Gazte Sortegiak sormen eskola Izen-ematea zabalik

iraila
10
Astelehena
11:30
2018
iraila
24
Astelehena
23:55
2018

18-19 ikasturtean, urritik apirilera bitartean, Gazte sortegiak” sormen eskola egingo da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero, arratsaldeko 17:00-18:30 artean, zehazki. Eskola borobiltzeko, amaieran sormen asteburua egingo da Arabako herri batean.

Oihane Pereak, Jon Basagurenek, Unai Lopez de Armentiak eta Maider Oleagak bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoen laborategiak landuko dituzte bertan, hurrenez hurren.

Izena emateko epea irailaren 10etik 24ra bitartean egongo da zabalik. Eskolak 100 €ko prezioa du.

2018ko apirilean Kanpezun egindako sormen egonaldiari jarraipena emango dio eskolak. 14-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta,  “Gazte sortegiak” sormen laborategiak lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea du helburu.  Gazte Sortegiak sormen laborategia Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako ekimena da, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Topaguneak sustatuta eta Gasteizko Udalak, Arabagara elkarteak eta Vital Fundazioak eta Laboral Kutxak babestuta.

Bertsolaritza, musika, antzerki-dantza eta ikus-entzunezkoen laborategiak:

Ikasturtean zehar  4 sormen laborategi landuko dira. Urriaren 1etik azaroaren 5eraOihane Pereak, Arabako  Bertsozale Elkarteko eragilea eta Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna, Bertsoa jolas izeneko sortegia gidatuko du. Bertan jolasen bitartez errima, doinuak, inprobisazioa eta hitza landuko dira, bertso-sorta desberdinak sortuz.

Jon Basaguren musikari eta esatariak musika lantegia zuzenduko du Musikaz egin izenpean, azaroaren 12tik abenduaren 17ra bitartean. Bakoitzaren gustu musikaletatik abiatuta musikaren egungo errealitatean sakondu eta abesti berriak sortuko dira sorkuntza prozesu osoa biziz: melodia, instrumentuak, hitza eta grabazioa.

Unai Lopez de Armentiak, antzerkilaria eta Baratza aretoko arduraduna, antzerkia eta dantza uztartuko ditu Antzerki–dantza laborategian. 2019ko urtarrilaren 7tik  otsailaren 11ra gorputz adierazpenaren bitartez dinamika desberdinak proposatuko ditu; talde entzumena eta inprobisazioa lantzeko, akatsen aurrean jarrera asertiboa izateko…

Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai Zer daki begiak soinuez? galderaren testuinguruan, otsailaren 18tik apirilaren 1era. Zinemaren marko teorikotik abiatuta eskolako bizipenak irudien eta soinuen bitartez adieraziko dituzte, zinemaren aukera eta mugetan arreta jarriz.

Izen-ematea:

Eskolak, amaierako asteburua barne, 100 €ko prezioa du. 

Izena emateko epea irailaren 10etik 24ra izango da.

Interesdunek inprimaki hau betez edo sortegiak@oihaneder.eus emailaren bitartez eman beharko dute izena, izen-abizenak,  NAN-a, jaiotze data, ikastetxea, herria eta auzoa eta kontakturako telefonoa eta emaila zehaztuz. Plazak mugatuak dira, beraz izen-emate hurrenkera errespetatuko da.