Ilunabarrean dantzan Imanol Zabaleta

urtarrila
13
ostirala
20:00
2017

ilunabarreandantzanaIaz abiatutako Ilunabarrean dantzan folk dantzaldia bueltan da balfolkari presentzia handiagoa emanez.

Urtarriletik apirilera lau saio egingo dira, hilean bat, ostiral iluntzetan. Nika Bitchiashvilik (bibolina), Anton Mimentzak (gitarra) eta Xabi Gonzalezek (whistle-a) dute zuzeneko musikaren ardura, Ander Zabaleta trikitilari gaztearen gidaritzapean.

Saio bakoitzean 12-15 dantza landuko dira. Horien artean, balfolk jaialdietan ohikoenak diren dantzak egingo dira; scottish, mazurka, bourré, chapeloise, circle circassien, bals eta polka. Horiez gain, Euskal Herrian hain errotutako fandangoa eta arin-arina ez dira faltako. Saio bakoitzean hainbat herritako dantza irakasle desberdinak egongo dira eta bakoitzak dantza proposamen zehatzak ekarriko ditu dantzaldietara.

ilunabarreandantzanb_webGaurkoan Imanol Zabaletak, egun Suitzan bizi den gasteiztarrak, gidatuko du saioa.

Otsailean Gari Otamendi añorgarraren txanda izango da eta martxoan Miarritzeko Agnés Cecconirena. Apirilean Elgetatik Patxi Montero etorriko da bisitan azken saioa gidatzera.

Zer da balfolka? Europako herri ezberdinetako tradizioan oinarritutako dantza eta musikaren arteko topaketa bat da. Adin guztietako jendeari zuzendutako dantza eta zuzeneko musika saioak dira, taldeka zein bikoteka dantzatzen ikastea eta ondo pasatzea helburu dutena. Oinarrizko pausuak oso erraz ikas daitezke eta orduan interakzio eta ñabardura amaigabeen mundu batean murgiltzen da dantzaria. Balfolkean zuzeneko musikak garrantzia handia du, erro tradizionalekoa zein garaikideagoa, baina musikarien eskuetan baino, publikoaren oinetan dago benetako magia.

Sekretua: ez dago hitzez azaltzerik, norberak bizi behar du.

Bien bitartean, bideo hauek nahiko ondo islatzen du balfoken esentzia:

Non du jatorria? Balfolk mugimendua Frantzian hasi zen 70. hamarkadan, hainbat ikerlari garai bateko tradizio eta ohitura kulturalak berreskuratzen hasi zirenean. Horrela, lehenengo dantza herrikoiak, tradizionalak, gorteetakoak… berreskuratu ziren eta urteetan zehar eraldatzen joan dira egungo dantzetara heldu arte. Frantziaz gain, gaur egun balfolk mugimendua Belgika, Suitza, Italia, Alemania eta Holandan ere oso zabalduta dago. Gertuago ere, Katalunian eta Nafarroan, gero eta zaletu gehiago dauzka. “Neo-folk” mugimendu handi batez hitz egin daiteke dagoeneko.

Formatua:  Musikari talde batek zuzeneko musika jotzen duen bitartean, publikoa pistan dago dantza eta dantza. Saioaren aurretik, normalean dantza ikastaro bat egiten da, dantza bakoitzaren pausuak azaltzeko. Nahi duenak entzun dezake, nahi duenak dantzatu, eta gozamena ziurtatuta dago aukera, topaketa, armonia, tradizio, erritmo, kolore, jolas, isilune, energia eta inprobisazioz beteriko atmosfera epel batean.

Iazko “Ilunabarrean dantzan”-en azken saioan ETB 2ko “Más de 3 millones” saioak egindako erreportajea: