Ilunabarrean dantzan Gari Otamendi

otsaila
10
ostirala
20:00
2017

ilunabarrean_hileko-kartelerakoIaz abiatutako Ilunabarrean dantzan folk dantzaldia bueltan da balfolkari presentzia handiagoa emanez.

Urtarriletik apirilera lau saio egingo dira, hilean bat, ostiral iluntzetan. Saio bakoitzean 12-15 dantza landuko dira. Horien artean, balfolk jaialdietan ohikoenak diren dantzak egingo dira; scottish, mazurka, bourré, chapeloise, circle circassien, bals eta polka. Horiez gain, Euskal Herrian hain errotutako fandangoa eta arin-arina ez dira faltako. Saio bakoitzean hainbat herritako dantza irakasle desberdinak egongo dira eta bakoitzak dantza proposamen zehatzak ekarriko ditu dantzaldietara.ilunabarreandantzanb_web

Gaurkoan Gari Otamendi añorgarrak gidatuko du saioa eta Nika Bitchiashvilik (bibolina), Anton Mimentzak (gitarra), Xabi Gonzalezek (whistle-a) eta Dani Compañónek (panderoa eta bodhran-a) izango dute zuzeneko musikaren ardura, Ander Zabaleta trikitilariaren gidaritzapean.

Martxoan Miarritzeko Agnés Cecconiren txanda izango da. Apirilean Elgetatik Patxi Montero etorriko da bisitan azken saioa gidatzera.

Zer da balfolka? Europako herri ezberdinetako tradizioan oinarritutako dantza eta musikaren arteko topaketa bat da. Adin guztietako jendeari zuzendutako dantza eta zuzeneko musika saioak dira, taldeka zein bikoteka dantzatzen ikastea eta ondo pasatzea helburu dutena. Oinarrizko pausuak oso erraz ikas daitezke eta orduan interakzio eta ñabardura amaigabeen mundu batean murgiltzen da dantzaria. Balfolkean zuzeneko musikak garrantzia handia du, erro tradizionalekoa zein garaikideagoa, baina musikarien eskuetan baino, publikoaren oinetan dago benetako magia.

Sekretua: ez dago hitzez azaltzerik, norberak bizi behar du.