Kokamera Roberto Awa Nari

martxoa
21
asteazkena
19:00
2018

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 3. ikasturteak 6 hizkuntza hurbilduko dizkigu: Europako frisiera eta kaxubiera, Amerikako kokamera eta txerokiera eta zeinu hizkuntzak eta esperantoa.

Gaurkoan kokamera hizkuntzaren txanda izango da Roberto Awa Nariren eskutik.

* Hitzaldia Betolaza aretoan izango da

Kokamarren hizkuntza da kokamera. Tupi hizkuntza familiaren parte da, eta zehatzago esanda, tupi-guarani hizkuntza aldaeraren baitan dago.  Hizkuntza adar hau Hegoamerikako erdialdean barreiatuta dauden hizkuntza ugarik osatzen dute eta berdina gertatzen zaio kokamerari ere, izan ere, Brasilen, Kolonbian, Venezuelan eta Perun mintzo den hizkuntza da. Hizkuntza galeran murgilduta dagoen hizkuntza da, berezko hizkuntzaren aurkako ideologiak oraindik ere oso indartsuak direlako. Hiztun kopuru zehatzik ez dago, baina Ethnologuek 2.000 hiztun inguru dituela baieztatzen du, sailkapen hau guztiz fidagarria ez den arren.

Roberto Awa Nari (1977) Peruko Amazonian dagoen San Pedro de Tipishka herrian jaio zen. Amazoniako Kokama herriko kidea da Roberto eta bere herriaren berezko hizkuntza den kokameraz hitz egiten du. Duela 10 urte iritsi zen Euskal Herrira pelikula batean parte hartzeko eta hemen errotu da, hasiera-hasieratik euskara ikasiz. Hainbat zaletasun eta ogibide ditu; Dangiliske taldean gitarra jole, aktorea, irakaslea, artisaua, argazkilaria eta ipuin kontalaria da, besteak beste.

Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarri eta ezagutarazi nahi du. Hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkeztuko dute. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egingo dira.

Saio guztietan (12 ordu) parte hartzen duten pertsonek ziurtagiria jasoko dute. Horretarako izena eman behar da hemen.

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera, Irlandako gaelera eta kaxubiarra, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa eta lenkera, Asiako kurduera eta hokkienera, Afrikako tamazightera eta mundu mailako esperantoa eta zeinu  hizkuntzak landu dira (ikusi zikloaren bloga).