Abian da hirugarren urtez Oihaneder Euskararen Etxeko Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloa. Urtzi Urrutikoetxeak inauguratuko du ikasturtea Zertaz ari gara hizkuntza-normalizazioaz ari garenean? izenburupeko hitzaldiarekin. Irailaren 27an izango da eguerdiko 12:00etan EHUn eta 19:00etan Oihanederren. 17/18 ikasturtean 6 hizkuntza aurkeztuko dira: Europako frisiera eta kaxubiera, Amerikako kokamera eta txerokiera eta zeinu hizkuntzak eta esperantoa.
Hitz Adina Mintzoko ikasturte berriko inaugurazioan, irailaren 27an, Urtzi Urrutikoetxea kazetari eta idazleak Europako hainbat hizkuntza-esperientzien begirada konparatiboa egingo du. Saio bikoitza izango da; goizean 12:00etan EHUko Elurreta eraikineko gradu aretoan egingo da eta arratsaldean 19:00etan Oihanederreko Ortuño aretoan.
17/18 ikasturteko 6 hizkuntzak:
Urritik apirilera bitartean Hitz Adina Mintzok sei hizkuntza gutxitu hurbilduko dizkigu. Zehazki, urriaren 18an Durk Gorterrek frisiera hizkuntza aurkeztuko du. Azaroan esperantoaren txanda izango da Aitor Aranaren eskutik. 2018ari dagokionez, urtarrilean zeinu hizkuntzara hurbiltzeko aukera izango dugu Miren Lazkano hizkuntza teknikaria eta Ainitze Laskurain interpretearen bitartez. Otsailean Maialen Sobrino hizkuntza ekintzailea kaxubieraz mintzatuko da. Martxoan Roberto Awa Nari kokama herritar euskaldunberriak tupi-guaranieraren aldaera den kokamera hizkuntza aurkeztuko du. Bukatzeko apirilean ekialdeko txerokieraz arituko da Misha Becker.
Hizkuntza guztiak euskaraz aurkeztuko dira frisiera eta txerokiera izan ezin; gazteleraz izango dira.
Parte hartze ziurtagiria:
Hizkuntzen aurkezpen saio guztietan (12 ordu) parte hartzen duten pertsonek ziurtagiria jasoko dute. Horretarako izena eman behar da hemen.
Hitz Adina Mintzo:
Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Euskaldunok ondo dakigu zer den hizkuntza gutxitu baten hiztunak izatea. Testuinguru honetatik abiatuz zikloak munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarri eta ezagutarazi nahi du.
Hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkeztuko dute. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egingo dira.
2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, Irlandako gaelera, gaskoiera eta Guernsey uharteko guernseyera, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa eta lenkera, Asiako kurduera eta hokkienera eta Afrikako tamazightera hizkuntzak landu dira (ikusi zikloaren bloga).