Soziolinguistika Hiztegi Txikia II: motibazioa Urtzi Arrieta Archilla eta Lander Muñagorri Garmendia

otsaila
25
asteartea
19:00
2020
Betolaza

Oihaneder Euskararen Etxeak  Soziolinguistika hiztegi txikia izeneko ikastaroaren bigarren edizioa eskainiko du otsailetik maiatzera bitartean.

Seigarren urtea dugu UEUrekin batera euskararen egoera soziolinguistikoa aztertzen duten ikastaroak antolatzen dituguna. 2020. urte honetan HIZNET, Hizkuntza Plangintza Graduondoko ikerketa-lanetara jo dugu, eta iazko parte-hartzaileei beren ikerketa-lanak aurkeztea proposatu diegu.

Antolatzaileok uste dugu oso garrantzitsua dela ikertzaile berriei plaza ematea, eta beren lanen zabalkundea egitea; beraz aukeraketa bat egin, gaika antolatu eta “Hizkuntzaren normalizazioa: lau gako eta zortzi azterketa” ikastaroa osatu dugu gai hauetan interesa duten ikasle, irakasle, eta, oro har, komunitate euskatzaleari eskaintzeko.

Otsailetik maiatzera, lau saiotan antolatuta (motibazioa, jarrera, testuingurua eta aktibazioa), gure hizkuntzaren normalizazioan eragiten duten zortzi gakoren inguruan hausnartzeko aukera ezin hobea izango dugu, beraz. Saioak hileko azken astearteetan izango dira 19:00etatik 20:30era bitartean.

Ikastaroari hasiera emateko Urtzi Arrieta Archilla eta Lander Muñagorri Garmendia izango ditugu, motibazioaren bueltako honako lan hauek aurkezten:

  • Urtzi Arrieta Archilla_Euskararekiko motibazioak
  • Lander Muñagorri Garmendia_Zergatik kantatu euskaraz?

Urtzi Arrieta (Sopela 1984) euskara irakaslea da. Bere lana horrela laburbildu digu: ” Lanaren egileak helduen irakaskuntzan igaro duen hamarkadan hainbat aldaketa antzeman ditu; esaterako, euskara ikasle helduen helburuek eta motibazioek izan duten bilakaera. Hori egiaztatzeko, Gipuzkoako zenbait euskaltegitan irakasleen zein ikasleen iritziak jaso ditu. Egileak bere buruari galdetzen dio loturarik ba ote dagoen honako bi kontzeptu hauen artean: euskaldun berrien erabilera eskasa eta euskara ikasle helduen motibazioak”.

Lander Muñagorri (Ordizia 1986), kazetaria da, eta bere lanean honetaz aritu da: ” 2010eko hamarkadako musikariek euskaraz kantatzeko zein arrazoi ematen dituzten aztertzea izango da ikerketa honen helburua. Horretarako, teoria soziolinguistikoan hizkuntza bat ikasi edo erabiltzerako garaian eragiten duten jarrerak eta motibazioak ezagutu beharko dira, eta belaunaldi horretako musikariekin hitz egin ondoren, teoria hori euren kasuan aplikatu. Horrekin batera, azken 50 urteetan euskaraz egindako musikagintzak izan duen bilakaera ere analizatuko da, gaur egungo abeslariek egiten duten hizkuntza hautua testuinguruan jartzeko. Elkarrizketatuko diren musikariak belaunaldi berrikoak izango dira, eta euskal publikoan arrakasta dutenak: Izaro Andres (Izaro), Josune Arakistain (Huntza) eta Iñigo Etxezarreta (En Tol Sarmiento)”. 

Gaian interesa daukan edozeini zuzendutako hitzaldiak dira, eta dagoeneko irekita dago izena emateko epea: