Ikimilikiliklik

maiatza
26
ostirala
20:00
2017
uztaila
02
igandea
14:00
2017

Ikimilikiliklik · JA Artzeren unibertsoa bideo-instalazioa ikusgai egongo da maiatzaren 26tik uztailaren 2ra, Oihaneder Euskararen Etxeko ur biltegian. Arabako Foru Aldundiak antolatuta, erakusketa Oihaneder Euskararen Etxea, Gasteizko Udala eta UPV/EHUko Mikel Laboa katedrarekin elkarlanean antolatu da.

Inaugurazioa maiatzaren 26an izan zen. Bertan Juan Kruz Igerabide idazle eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrako kideak erakusketa bere testuinguru historiko-artistikoan kokatu zuen.

Ikimilikiliklik · JA Artzeren unibertsoa ikus-entzunezko sorkuntza bat da; azken hamarkadetako euskal sortzaile original eta garrantzitsuenetako bat ezagutzeko helburuz sortutako erakusketa. Ikusleek irudi, musika eta soinu mundu batean murgilduta, haren obra ezagutzeko aukera izango dute.

Joxe Antonio Artze Agirre -Joxan Artze- (Usurbil, 1939) idazle eta musikariak 40 urte baino gehiagotan garatutako lan poetikoan zehar egindako bidaia da Ikimilikiliklik bideo-instalazioa. Oso ezaguna da herritarren artean Mikel Laboaren abesti ikonikoen letren egilea izateagatik, esaterako, Txoria txori, Gure Bazterrak edo Zaude lasai; baita bere anaia Jexuxekin txalapartari gisa aritzeagatik ere. Baina Artzek obra sakona eta gutxi ezagutzen dena ezkutatzen du, artearen hainbat esparrutan garatu duena: poema-liburuak, audio-grabazioak eta ikuskizun eszenikoak. Horien isla izan nahi du bideo-instalazio honek.

Gasteizera etorri aurretik, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, San Telmo Museoak eta MorganCrea sormen-agentziak ekoiztutako lan hau hainbat txokotan egon da bizigai: Donostia, Hendaia, Usurbil, Washington, Arantzazu, Bergara eta Andoainen gozatu ahal izan dute erakusketaz eta denetan izan da arrakastatsu.

  • Ordutegia:
    • Asteartetik larunbatera:  11:00-14:00 / 18:00-21:00
    • Igandeetan: 11:00-14:00
  • Egitarau osagarria: Ttapa ttapa, ttaka ttaka, txalaparta jardunaldiak

Ikimilikiliklik erakusketaren osagarri, Ttapa ttapa, ttaka ttaka, txalaparta jardunaldiak antolatu dira UPV/EHUko Mikel Laboa Katedra eta Oihanederren elkarlanaren bitartez. Bertan txalapartaren alde teorikoa zein praktikoa landuko da, hiru egunez: ekainaren 14, 15 eta 17an.

Jardunaldien lehen egunean, ekainaren 14an, Argibel Euba eta Enrike Hurtado ikerlariek Artze anaiek -Joxeanek eta Jesus Marik- txalapartaren berreskuratze eta hedatze lanetan izandako garrantzitik abiatuko dira.  Zehazki, Argibel Eubak, Sormena ttakunka: txalaparta Artze Anaien ibilbidean eta euskal kultura garaikidean izeneko hitzaldia egingo du. Bigarrenak, Enrike Hurtadok, Txalaparta digitala: txalaparta eta abangoardiako musikaren arteko ikerketa praktikoa gaiaren inguruan hitz egingo du.

Hilaren 15ean Nömadak TX film-dokumentala emango da. Horrekin batera, Oreka TX taldeko partaide den Harkaitz Mrtz. de San Vicentek dokumentalaren nondik-norakoak azalduko ditu.

Larunbatean, ekainak 17, Falerina lorategian burutuko den Txalaparta jaialdiak emango dio amaiera jardunaldiei.