Lou Topet & Montauk Duo

uztaila
29
larunbata
22:00
2017

Kortxeak & Krispetak musika eta zinema zikloa kontzertu bikoitz batekin amaituko da: Lou Topet & Montauk Duo.

Kontzertua 22:00etan hasiko da Falerina Lorategian. Sarrera librea da lekuak bete arte.

Montauk taldea Gasteizen sortu zen 2014ko azaroan. Beñat Goitia abeslari eta gitarra-joleak bakarlari gisa sortutako zenbait kantu gorpuztetik abiatu zen proiektua. Gorka Etxeberriak baterian, Aitor Garcia de Vicuñak gitarran, Urko Urzelaik baxuan eta Beñat Goitiak ahotsean eta gitarran osatzen dute taldea.

2015eko neguan hainbat kontzertu eskaini eta Gasteizko Udalak antolatutako Gaztetalent lehiaketa irabazi ostean, 2016ko Aste Santuan grabatu zuten estreinako lana, Bilaketan. Diskoaren aurkezpen kontzertuak eskaintzen aritu dira 2016 eta 2017an zehar.

Orain bigarren diskoaren prestaketa lanak duo formatuko zuzeneko hainbat emanaldirekin uztartzen dituzte.

Ambience rocka pop gordinarekin uztartzeko garaia iritsi da.

Oraingo honetan Falerinako kontzertua duo formatuan eskainiko dute; Beñat Goitia eta Jon Aranburuk osatutako duoa.

Lou Topet, Piarres Topeten hiloba izan zitekeen, Barkoxeko artzaina eta bertsolaria, bere aitona bezala. Baina ez, ez da hala. Lou Topet musikaria da, eta musikariz inguratzen da.

Harkaitz Canorekin Abesti Bat Gutxiago eta Pete Seeger gogoan proiektuak egitetik dator Lou Topet laukote zarauztarra.

Rafa Rueda gitarran, Ander Zulaika baterian, Oihan Larrañaga baxuan eta Oier Aranzabal puntaren puntan. Amerikar musika dakarte, baina euskal zaporeduna.

Lou Topet 2012an sortutako taldea da, eta geroztik luzera ezberdineko hiru lan kaleratu dituzte: Esnatu dira (2013), Abesti bat gutxiago (2015) eta Pete Seeger gogoan (2017). Azken lan honetan Pete Seegerren doinuak euskarara ekarri dituzte Martxel Arkarazo teknikariaren zuzendaritzapean.

Duela hilabete gutxi, Loraldia jaialdiaren baitan, Arriaga Antzokia bete zuten.