[GONBIDAPENAK AGORTUTA] Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa Bertha Gaztelumendi

apirila
14
asteazkena
19:00
2021
Ortuño

Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloaren bitartez euskaraz egindako film-dokumentalak eskaintzen dira hilean behin, urritik maiatzera bitartean.

Emanaldi guztiek bi atal izaten dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatzen da eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egiten da.

Apirileko emanaldi honetan Bertha Gaztelumendi zuzendariaren Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa emango da:

1979an, Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEB) istripu nuklearraren ondoren, eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat eginez, -ekainaren 3an-, nazioarte mailako mugimendu antinuklearrak hainbat mobilizazio antolatu zituen. Gurean, Tuteran ekitaldi bat burutzea erabaki zen. Izan ere, euskal kostaldean programatutako hiru zentral nuklearrez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat eraikitzeko proiektua bait zegoen, Tutera alboan, alegia. Deialdi hartan, era berean, Bardeetako tiro- eremua desegitea ere aldarrikatu zen. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen baina ez zen itzuli. Guardia Zibil baten tiroak bizitza kendu zion manifestaldi baketsu eta baimendu hartan.

Dokumental honek asmo bikoitza du: batetik, 23 urteko gazte hau zein zen eta gertakariok nola jazo ziren ezagutarazi nahi du; eta bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren ezarpenaren kontra 70ko eta 80ko hamarkadetan izandako erresistentzia mugimenduaren berri eman nahi du.

Baina dokumentalak deskribatzen duen errealitatean Gladys ez zen izan bortizki hil zen pertsona bakarra. Gazte ekologistaren heriotzaren aurretiazko eta ondorengo gertakariak jaso ditu filmeak eta garaiko euskal gizartearen gehiengoa erakarri zuen mugimendu soziala irudikatu du.

Fitxa teknikoa

  • TENTAZIOAren ekoizpen bat
  • Zuzendaritza: Bertha Gaztelumendi
  • Jatorrizko ideia eta gidoia: Sabino Ormazabal

GONBIDAPENAK:

Gonbidapenak agortuta.

OHARRAK:

  • Egoerak eta Lehendakariaren urriaren 26ko  36/2020 dekretuak eskatzen dituen segurtasun baldintzak (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…) bermatzeko neurriak hartuta gauzatuko da jarduera hau, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dira jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.
  • Jarduera hau doakoa da, baina edukiera mugatua izango denez, GONBIDAPENAK AURREZ ESKURATU beharko dira Oihanederren webgunean; horretarako EMANALDIA BAINO ASTEBETE lehenago irekiko da aukera, eta hasi baino ordubete lehenago itxiko.
  • Jarduerara 10 minutu lehenago etortzea gomendatzen da.
  • Jarduera hasi eta 5 minutura gonbidapenek duten balioa galduko dute.