Oihaneder Euskararen Etxea

» Agenda » Zertaz ari gara hizkuntza-normalizazioaz ari garenean?

Zertaz ari gara hizkuntza-normalizazioaz ari garenean?

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 3. edizioan 6 hizkuntza aurkeztuko dira: Europako frisiera eta kaxubiera, Amerikako kokamera eta txerokiera eta zeinu hizkuntzak eta esperantoa.

Urtzi Urrutikoetxea kazetari eta idazleak inauguratuko du ikasturtea Zertaz ari gara hizkuntza-normalizazioaz ari garenean? izenburupeko hitzaldiarekin. Eguerdiko 12:00etan EHUko Elurreta eraikineko gradu aretoan egingo da eta 19:00etan Oihanederreko Ortuño aretoan. Bertan Urrutikoetxeak Europako hainbat hizkuntza-esperientzien begirada konparatiboa eskainiko du.

Ikasturteko inaugurazioa:

Duela ez asko arte hizkuntza nagusiak ikasi eta erabili beharra eta txikiak baztertzea oso jarrera hedatua izan da. Haietako asko desagertze bidean jarri direnean –eta askorentzat beranduegi, galdu baitira–, hizkuntzak gorde, babestu, sustatu eta defendatzea da orain jarrera berria; askok, ekologiarekin ere lotu du, dibertsitatearen defentsarekin. Neurri baten parekagarri badira ere, batean elementu naturalez ari gara, eta bestean, dagoen elementu artifizialenaz, gizakiak eta berak bakarrik sortutako elementu bati buruz. Eta ondare naturala babesteko neurriak ez dira konparagarri hizkuntza batek bizitzeko behar dituenekin. Hala, geroz eta esperientzia gehiago dugu gainbehera doan hizkuntza bat indartzeko hartu daitezkeen neurriei buruz, geroz eta harreman estuagoa hizkuntza gutxituetako ekintzaile eta erakundeen artean.

Gurean aski zabalduta eta onartuta dagoen hitza da “normalizazioa”, erakunde publikoak ere izen hori du. Badakigu nola sustatu, babestu, indartu hizkuntza bat, alor eta eremu askotan. Galduta zegoen lekuetan berriz bizirik da hizkuntza, bizien zegoen lekuetan berriz, aurrera egin ezinean eta atzerantz ere ikusten dugu. Oraindik ez dakigu, enpirikoki, nola egin hizkuntza nagusi eta hegemoniko baten bazterrean bizi den hizkuntza gutxitu bat normaltzeko. Inork ere ez duelako egin orain arte, edo egin ahal izan dutenak gure kasutik oso desberdinak direlako. Baina merezi du, hizkuntza gutxituei erreparatzen diegun gisan, gutxiagotasun egoera hori atzean utzi duten edo uzten ari diren horiei ere erreparatzeak: hirurak Sobietar Batasuneko kide izan arren, zergatik estoniera hegemonikoa den baina bielorrusiera edo kirgizera ez. Islandiera bai baina faroera ez. Ikuspegi berezi horri helduko dio Urrutikoetxeak urteetan ezagutu dituen esperientzietatik abiatuz.

Urtzi Urrutikoetxea (Bilbo, 1977) egun ETBko albistegietako nazioarteko arloburua da. Europako eta munduko herri askotan lan egin du, beti ere hizkuntzaren perspektibatik: Frisia, Asturias, Aragoi, hizkuntza zeltikoak, baita Balkanetan eta Sobietar Batasun ohian (Kaukaso, Baltikoa). Europatik kanpo Kurdistanen eta Ameriketako hainbat herrirekin ere (lakotak, garifunak, maiak, wayuuak eta abar) egon da. Berlinen eta Istanbulen bizitakoa da.

17/18 ikasturteko 6 hizkuntzak:

17/18 ikasturteko urritik apirilera bitartean Hitz Adina Mintzok sei hizkuntza gutxitu hurbilduko dizkigu.

Zehazki, urriaren 18an Durk Gorterrek frisiera hizkuntza aurkeztuko du. Azaroan esperantoaren txanda izango da Aitor Aranaren eskutik. 2018ari dagokionez, urtarrilean zeinu hizkuntzara hurbiltzeko aukera izango dugu Miren Lazkano hizkuntza teknikaria eta Ainitze Laskurain interpretearen bitartez. Otsailean Maialen Sobrino hizkuntza ekintzailea kaxubieraz mintzatuko da. Martxoan Roberto Awa Nari kokama herritar euskaldunberriak tupi-guaranieraren aldaera den kokamera hizkuntza aurkeztuko du. Bukatzeko apirilean ekialdeko txerokieraz arituko da Misha Becker.

Aurkezpen guztiak euskaraz aurkeztuko dira frisiera eta txerokiera izan ezin; gazteleraz izango dira.

Parte hartze ziurtagiria:

Saio guztietan (12 ordu) parte hartzen duten pertsonek ziurtagiria jasoko dute. Horretarako izena eman behar da hemen edo Hitz Adina Mintzo zikloaren blogean.

Hitz Adina Mintzo:

Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Euskaldunok ondo dakigu zer den hizkuntza gutxitu baten hiztunak izatea. Testuinguru honetatik abiatuz zikloak munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarri eta ezagutarazi nahi du.

Hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkeztuko dute. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egingo dira.

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, Irlandako gaelera, gaskoiera eta Guernsey uharteko guernseyera, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa eta lenkera, Asiako kurduera eta hokkienera eta Afrikako tamazightera hizkuntzak landu dira (ikusi zikloaren bloga).