hartuta, Imanol Ubeda musikariak 12 kanta ondu ditu, eta Imanol Rayo zinemagileak 36 argazki dituen bilduma. Guztiarekin Erein argitaletxeak argitaratutako liburu dotorea osatu dute (Sastraka/Maleza), eta diziplina desberdinak biltzen dituen obra bere osotasunean ikusteko eta entzuteko aukera erakusketara ekarri. Lan intimistak, soilak, atenporalak osatu dituzte, eta Sastraka egitasmoak ezaugarri horiek denak barnebiltzen ditu.
Sastraka erakusketa maiatzaren 6an arratsaldeko 19:00etan irekiko da Montehermoso Kulturunearen parte den Gasteizko Ur-biltegi zaharrean. Hilaren amaierara arte egongo da egitasmo artistiko hau ikusi eta entzuteko aukera, 29ra arte, hain zuzen ere.
Erakusketaren ordutegia
Ostegunetan eta ostiraletan: 18:00–20:00
Larunbatetan: 12:00–14:00 / 18:00–20:00
Igandeetan eta jaiegunetan: 12:00–14:00
Ekintza osagarriak
- Maiatzaren 8an, Don Inorrez taldearen kontzertua, 12:30etatik aurrera: Gonbidapenak
Don Inorrez talde tolosarraren zuzeneko kontzertua egingo da erakusketan bertan, hots, Ur-Bitegian. Don Inorrez taldea Imanol Ubeda kantariak, Karlos Aranzegi bateria-joleak, Fernando Neira baxu-joleak eta Ruben Caballero gitarra-joleak osatzen dute. 2018an ekin zioten proiektu honi, eta estraineko diskoa plazaratu: Mugiro bila. “Power pop” estilora lerrokatzen ziren disko hartako kantak. 2019ko udazkenean, “new american”-a estilora hurbiltzen den single bat plazaratu zuten: Dardara hura. Lan horretako kanten hitzak Pello Lizarralderenak dira, eta azala José Ignacio Agorreta margolariak osatua da. Don Inorrezek disko berri bat aurkeztu zuen 2021ean: Esku hutsik izenekoa. Sastraka egitasmoaren baitan, aipatutako idazle beraren kantuak oinarri hartuta, diskoa argitaratu dute liburuarekin batera.
- Maiatzaren 14an, erakusketara bisita gidatua, 12:00etatik aurrera: Gonbidapenak
Pello Lizarralde, Jose Ignacio Agorreta, Imanol Ubeda eta Imanol Rayo artistak beraiek izango dira Sastraka erakusketaren nondik norakoak azalduko dizkigutenak bisita gidatu honetan. Nondik abiatu zen ideia? Nola eman da sorkuntza kate hau? Zeintzuk izan dira prozesuaren xehetasunak? Nolatan erabaki zuten erakusketa formatua bereganatzea? Erakusketaren zein liburuaren errealitatea beraien bizipen propioetatik zuzenean entzuteko aukera.