Irri-Barra gauak: barre… barra-barra… Falerina lorategian!

2018-08-24 / oihaneder

Abuztuko azken bi egunetan, osteguna 30 eta ostirala 31, umorez beteko da berriz ere Falerina lorategiko eskenatokia. Hirugarren urtez hemen dira Irri-Barra gauak euskarazko umore antzerki saioak, oporren bueltako ilunabarrak gozoago egiteko!

Aurreko bi urteetako harrera ona ikusita aurten berriro ekin diogu antzerki umoretsua antolatzeari. Ikuskizunen hautaketa egiterako orduan, batetik, arlo honetan erreferentea den Donostiako Poltsiko Antzerki jaialdiari erreparatu diogu. Horiek horrela abuztuaren 30ean, osteguna, jaialdi horretako Poltsiko sorkuntza deialdiko irabazlea dakarzuegu: Zaharrak berri (Astolasterrak). Ay! antzerki taldeko Nerea Gorriti eta Barbara Rivas gurera hurbilduko dira antzezlan berezia oholtzara eramateko.

Bestetik, euskal antzerki munduan umorearen erreferente den Ramon Agirre aktorea ere gurekin izango da. Inazio Tolosarekin batera oraindik Gasteizko publikoak ikusteke duen Putinen guardasola lana ekarriko dute,  abuztuaren 31n, ostirala.

Bi ikuskizunak iluntzeko 20:00etan izango dira Falerina lorategiko eskenatokian. Doakoak izango dira eta sarrera librea lekuak bete arte.

  • Zaharrak berri (Astolasterrak)

Lan hau Euskal Herriko antzerki herrikoiaren jatorria ikertzeko eta antzerki mota hau egungo publikoarekiko sentikortasunarekin lotzeko helburuarekin sortu zen. Ay! antzerki taldearen ideia jarrera eta nortasun herrikoia duten antzezpen hauek oraingo espazio eta publikora moldatzea da.

Antzezlanean bi aktoreek jai herrikoi, inauteri eta maskaradetan erabiltzen diren jantzi tradizionalak soinean dituztela, musika eta kantuen bidez antzezpenari hasiera emango diote. 1818. urtean kokatuta gaude, eta astolasterrak debekatu egin dira. Hala ere, emanaldi “klandestinoarekin” aurrera egitea erabakitzen dute. Antzezlana, hiru pieza satirikoz osatuta dago, eta aktoreek pertsonaia ezberdinei bizitza emango diete, musika eta dantzarekin nahastuz. Emanaldi osoan zehar, antzezleek beraien istorio pertsonalei buruz eta garai hartako emakumearen posizioaren aldarrikapenari buruz hitz egingo dute. 

  • Putinen guardasola

Antzezlan honetan Inazio Tolosak eta Ramon Agirrek beren ohiko umorea ekarriko dute Falerina lorategira. Bertan oso kezkatuta dagoen Lehendakaria aurekztuko digute. “Euskaldun guztiok batuko gaituen Himnoa behar dugu” aitortu du. Baina nork egingo du? Bilera luze baten ondoren kontsentsua lortu dute. Ray eta Nik izango dira Euskal Ereserkiaren egileak. Erronka haundia bi artista hauentzat. Talentua eta eskarmentua nahikoa badute ere metodo berri bat asmatu behar izan dute erronka horri aurre egiteko: metodo Mistoa. Orain herriz herri ibiliko dira euskaldun orok ikasi eta bere egin dezan Euskal Ereserki Berria.

Xentimorik gabe eta Kokakola eta Barea zure gustukoak izan baziren, Putinen guardasola ez da gutxiago izango!