ADI! Antolakuntzari ez dagozkion arrazoiak direla eta, saioa ohi baino ordubete beranduago hasiko da, 21:00etatik 22:30era izango da.
Ilunabarrean Dantzan urtarriletik apirilera bitartean Oihanederren egiten den balfolk-folk dantzaldia da, saio bat hilean, ostiral iluntzetan.
Saio bakoitzean 12-15 dantza lantzen dira. Horien artean, balfolk jaialdietan ohikoenak diren dantzak egiten dira; scottish, mazurka, bourré, chapeloise, circle circassien, bals eta polka. Horiez gain, Euskal Herrian hain errotutako fandangoa eta arin-arina ez dira falta. Saio bakoitzean hainbat herritako dantza irakasle desberdinek dantza proposamen zehatzak ekartzen dituzte dantzaldietara.
Gaurkoa ikasturteko azkenen saioa izango da eta Elgetako Patxi Monterok gidatuko du.
Ander Zabaleta trikitilariaren gidaritzapean, Nika Bitchiashvilik (biolina), Anton Mimentzak (gitarra), Xabi Gonzalezek (whistle-a) eta Garazi de Olanok (panderoa) izango dute zuzeneko musikaren ardura.
Zer da balfolka? Europako herri ezberdinetako tradizioan oinarritutako dantza eta musikaren arteko topaketa bat da. Adin guztietako jendeari zuzendutako dantza eta zuzeneko musika saioak dira, taldeka zein bikoteka dantzatzen ikastea eta ondo pasatzea helburu dutena. Oinarrizko pausuak oso erraz ikas daitezke eta orduan interakzio eta ñabardura amaigabeen mundu batean murgiltzen da dantzaria. Balfolkean zuzeneko musikak garrantzia handia du, erro tradizionalekoa zein garaikideagoa, baina musikarien eskuetan baino, publikoaren oinetan dago benetako magia.
Sekretua: ez dago hitzez azaltzerik, norberak bizi behar du.