Ilunabarrean Dantzan zikloaren urteko laugarren eta azken saioan Elgetako Patxi Montero etorriko zaigu bisitan, dantza-saioa zuzentzeko.
Nika Bitchiashvilik (bibolina) eta Ricardo Urrutiak (gitarra) osatuko dute Ander Zabaleta trikitilariak gidatutako musikari taldea.
Edukiera mugatua da, beraz, parte hartzeko gonbidapena behar da. Martxoaren 29an 15:00etan jarriko dira eskura Oihanederren harreran.
* Oharra: Dantza-saioak dira, hau da, dantza egiteko, ez ikustera etortzeko.
Patxi Montero (Irun, 1966) tradiziozko dantza-irakaslea da, plazako dantza tradizionalean espezializatua. Hori du lanbide. Herrixa Dantzan, Plazara Dantzara (Eibar), Alboka taldea… eta bestelako taldeetako dantza-gidaria da. Hain zuzen ere, Herrixa Dantzan dantzaldien sortzailea eta sustatzailea da, 2010etik hileko azken igandeetan Elgetako Espaloia kafe-antzokian egiten dena, urritik maiatzera. Erreferentziazko dantzaldia da inguruko dantza-zaleentzat (Debagoiena, Debabarrena, Durangaldea…).
Ilunabarrean Dantzan-en folk dantzaldi baterako euskal eredu bat proposatzen saiatuko da. Hau da, Euskal Herriko tradiziotik, gure dantza-ohituratik eraiki dezakegun folk dantzaldi ‘berritzaile’ eta anitza proposatzen.
Zer da balfolka? Europako herri ezberdinetako tradizioan oinarritutako dantza eta musikaren arteko topaketa bat da. Adin guztietako jendeari zuzendutako dantza eta zuzeneko musika saioak dira, taldeka zein bikoteka dantzatzen ikastea eta ondo pasatzea helburu dutena. Oinarrizko pausuak oso erraz ikas daitezke eta orduan interakzio eta ñabardura amaigabeen mundu batean murgiltzen da dantzaria. Balfolkean zuzeneko musikak garrantzia handia du, erro tradizionalekoa zein garaikideagoa, baina musikarien eskuetan baino, publikoaren oinetan dago benetako magia.
Sekretua: ez dago hitzez azaltzerik, norberak bizi behar du.