BASQUE MISREADINGS. BERRIAn gaizki irakurriak erakusketa aurkeztuko du Oihaneder Euskararen Etxeak. BERRIA egunkarian gaizki irakurritako albisteekin Edu Zelaieta idazleak eta Eneko Ugarte artistak osatutako erakusketa izango da honakoa. Bi gasteiztar hauen erakusketa otsailaren 7an aurkeztuko da Oihanederreko erakusketa aretoan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta partaide berezien laguntza izango dute horretarako: Ane Gebara ipuin kontalaria eta Beñat Goitia sortzailea. Otsailaren 23ra arte egongo da ikusgai erakusketa.
BASQUE MISREADINGS. BERRIAn gaizki irakurriak erakusketa aurkeztuko da Oihanederren datorren otsailaren 7an, erakusketa aretoan. Edu Zelaieta eta Eneko Ugartek BERRIA egunkarian gaizki irakurritako albisteekin osatu dute erakusketa, hitzekin jolastuz eta akats zein gaizki ulertutakoei etekina ateraz. Otsailaren 7an aurkezten denetik, hilabete bereko 23ra arte egongo da irekita.
Basque misreadings: halakoak gertatu dira, halakoak gertatu zaizkie. Eta horien berri eman nahi dute; lehenik, gonbidatu bereziak (Ane Gebara eta Beñat Goitia) izango dituen aurkezpen-ekitaldi diziplinarteko baten bidez; ondoren, Oihanederren ikusgai eta jostagai egongo diren piezen bidez.
Erakusketa hau diziplinarteko proiektua da, literatura-komunikazioa eta arte plastikoak uztartzen baitituzte. Literaturaren edota komunikazioaren ikuspegitik, benetako pasartea eta gaizki irakurria. Alde horretatik, hitzekin jostatzeko asmoa nabaria da, hitzen testuingurua beren beregi kontuan hartu gabe. Beraz, eta hau ere argitzea komeni da, ez dago inolako asmorik esandakoak –irakurritakoak– zuzentzeko, baizik eta horiek begietaratzean gogoak nora eraman gaituen agertzeko.
Arte plastikoen aldetik, prentsa egiteko materialak erabili nahi izan dira: papera eta tinta dira nagusi. Plastikotasunaren aldetik, forma ezberdinak hartuko ditu ulermenaren distortsioak. Hartara, artearekin ere agertuko da ikuspegi kritikoa, erreflexiboa eta umorezkoa.
BERRIAn irakurritako pasarteak abiapuntu, gai ezberdinak, ahots ezagunak eta, batez ere, ez hain ezagunak hautatu dituzte. Alde horretatik, testuinguruak trukatzeak gaizki-ulertuak sortzera eraman ditu bi sortzaile gasteiztarrak, gaizki-ulertu emankorrak literaturaren eta plastikoatasunaren ikuspegitik.
Zer gertatzen da, esate baterako, Siriako Abdullbased-en esana (2016-04-05) “Giza eskubideak errespetatzen diren eremutzat genuen Europa siriarrok, baina oker geunden” euskaldun baten begietan jarriz gero? Izan ere, lerro horiek irakurtzean misreadinga suertatu da eta, nahi gabe, hauxe irakurri dugu: “Giza eskubideak errespetatzen diren eremutzat genuen Europa europarrok, baina oker geunden.
Edu, EHUko irakaslea, idazlea, itzultzailea eta Mugaldekoak taldeko kidea; eta Eneko, berriz, margolaria eta ilustratzailea. Ez da lehenengo aldia elkarlanean aritu direna Edu eta Eneko, Eneko eta Edu. Izan ere, bikote artistiko gisa, hainbat lan aurkeztu dituzte azken urteotan: Eduren Ispilu biluziak liburuan oinarrituta, poesia eta pintura uztartzen zituen perfomancea; Ibaizabalek argitaratutako Amets anfibio haurrentzako liburua, Eduk idatzi eta Eneko ilustratua, edota Eduren Mundutik mundua liburua, Enekok ilustratua, literatura eta marrazketa uztartzen zituen ikuskizun bihurtua.
Erakusketaren ordutegia honakoa izango da:
- Asteartetik ostiralera: 17:00-20:00
- Larunbatetan: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00
- Igandeetan: 11:00-14:00