Serious Business Belar Sounds 2021

abuztua
28
larunbata
19:00
2021
Falerina

Belar Sounds musika programaren hirugarren edizioa kalitatezko musika gerturatzeko asmotan dator beste behin Falerina lorategira. 2020. urteko etenaldia eta gero, gune historikoa aisialdirako eta elkar bizikidetzarako espazioan bihurtuko da udako asteburuetan, musika estilo ezberdinetako kontzertuak eskainiko baitira aire librean.

Ekainaren 26an hasi eta irailaren 11ra luzatuko den musika programa honek, lehenengo aldiz Oihaneder Euskararen Etxea eta Montehermoso Kulturunea jarri ditu elkarlanean. Guztira sei kontzertuz osatutako egitaraua antolatu dute: Voodoo Charms, The Binilo’s, Resaca Jackson, Serious Business, Belceblues eta Neona taldeak izango dira Falerinako oholtza gainera igoko direnak. Talde guztiak Hego Euskal Herrikoak dira, horietako bat, gasteiztarra. Emanaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.

Serious Business 2015 urtean sortutako musika taldea da. Aitor Badiola (gitarra elektrikoa, ahotsa), Maria Armendariz (baxu elektrikoa, koruak), Antxon Sarasua (pianoa, teklatuak, koruak) eta Ander Zulaika (bateria, koruak) musikariek osatzen dute; guztiek esperientzia handia dute musika munduan (Alex Ubago, Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador, Arima Beltza…). Taldeak blues eta rock estiloak ditu bere musikaren oinarri, baina beste estilo batzuk ere jorratzen ditu, hala nola funk, R&B, pop eta jazz estiloak.

2015ean bere lehen lana (“Really Serious”) kaleratu zuten eta, besteak beste,  Hondarribia Blues Festivalean aurkeztu ostean, laukoteak bigarren albuma kaleratu zuen 2019ko urrian, ’The Last Port Sessions’ izenpean. Disko honen bigarren edizioa Gaztelupeko Hotsak disketxeak kaleratu zuen 2020ko udan.

GONBIDAPENAK

  • 2 modu daude gonbidapenak eskuratzeko:
    • Entradium plataformaren bitartez.
    • Telefonoz /945 161830/ 10:00etatik 20:00etara astelehenetik – ostiralera (jaiegunetan izan ezik).
  • Telefonoaren bidez jasotzen diren datu personalak Entradium plataforman ere sartuko dira.
  • Gonbidapena paperean inprimatuta edo edozein gailu mugikorretan eraman daiteke.
  • Voodoo Charms, The Binilo’s eta Resaca Jackson taldeen kontzertuetarako gonbidapenak ekainaren 3tik aurrera jarriko dira eskuragarri, goizeko 10:00etan.
  • Serious Business, Belceblues eta Neona taldeen kontzertuetarako gonbidapenak abuztuaren 3tik aurrera jarriko dira eskuragarri, goizeko 10:00etan.
  • Lagun bakoitzak, gehienez, 4 gonbidapen eskuratu ditzake.
  • 12 urtetik beherako haurrak eta gaztetxoak heldu batek lagunduta egon behar dira. Aulki bat bete ez arren, gonbidapena eskuratzea ezinbestekoa da.
  • Edukiera mugatua da.

OHARRAK

  • Jarduera hau maiatzaren 7ko 23/2021 dekretuak eskatzen dituen segurtasun baldintzak (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…) bermatzeko neurriekin gauzatuko da, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dira jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.
  • Jarduera hau doakoa da, baina edukiera mugatua denez, gonbidapenak aurrez eskuratu beharko dira.
  • Ateak 30 minutu lehenago irekiko dira.
  • Jarduera hasi eta 10 minutura gonbidapenek  balioa galduko dute.
  • Ekitaldian ezin da jan, ez edan.

ANTOLATZAILEAK