Maite Larburu "Hezurren azpian" diskaren aurkezpena

maiatza
30
osteguna
19:30
2019
Falerina Taberna

Maite Larburu musikari bidaiaria da. Bibolin jole klasiko nomada, ogibidez. Euskal Herrian Neighbor taldearen kantugile eta gidaria izateagatik egin zen ezagun. Baina oraingoan proiektu propio eta berria dakar. Billie Holiday kantariak ezagun egin zuen arrazakeriaren kontrako Strange Fruit ereserkia abiapuntu hartuta, bakarkako lan berria sortu du. 

Ahotsa, bibolina, gitarra klasikoa zein elektrikoa, ukelelea, sruti boxa…ditu musikaren osagai. Horrez gain, Carlos Taroncher-en klarinete baxua eta Aida Torresen eta Beñat Iturriozen perkusioa (gaileta kaxak, piña-potoak, goilarak…) ditu lagun.

“Sasi guztien gainetik eta hezur guztien azpitik, kezkak eta minak modu jostalarian aurkezten dizkigu Maite Larburuk, organiko eta biluz, ludiko bezain poetiko, egia hauskortasunaren eremuetan dagoen jakitun. Zaratari muzin, xuxurlari oles. Lantuari uko, umoreari toles. Nor da Maite Larburu? Sendabelar bat kantu egina. Kantu-kontalari eta ipuin-kantalari bat. Biolinaren birtuoso bat, birtuoso izatea gehiegi axola ez zaiona. Bere lema: “Esan ezti edo esan gordin, baina esan dotore”. Surrealismo printzak eta zirrararen giltzak. Ereserkirik ironikoenak topatuko dituzu hemen eta berdin antiereserkirik serioenak. Baldosa bakarraren gainean dantzatzeko gai samurrak eta gauza minimoen zelebrantza sakonak. Eta, batez ere, topatzen hain zaila den hori: nortasun bereizia eta ahots besterenezina. Ibaiak bezain luze doazen melodia horiek labur egiten zaizkigu, ez genuke nahi itsasoratu sekula. Abesti hipnotikoek leun-leun garamatzate herrestan, modurik naturalenean egiten dute aurrera. Doinu nabigagarriak izateak ez ditu, hala ere, aurreikusgarri bihurtzen; inoiz ez dakizu ibaiaren kurba eta meandroek noraino gidatuko zaituzten, zein izango den hurrengo desbideraketa hitzetan edo melodian, zein ertzetan bukatuko ote den bidaia. Hezurren azpian zer dagoen jakin nahi? Ez duzu bisturirik beharko: disko hau jartzea nahikoa”.
Harkaitz Cano