Jare Dantza Taldea

urtarrila
14
igandea
19:00
2018

Ilunabarrean dantzan zikloa bueltan da hirugarren urtez. Oraingoan hiriko hainbat dantza talde eta eskolekin elkarlanean antolatu da: Jare, Adurtza eta Algara Dantza Taldeak, Indarra Kultur Elkartea eta Udalaren Folklore Akademia.  Lehen dantza saioa urtarrilaren 14an izango da eta Jare dantza taldeak gidatuko du. 2011n dantzari gazteek sortutako dantza taldea da Jare. Hasieran, lagun arteko dantza talde txikia zen, baina urteak aurrera joan ahala, taldea handituz joan eta gaur egun gazteen taldeaz gain, nagusien eta txikien taldeak ere dituzte. Dantzariez gain, Jarek musikari talde bat ere badu, txistulari, gaita-jole eta beste hainbat instrumentuz (flauta, biolin, trikitixa, panderoa…) osatua. Guztiak elkarrekin hainbat ekitaldi antolatzen dituzte urtean zehar, Euskal Herriko folklorea kalera atera eta musikaz eta dantzaz gozatzeko helburuz. Dantzaldiak orain arte bezala ostiraletan beharrean, igandeetan izango dira, iluntzeko 19:00etan. Sarrera librea izango da tokia bete arte. Urtarriletik apirilera bost saio egingo dira, hilero bat; martxoan bi. Bertan dantza talde bakoitzak bere proposamena eskainiko du, saio bakoitzari ukitu propioa emanez. Dantzen urratsak irakasteaz gain, bakoitzaren jatorriari, testuinguruari, jantziei… erreparatuko zaio eta hainbat kanten hitzak ikasteko parada ere egongo da. Sarrera librea izango da lekua bete arte. Juan Mari Beltranen hitzaldi batek borobilduko du aurtengo eskaintza. Otsailaren 1ean Beltranek bere azken liburua aurkeztuko du: Soinu-tresnak Euskal Herri musikan (1985-2010).