Aurkezpena

iraila
23
asteazkena
19:00
2015

hitzadinamintzo_webHitz adina mintzo, hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak, munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Bertan hilero hizkuntza gutxitu bat aurkeztuko da, hizkuntza horren hiztunekin ekintza desberdinak egingo dira eta hizkuntzarekin lotutako ekitaldi kulturalak eskainiko dira.

Abiapuntua

Andoni Barreña eta Séchu Sende irakasleen eskutik abiatuko da zikloa gaurkoan. Bien artean munduko errealitate linguistikoaren berri emango digute modu hurbil, dinamiko eta umoretsuan.

Andoni Barreña (Durango, 1951) Euskal Filologiako Doktorea, Salamankako Unibertsitateko euskara irakaslea eta Garabide elkarteko kidea da, besteak beste.descarga
Psikolinguistika eta etnolinguistika/soziolinguistika dira bere ikerkuntza-lerro nagusiak. Psikolinguistikaren arloan haur euskaldun elebakar zein elebidunen hizkuntzaren jabekuntzari buruz hainbat lan, hitzaldi eta ikastaro eginak ditu, baita munduko hizkuntza aniztasunaren inguruan ere,  etnolinguistikari dagokionez. Beste zenbaitzuekin batera UNESCOren munduko hizkuntzei buruzko txostenaren laburpena egin zuen.

Zikloari hasiera emateko “Zer egin dezake euskaldungoak munduko hizkuntza-galerari aurre egiten laguntzeko?” izeneko hitzaldia eskainiko du. Bertan munduko hizkuntza-aniztasuna, hizkuntza-galeraren nolakotasuna eta arrazoi nagusiak, hizkuntza-galera nola irauli eta euskaldunen ekarpena zein izan daitekeen izango ditu hizpide.

sendeSéchu Sende (Padrón, 1972)  galiziera irakaslea da, idazlea, arkakuso hezitzailea eta neofalantea da (Galiziar hiztun berria), beste gauza askoren artean. Made in Galiza izeneko liburuaren egilea da, euskarara itzulita dagoena (Txalaparta), baita kurduerara, turkierara eta katalanera ere. Nunca Mais herri mugumenduan parte hartu zuen gogotsu eta geroztik Galiziako mugimendu sozialetan jarduten du. Bere testuak kamiseta, film labur, ormetan idatzitako kanta edo antzezlan bilakatu dira. A República das Palavras du azken lana.

“Hizkuntzak ikasteko hipnosi metodoa eta Galiziako galiziera-portugesaren normalkuntza prozesuari buruzko istorioak” proposamenarekin etorriko da Oihanederrera. Bertan Galizian bizi den gatazka linguistikoaren inguruko zenbait gako partekatuko ditu kontakizun ezberdinak, umorea eta soziolinguistika gizarteratzailea medio. Jarrerez, aurreiritziez eta gizarte sorkuntzaz hitz egingo du eta sexualitatea, faxismoa edo telepatia moduko gaiak ere jorratuko ditu.

Sechu Senderi ALEA aldizkarian egindako elkarrizketa: hemen eta pdf-an.

Aurkezpena Betolaza aretoan izango da.

Egitaraua:

  • Urria – GALIZIERA
    • Urriak 21: Isaac Xubín (A Coruña, 1978) irakasle eta idazlea eta Txerra Rodríguez soziolinguista eta hizkuntza aholkularia
    • Urriak 22: Sés (Maria Xoxe Silvar) kontzertuan
  • Azaroa – NAWAT-A
    • Azaroak 18: Alan King (Lancashire, Ingalaterra, 1954) euskalari, itzultzaile eta hizkuntzalaria eta solasaldia Tzunhejekat kolektiboko Paula López eta Werner Hernándezekin
    • Azaroak 19: El Tigre y el Venado dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Sergio Sibrián zuzendariarekin (Skype bidez)
  • Abendua – GALESERA