Ilunabarrean dantzan Balfolkaren eta euskal dantzen plaza

urtarrila
15
ostirala
20:00
2016

ilunabarradantzan_webEuropako eta Euskal Herriko dantzak eta musika zuzenean eskaintzen dizkigu Ilunabarrean dantzan, Balfolk-aren eta euskal dantzen plaza izeneko zikloak. Jauziak, scottish, fandangoa, mazurca, arin-arina, bourrée… Balfolk eta euskal musika eta dantzak ikasi, praktikatu eta gozatzeko aukera ezinhobea hilean behin, ostiral arratsaldetan.

Saio bakoitza bi zatitan banatzen da. Hasieran Balfolk ikastaroa egiten da eta Europako dantza bat irakatsi. Ostean dantzaldia egiten da ikasitakoa praktikan jartzeko eta euskal dantzak ere dantzatzeko.

Gaurkoan  Bourrée 3 temps (Auvergne – Frantzia) dantza irakatsiko da. Bourrée-a, Frantziako erdialdeko mendigunean XVI. mendea baino lehenago garatutako dantza herrikoia da, XVII. mendean gorteetako dantza bilakatu zena. Mota askotako bourrée-ak daude, Frantziako eskualde desberdinetan ezberdin dantzatzen baita. Mota horietako bat bourrée 3 temps da, batez ere Haute-Auvergne, Haut-Berry eta Limousin eskualdeetan dantzatzen dena. Erritmo tertziarioa dauka, eta bikoteka dantzatzen da, kontakturik egon gabe bikotearen artean. Inprobisaziorako aukera handia ematen du.

Ikastaroaren osteko dantzaldian ikasitakoa praktikan jarriko da eta euskal dantzak dantzatuko dira.

…jalgi hadi dantzara!

Zer da balfolk-a? Europako lurralde ezberdinetako folk dantza tradizionalak eta zuzeneko musika uztartzen dituen saioa. Balfolk mugimendua Frantzian hasi zen 70. hamarkadan, baina gaur egun, Frantziaz gain, Belgika, Suitza, Italia, Alemania, edo Holanda bezalako lurraldeetan ere oso zabalduta dago. Belgikan esaterako, astebururo dago balfolk-a dantzatzeko aukera.

ilunabarrean dantzanBalfolk-ean dantzarekin gozatu eta ondo pasatzeak aurre hartzen dio dantzaren funts historikoari, jatorrizko pausuak xehetasun guztiekin dantzatzea ez da hain garrantzitsua, era honetan inprobisazioari lekua handiagoa eginez. Era berean, musikariek, kantu tradizionalak jotzeaz gain, euren konposizio propioak edo melodia modernoagoak jotzeko aukera daukate.

Balfolk batean, musikari talde batek zuzeneko musika jotzen duen bitartean, publikoa pistan dago dantzan. Taldekako dantzak bikotekako dantzekin tartekatzen dira. Dantza hauek nahiko oinarri erraza daukate, jendearen parte hartzea erraztuz, edozein delarik dantzariaren maila. Balfolk-aren aurretik, normalean dantza ikastaro bat egoten da hasiberri edo erdi mailako dantzariei zuzendua.