Ikimilikiliklik · JA Artzeren unibertsoa bideo-instalazioaren osagarri Ttapa ttapa, ttaka ttaka, txalaparta jardunaldiak antolatu dira; UPV/EHUko Mikel Laboa Katedra eta Oihanederren elkarlanaren bitartez. Bertan txalapartaren alde teorikoa zein praktikoa landuko da, hiru egunez: ekainaren 14, 15 eta 17an.
Jardunaldien lehen egunean, ekainaren 14an, Argibel Euba eta Enrike Hurtado ikerlariek Artze anaiek -Joxeanek eta Jesus Marik- txalapartaren berreskuratze eta hedatze lanetan izandako garrantzitik abiatuko dira. Zehazki, Argibel Eubak, Sormena ttakunka: txalaparta Artze Anaien ibilbidean eta euskal kultura garaikidean izeneko hitzaldia egingo du eta bigarrenak, Enrike Hurtadok, Txalaparta digitala: txalaparta eta abangoardiako musikaren arteko ikerketa praktikoa gaiaren inguruan hitz egingo du.
Hilaren 15ean Nömadak TX film-dokumentala emango da eta Oreka TX taldeko partaide den Harkaitz Mrtz. de San Vicentek dokumentalaren nondik-norakoak azalduko ditu.
Larunbatean, ekainak 17, Falerina lorategian burutuko den Txalaparta jaialdiak amaiera emango die jardunaldiei.
Bertan Txalamako eta Hutsun taldeek umeentzako txalaparta tailerra eta Master Class-a eskainiko dute, hurrenez hurren.
Parte hartzeko izena eman behar da honako inprimakia betez, ekainaren 14a baino lehen .
Master Class-az gain, Hutsun taldeak kontzertu didaktikoa eskainiko du lorategiko oholtzan.