Etxea eta auzokideak

Oihaneder Euskararen Etxea Montehermoso jauregian kokatuta dago, Gasteizko erdigunean, hirigune historikoan.

Gasteizen eraiki zen aurreneko jauregietako bat da (1524). Hasieran, Agirretarren jauregia “El Palacio” izenarekin ezagutzen zen. Gerora, Vicente Agirreren alargunari Montehermoso markesgoa eman zioten , eta “Montehermoso jauregia” bezala ezagutzen hasi zen. Markesgo honen izena Nafarroako “Oyaneder” jauregitik dator, gaztelaniara egokitu, eta Montehermoso bihurtu zuten.

Oihaneder Euskararen Etxea hartzen duen eraikina XVI. mendeko jauregia da, Ortuño Ibañez de Agirre eta Maria Eskibel Arratia senar-emazte eta gortesau ospetsuen aginduz eraikia. Sarritan berritu da, eta, egun, ezer gutxi geratzen da antzinako eraikin hartatik.

Garai batean, ehun bat urtez (1887-1994) Gasteizko gotzaindegiaren egoitza izan zen. Ondoren, Gasteizko Udalak erosi, eta 1997an jauregia berreraikitzeko egindako lanen ondorioz, Gasteizko Ur Biltegi Zaharrarekin bat eginda dago. Bi eraikin horien bat-egiteari esker, eraikin historiko bat berreskuratu, eta ondoren kulturgune bihurtu zen, eta halaxe jarraitu du gaur egunera arte.

Bestalde, ezaguna da Gasteizko Alde Zaharraren soslaiak almendra itxura duela: hor dago Gasteiz zaharraren muina, Vitoria hiriaren sorgunea.

Hiria lau aldeetara zabaldu bitartean, Montehermoso-Oihaneder jauregiak hor jarraitzen du, Gasteiz berriaren erdigunean, bere funtzio nagusia betetzeko leku ezin hobean: euskara eta kultura erdigunetik Gasteiz osora barreiatzen duen arnasgune bat izateko, alegia.

2014. urtearen amaieratik Oihaneder Euskararen Etxeak, Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Montehermoso Kulturuneak elkarbizitzen dute eraikinean.