Gasteizko auzoak ez dira logela-auzo hutsak, ez horixe. Bizitza eta bizi-gogoa dituzte, eta auzotar askok, horietako asko gazteak, euskaraz bizitzeko eta euskara biziberritzeko asmoa ere bai. Auzoa da haien eremua, baina ez dira irla isolatuak, artxipielagoa osatzen dute eta Gasteiz du izena. Bada gure hiria hobeto ezagutzeko garaia, ezta? Eta zer hobe egoera hori bizi dutenek kontatuta baino?
Txagorritxuko Zizta euskara taldea, Judimendiko gazte asanblada, SUmendi eta Zabalganako euskara taldea – ZETeko kideek gidatuko gaituzte haien bizi-esperientzietatik. Arabagara-Topaguneko Oskar Garcia de Bikuñak bideratuko du saioa.
ZIZTA EUSKARA TALDEA
Zizta Euskara Taldea Gasteizko Txagorritxu auzoko zenbait gazteren ekimenez 2015. urtean sortutako euskara taldea da. Auzoko gazteen hizkuntza inertzia eta ohiturak aldatzea helburu, umorea eta zirikatzeko gogoa lagun, askotariko ekimenak antolatzen ditu. Horrez gain, euskalgintzako zein herri mugimenduko bestelako eragileekin sareak sortzearen alde egiten du Zizta Euskara Taldeak.
JUDIMENDIKO GAZTE ASANBLADA
Judimendin diharduen gazte taldea, auzoko, Gasteizko eta Euskal Herriko gazteriaren kezka eta beharrei erantzuteko eta auzoan euskararen erabilera sustatzeko 1999an jaioa. 2016az geroztik Sumendi espazio autogestionatua dute lokala.*
SUmendi
SUmendi 2016an Judimendiko auzoan irekitako espazio autogestionatua da. Honen helburu nagusia aisialdi alternatiboa eta berezko espazio bat eskaintzea da, auzoko gazteen beharrak asetzeko eta auzokideei aukera ezberdinak emateko.
ZABALGANA EUSKARA TALDEA
Zabalganan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko asmoz euskaltzale talde batek sortutako taldea da Zabalgana Euskara Taldea (ZET). ZET-ek mota ezberdinetako ekimenak antolatzen ditu, adin guztietako auzokideentzat. Taldea irekita dago auzoan euskararen alde egin nahi duen edonorentzat.
Eragiteko janzten zikloa bigarren urtez abian da Arabagara-Topagunearen, GEU elkartearen, Lazarraga Kultur Elkartearen eta ALEA komunikazio taldearen ekimenez.
Lau saio izango dira protagonista desberdinen motibazio, ikuspegi eta bizipenak ezagutzeko. Ziklo honen helburua, beraz, gasteiztar euskaltzaleei (in)formazioa eta hausnarketarako, elkar ezagutu eta aberasteko, uneak eta guneak eskaintzea izango da.
Gainerako emanaldiak
OHARRAK:
- Egoerak eskatzen dituen segurtasun baldintzak bermatzeko neurriak hartuta gauzatuko da jarduera hau. Kontsulta itzazu indarrean dauden neurriak.