Emak bakia baita Oskar Alegria

ekaina
11
asteartea
19:00
2019
Ortuño

Ekainari ereiaro ere deitzen omen zaio.

Oihanederren hilabete honetako egitarauari bestelako izaera eman nahi izan diogunez, izena ere aldatu diogu: Ereiaroa, ereiteko aroa, lurra prestatu ondoren hazia bertan barreiatu edo sartzeko garaia. Izan ere, haziak bezala barreiatu nahi ditugu ekain-ereiaro honetan euskal sortzaileen lanak Gasteizen.

Ereiaroaren hirugarren ekitaldian, Oskar Alegriaren ‘Emak bakia baita’ (2012) filma proiektatuko da eta zuzendariak berak egingo ditu bai aurkezpena eta bai bukaerako solasaldia.

Man Rayren film batek, Emak Bakia izenekoak (‘Utzi bakean’ esateko beste modu bat), bilaketa baten istorioa eragiten du. Miarritzetik gertu, 1926ean filmatutako etxeak izen berezi hori zuen, eta Oskar Alegriak erabaki zuen oinez abiatzea etxe haren bila.

Man Rayk etxandi horren hiru plano besterik ez zituen ezagutarazi: sarrerako atearen irudia, leiho bateko bi zutabe eta kostalde hurbilaren zati bat. Irudi zahar horien bidezko bilaketa ez zen erraza izan. Izena ez da artxiboetan agertzen eta egun inork ez du etxea gogoan. Horregatik, laguntzeko eskatu zien bestelako berriemaileei, zoriari eta haizeari kasu.

Fitxa teknikoa:
Emak Bakia baita (2012)
Luzapena: 83 minutu.
Gidoia, kamara, muntaketa eta ekoizpena: Oskar Alegria.
Sonuaren disenua: Abel Hernández.
Musika: Mursego, Leinua dantza taldea, Emak Bakia, El Hijo, Abel Hernández, Richard Griffith, Ruper Ordorika.